Gehiegizko zigorra

Anaitasuna CD 1
Oiartzun 2

Oiartzun bi aldiz iritsi zen Xubanen atera, baina bi gol lortuta, Anaitasuna markagailuan atzetik eta lotuta jokatzera behartu zuen

Baloia oinetan zutela hasi zuten gorrixek neurketa, aurkariaren zelaian baloi asko lapurtu eta berreskuratu zituten, baina oiartzuarrek lortutako golak asko jaitsi zuen neurketaren erritmoa. Kanpoko taldea bere zelaian jarri eta aukerak egitea asko kostatu zitzaien gure mutilei. Atsedenaldira iritsi aurretik berdinketa lortu zuten gureek, eta aurretik jartzeko abagune garbi bat ere izan zuten. Bigarren zatian, berriz ere bisitariak izan ziren gola egitea lortu zutenak. Gure mutilek hiru-lau aukera garbi izan zituzten zerbait lortzeko, baina ez zuten besteetako eguna izan mutilek.

33716984983 bca118dc95 k

Ondo sartu zen Anaitasuna Oiartzunen aurkako neurketara. Presio lan ona egin zuten aurkariaren zelaian, eta sentsazioak oso onak ari ziren izaten. 13. minutuan, ordea, jokaldi ona egin zuten oiartzuarrek eskuin hegaletik, eta area barruan egindako jaurtiketa batean, aurrea hartzeko gola lortu zuten.

Golaren ondoren erritmoa galdu zuen partidak. Oiartzun bere zelaian sartu zen, eta gureek esfortzu handia egin behar izan zuten aurkariaren area zapaltzeko. Atsedenaldira iritsi aurretik, 43. minutuan egin zuten gorrixek banakoaren gola. Mikel Aramendik eskuin hegaletik bigarren zutoinaren parera erdiratu zuen falta, eta Unai kapitainak buruz errematatu zuen. Ander Arabaolazak argi jarraitu zuen jokaldia, eta Unairen errematean bisitarien atezainak utzitako aldaratzea aprobetxatu zuen banakoaren gola egiteko.

Golarekin biziberritu egin ziren Quindosen mutilak, eta atsedenaldira iritsi aurretik markagailua iraultzear izan ziren mutilak. Ezker hegaletik Aramendik berriz ere area barrura erdiratu zuen baloia, Anderrek baloia area ertzean lapurtu ondoren. Bigarren zutoinera erdiratu zuen Aramendik baloia, eta Iñigo Arzalluzek baloia boleaz errematatu zuen arren, bisitarien atezainak neurketako gelditua egin zuen. Banako emaitzarekin hartu zuten bi taldeetako jokalariek aldageletarako bidea.

Bigarren zatian arinago, behar gutxiagorekin zelairatu ziren gure mutilak, eta berdegunean aske ikusi ziren jokalariak. Lehen minututik zapaldu zuten Oiartzunek defendatzen zuen area, eta 49. minutuan, Mikel Arzalluz bat eta bikoa egitear izan zen. Txerloian batutako zaleek gola ikusi zuten harmailetatik, baina aurrelariak baloia gutxigatik kanpora bidali zuen atezaina eta bere arteko lehian.

Ondoen ari zirenean, baina, bisitariek emandako bigarren kolpea jaso zuten gorrixek. Eskuin hegaletik jokoaren noranzkoa aldatu zuten bisitariek, eta ezker hegaletik baloia area barrura erdiratu ondoren, Xuban gainditu zuen oiartzuar jokalari batek egindako jaurtiketak. Txerloia isildu zuen gola egin zuten oiartzuarrek.

Bigarren kolpe horretatik gora egiten asmatu zuten mutilek, eta zazpi minutuan berdinketa lortzeko bi abagune garbi izan zituzten Iñigo eta Mikel Arzalluzek. Iñigok area barruko jokaldi korapilatsu baten aldaratzean izan zuen aukera, baina bere jaurtiketa langa gainetik kanpora joan zen. Mikel Arzalluzek, berriz, 49. minutuan izan zuen aukeraren antzeko abagunea izan zuen. Bigarren horretan ere zutoinaren ondotik kanpora joan zitzaion baloia.

Azken bi aukera horiek izan ziren gureek Oiartzunen aurka izan zituzten azken aukera garbiak. Hortik aurrera, nahia eta ezina izan zen gureen partetik neurketa. Gureak amaieran burumakur ziren, baina harmailetatik taldearekin bat eginda dauden zaleen txalo eta animo oihuek, arindu egin zuten gure mutilen tristura. Gogotik saiatu ziren gorrixek, baina baloiak sartu nahi izaten ez duen egun horietako bat izan zen zapatukoa. Orain hiru jardunaldi gelditzen dira. Puntu bateko errentarekin, lehen postuan jarraitzen dute Igor Quindosenek. Datorren igandean, 16:30ean, Debako Errotazar zelaian arituko dira.