Ametsa egia izatetik gertuago
| Touring | 1 |
| Anaitasuna CD | 4 |
Lehen zatiko azken zortzi minutuetan hiru gol egin zituzten gorrixek. Neurketa garrantzitsu bat aurrera ateratzea lortu zuen Anaitasunak Fanderia zelaian
Neurketako bost golak lehen 45 minutuetan izan ziren. Ondo hasi zuen neurketa Anaitasunak, bigarren minutua betetzerako aurrea hartu baitzuen markagailuan. Ondoren, orduerdia pasa eta bost minutura epaileak Touringen aldeko penaltia adierazi zuen, eta banakoa lortu zuten etxekoek. Ondoren, baina, urre koloreko minutuak iritsi ziren Anaitasunarentzat. Zortzi minututan hiru gol lortuta, bat eta laukoarekin hartu zuten atsedenaldian aldageletarako bidea.
Sekulako garrantzia hartu zuen Errenteriako Fanderia futbol zelaiko neurketak amaieran. Hernani bigarren sailkatuak galdu egin zuen Ordizian, eta hiru puntuek lidertza sendotzeko aukera eman diote Anaitasunari. Bikain hasi zuten neurketa gorrixek. Ezker hegalean hasitako jokaldia beste alderaino eraman zuen taldeak, eta IƱigo Arzalluzek barrura egin ondoren, ezkerrez sekulako gola lortu zuen. Bigarren minutua bete gabe zegoen artean.
Lehen orduerdia ona egin zuen Anaitasunak, baina pixkanaka behera egin zuen taldearen erritmoak, eta Touring berdinketa lortzen ahalegindu zen. 35. minutuan lortu zuen penalti bidez, aurrez Unai Aranbarrik jokalari bat eraitsi baitzuen area barruan. Xubanek atearen eskuin aldera egin zuen jauzi, baina penaltia beste aldera jaurti zuten etxekoek.
Etxekoen golari, baina, ezinhobeto erantzun zioten gorrixek. Hurrengo minutuan, Ander Arabolazak bat eta bikoa egin zuen. Etxekoek egindako falta adierazi zuen zelai erdian epaileak, eta gure mutilek azkar jarri zuten baloia jokoan. Josu Godoyk azkar ikusi zuen Ander Arabaolazak atzelarien bizkarrera egindako mugimendua, eta pase dotore batekin atezainaren aurrean utzi zuen Ander. Atezainaren aurrean baloia loratu zuen aurrelariak, eta bat eta bikoaren gola lortu zuen.
Minutu onak egin zituen taldeak, eta aurkariaren aterako bidea erraz aurkitzen zuten Igor Quindosen mutilek. 44. minutuan, Mikel Aramendik bikaintasun osoz erdiratutako kornerra Unai Aranbarri kapitainak buruz errematatu zuen, eta atezainaren oinen artetik, baloiak ate barruan amaitu zuen. Bat eta hirukoarekin errenta ona lortu zuen Anaitasunak bigarren zatira begira.
Etxekoek golaren ostean baloia jokoan jarri eta hamabost segundora, laugarrena egin zuten gureek. Luze jokatzen hasi ziren errenteriarrak, baina Aramendik baloia moztu, Ander Arabaolazarekin jokatu, eta honek atezaina aurreratuta zegoela ikusita, urrunetik jaurtiketa ona egin zuen. Laugarren golarekin, Anderrek neurketa bideratzeaz gain, erabakita ere utzi zuen.
Bigarren zatian ezer gutxi ikusi zen Fanderian. Alde bakoitzean aukera on bana izan zen. Neurketa astuna izan zen bigarren 45 minutuetan. Anaitasuna ez zen gehiegi arriskatu aurkariaren zelaian, eta Touringek ere ez zuen zirrikiturik aurkitu Anaitasunari min egiteko.
Garaipenarekin sekulako urratsa eman dute gureek. Denboraldia amaitzeko lau neurketaren faltan, Hernani baino lau puntu gehiagorekin dago Anaitasuna. Datorren asteburuan Oiartzun jasoko dute mutilek Txerloian. Neurketa larunbatean 17:00etan izango da. Astez-aste hirunaka batzen jarraitu besterik ez dute gureek. Klubetik jarraitzaileei deialdi berezia egin nahi diegu, eta Txerloiako harmailak gorriz betetzeko eskatu nahi diegu. Maiatzak erabakiko du dena.