Oporren bueltan jarraitu behar
| Anaitasuna CD | 0 |
| Aretxabaleta | 0 |
Neurketa alde batera zein bestera erortzeko aukerak izan ziren arren, hutsean amaitu zen Txerloian Aretxabaletaren aurka jokatutako neurketa
Lehen zatia bisitariena izan zen, eta lehen 45 minutuetan izan zituzten aretxabaletarrek gol aukera garbienak. Gureek ere izan zuten abagune garbi bat atezainaren aurrean gelditu ziren jokaldi batean. Bigarren zatia irekiagoa izan zen, baina aukera gutxiago ikusi ziren berdegunean. Ander Arabaolaza aurrelariak gertu izan zuen luzapenean garaipenaren gola.
Lider jarraitzeko beste puntu bat batu dute gureek UDAren aurka. (Argazkia: Maialen Arzalluz)
Ez zuten erritmo altuko neurketa jokatu Anaitasunak eta UDAk. Beroak gogotik jo zuen Txerloiako berdegunean, eta jokalariek aurkariei aurka egiteaz gain, beroari ere aurre egin behar izan zioten. Hala eta guztiz ere, bi taldeek izan zituzten neurketan bere momentu onak.
Aretxabaleta lehen zatian agertu zen bereziki. Atsedenaldira iritsi aurreko 15-20 minutuak izan ziren gorrixei min gehien egin zieten tartea. Xubanen aurrean izan zuten aukera bat, zutoina jo zuten beste jaurtiketa bat, eta hegaleko falta batean gola lortu, baina marrazainak jokoz kanpokoa adierazi zuen jokaldia izan ziren bisitarien aukera aipagarrienak.
Gorrixek, bestalde, lehen ordu erdia bete zenean izan zuten lehen zatiko aukerarik garbiena. Zulaikak zelai erditik ateratako hegaleko sakean baloia kontrolatu eta lurrera jaitsi zuen Iker Pastrian aurrelari beteranoak, eta berak hasitako jokaldiaren ondoren Aramendik Iñigo Arzalluzi egin zion pasea. Arzalluzi pasea egin bezain laster atera zen bisitarien atezaina Iñigori jaurtiketa estaltzera, eta lortu zuen, behartuta baloia kanpora jaurti baitzuen.
Bigarren zatia, aldiz, irekiagoa izan zen. Bisitarien eskutik iritsi zen bigarren zatiko lehen aukera. Baloia jokoaren irteeran galdu zuten gureek, eta UDAko ezker hegaleko jokalariak Zulaika eta Beitia atzean utzi ondoren jaurtiketa egin zuen area barrutik. Xuban, ordea, bikain egon zen eskua ondo luzatuta baloia kornerrera urruntzeko.
Handik gutxira iritsi zen, baina, Anaitasunaren aukera garbiena. 54. minutuan, Unai kapitainak atepetik atera zuen bisitariek ate barrurako norabidean jarri zuten baloia. Gure mutilek zelai erdira urrundu zuten baloia, han baitzegoen Iker Pastrian. Aurrelariak gorputza ondo erabili ondoren, Aramendiri egin zion pasea, eta ezker jokalariak Mikel Arzalluzi. UDAko atezaina bere areatik irten zen Mikel Arzalluzi baloia kentzeko, baina gure aurrelariak atzean uztea lortu zuen. Harmailetan batutako jarraitzaileek gola espero zutenean, ordea, baloia kanpora joan zela ikusi zuten. Anaitasunak ordura arte izandako abagunerik garbiena izan zen.
Ondorengo minutuak, kontrolik gabeko minutuak izan ziren, eta ez zen aukerarik izan amaierara arte. Aretxabaletak apenas egin zien min gorrixei. Neurketa luzapenean sartzearekin batera iritsi ziren Anaitasunaren aukerak. Amaieran estutu zuten Igor Quindosen mutilek, eta Ander Arabaolaza zelairatu berria gola egitetik gertu izan zen. Oier Elorza protagonista izan zen Anderrekin batera azken jokaldietan, taldeari arnasa eman baitzion eskuin hegalean.
Anderrek izan zuen lehen aukera 93. minutuan izan zen. Mikel Pastrianek metroak aurkitu zituen bere zelaitik UDAren zelaira sartzeko, eta eskuin hegalean zen Anderrekin jokatu zuen. Aurrelariak Oier Elorzari eman zion pasea, eta honek, aurkari bat atzean utzi eta atzetik aurrera sartu zen Anderri egin zion pasea. Aurrelariak ezkerrez egin zuen jaurtiketa, eta zutoinaren ondotik kanpora joan zen baloia.
Bigarren aukera minutu batera izan zuten gureek. Aitor Zulaikak hegaleko sakea luze egin zuen berriz ere Oier Elorzarekin jokatzeko. Rolak aldatuta, Anderri egin zion pasea, eta honek Mikel Pastrianekin bat-bikoa egitean gertu izan zuen gola. Atezainaren gainetik saiatu zen aurrelaria, baina kanpora joan zen baloia bere jaurtiketan.
Txapelketako egutegi "zailena" atzean utzi dute gureek, eta Hernanirekiko puntu baten aldearekin lider jarraitzen dute gorrixek. Orain bi asteko etena izango du liga txapelketak. Hurrengo arerioa Errenteriako Touring taldea izango da. Aste Santuetako oporraldiaren ondoren lanak ondo egiten jarraitu beharrean da taldea. Bost neurketa besterik ez dira falta aurtengo ebatzia jakiteko.