Lider jarraitzeko asmoa du talde honek

Mondragon 2
Anaitasuna CD 4

Bigarren zatiko lehen 15 minututan lehen zatian egindako okerrak zuzendu zituzten mutilek Arrasaten

Azkar hartu zuten gure mutilek aurrea Arrasateko Mojategin, laugarren minutuan. Ondoren, baina, behera egin zuen taldeak, eta Mondragonek hori baliatu zuen neurketa iraultzeko. Bigarren zatiko lehen hamabost minutuetan, Anaitasunak erabat ezeztatu zituen etxekoak, eta hamabost minututan hiru gol eginda neurketa bideratu zuen.

Ondo landu behar izan zuten gure mutilek Mojategin. Azkar hartu zuten aurrea gureek, baina lehen zatia etxekoena izan zen. Aitor Zulaikak eskuin hegaletik luze atera zuen alboko sakea Iker Pastrianentzat, eta honek buruz baloia orraztu ondoren Mikel Aramendiri iritsi zitzaion. Ezker jokalariak jarraipen ona egin zion jokaldiari, eta Anaitasuna aurretik jartzea lortu zuen.

Ondo zelairatu zen taldeam eta zortzigarren minutuan ere gertu izan zuen Aramendi berak huts eta bikoa. Penalti puntu parean jaso zuen aldaratzea ezker jokalariak, baina baloia etxekoen atezainak urrundu zuen luzaketa on bat eginda. Huts eta bikoa behar zuen markagailuak, Anaitasunak horrela izateko merituak egin baitzituen.

Neurketa 15. minutura iritsi zenean berdindu zuen neurketa Mondragonek. Ezker hegaletik egin zuten jokaldia etxeko jokalariek, eta area barruan angelu gutxirekin egindako jaurtiketan gola lortu zuen Arrasateko taldeak. Etxekoek gora egin zuten banakoa lortu ondoren, eta gureek asko sufritu behar izan zuten.

Ez zen aparteko ezer ikusi Mojategi zelaian ondoren, baina arrisku gehien sortu zuen taldea etxekoa izan zen. 34. minutuan lortu zuten abantaila arrasatearrek. Zelai erdian baloia ostu zuen etxeko jokalari abilenak, eta Xubanen aurrean bakarrik gelditu, gure atezaina albo batera utzi, eta atea hutsean zuela gola egitea lortu zuen Mondragonentzat. Hobeto bukatu zuten etxekoek lehen zatia.

Atsedenaldira jokoan goitik behera egin zuten sentsazioarekin iritsi ziren gorrixek. Bigarren zatiari ondo ekitea garrantzitsua zen Mojategin, eta taldeak sekulako erantzuna eman zuen. Hamabi minututan hiru gol lortu zituen Anaitasunak. Berdinketaren gola Iker Pastrianek lortu zuen. Lan eskerga handia egin zuen ordura arte aurrelariak, baina 48. minutuan gol garrantzitsua lortu zuen taldearentzat. Area txikian egin zuen errematea oinarekin, eta atzelari baten laguntzarekin binakoa jarri zuen markagailuan aurrelariak.

Taldea gogotsu ikusten zen zelaian, eta 55. minutuan Iñigo Arzalluzen gola etorri zen. Area barruan atezainaren ezker aldean jaso zuen Iñigok baloia, eta jaurtiketa indarrez amaitu zuen. Atezainak urrundu zuen lehenik, baina gora joan zen baloia, eta gainetik gainditu ostean, sareetan amaitu zuen. Bi eta laukoa ere ez zen handik berandura iritsi. 59. minutuan Mikel Arzalluzi egindako penalti garbia adierazi zuen epaileak. Aurrelari gaztea izan zen jaurtiketa egiteko ardura hartu zuena, eta hamaika metrotatik egindako jaurtiketak atearen ezker zutoina jo ondoren ate barruan amaitu zuen. Bi eta lauko emaitzak sekulako indarra eman zion taldeari.

Zelaian bikain kokatu ziren eta presioaren ostean berreskuratutako baloietatik arriskua sortzeko gai izan ziren mutilak. Mikel Arzalluzek izan zuen abagune bat, baina ondoren etxeko taldea izan zen protagonismoa hartu zuena. Ez zuen aukera garbirik sortu azken hogei minutuetan Mondragonek, baina Xubanen ate inguruan beldur pixka bat sortzeko moduan izan ziren.

Garaipen ona lortu zuten gorrixek Mojategiko zelaian. Hondarribian jasotako kolpetik ezinhobeto altxatu dira mutilak, eta mezu bat helarazi zien atzeko taldeei: lehen postua garesti salduko du aurten Anaitasunak. Datorren asteburuan liga txapelketa gelditu aurreko neurketa jokatuko da Txerloian (Larunbata, 17:00). Maila handiko beste arerio bat izango dute aurrean gureek. Hirugarren postuan zortzi puntura dagoen Aretxabaleta izango da hurrengo arerioa gurean. Neurketa irabazteak sekulako garrantzia izan lezake, lehen bi postuetarako borrokatik beste talde bat kenduko bailuke horrela Anaitasunak paretik.