Puntua, ona

Zarautz 1
Anaitasuna CD 1

Anaitasuna lehen zatian lortutako abantaila pikutara bidaltzetik gertu izan zen bigarren zati gaizto batean

Neurketa geldo hasi bazen ere, Zarautzek erritmo handia jarri zion bere jokoari, eta baloia ez zuenean ere presio ona egin zien gureei. Halere, Anaitasuna izan zen huts eta batekoa lortu eta atsedenaldira abantailarekin iritsi zena. Bigarren zatian, ordea, Zarautz goitik behera nagusitu zen eta arriskuak hartu ostean, puntua batzeko gola lortu zuen gutxitan ikusi den jokaldi batean.

Beste behin herritik joandako jarraitzaile asko bertaratu ziren Zarautzen, eta hasiera motela ikusi zuten. Lehen aukerak Anaitasunarenak izan ziren, gutxi izan arren. Mikel Aramendiren urruneko jaurtiketa batekin frogatu zuten gorrixek etxekoen atezaina, baina jaurtiketa gora atera zitzaion ezker jokalariari. Huts eta batekoaren gola 24. minutuan iritsi zen. Etxekoek atzean egindako opari bat aprobetxatu zuen Mikel Arzalluzek area ertzean baloia eskuratu, atezaina atzean utzi eta gola egiteko.

Ondorengo minutuetan ez zen aparteko ezer gertatu berdegunean, baina esan daiteke Anaitasunak neurketan izan zituen minuturik onenak golaren osteko hamar minutuak izan zirela. Zarauztarrei min egin zien jaso zuten golak, eta Anaitasuna hegaletatik area zapaltzen hasi zen, arrisku gutxi sortuz. Atsedenaldira abantaila txiki horrekin joan ziren gure mutilak.

Bigarren zatiaren hasiera ere ona izan zen, aukera anitz sortu baitzituzten gorrixek. 47. minutuan Xabik area barruan gola gertu izan zuen Ander Arabaolaza aurrelariak eta biek egindako jokaldia amaitzeko, baina baloiak etxekoen atepeko gizonaren eskuetan amaitu zuen. Aramendik, 49. minutuan, berriz ere urruneko jaurtiketa egin zuen, eta oraingoan atezainari lan handia jarri zion. Zutoinaren ondotik barrura zihoan baloia urruntzea lortu zuen luzada dotore batekin. 53. minutuan, berriz, Mikel Arzalluzen jaurtiketa etorri zen. Atezainak, beste behin, baloia kornerrera urrundu zuen.

Ondoren, aukeren olatua Anaitasunaren ateraino iritsi zen. Zarautzek etenik gabe zaildu zizkien gureei lanak, eta aukera asko egin zituzten minutu gutxian. Etxekoek arrisku handiak hartu zituzten atzetik jokalari bat kendu eta aurrean bat gehiago sartu ondoren, eta Anaitasunak espazio handiak aurkitu zituen aurkariaren atera iristeko. Gureek, ordea, presaren-presaz jokatu zuten, eta gauzak ez zitzaizkien ondo atera.

81. minutuan iritsi zen inork espero ez zuen gola. Xubanek etxekoen korner erdiraketan baloia eskuetan hartu zuen, baina Zarauzko jokalari batek oina zapaldu ondoren lurrean gelditu zen, baloia eskuin eskuan zuela. Etxekoen aurrelaria, Xubanen bizkarretik agertu eta gure atezainari baloia eskuetatik kendu zion, eta ate hutsean banakoaren gola egin zuen. Zarautzera joan ziren zaleek haserre egin zuten protesta jokaldi horretan, baina epaileak ontzat eman zuen gola. Azken minutuetan etxekoen bigarren gola gertuago izan zen Anaitasunarena baino, sentsazioengatik bederen. Gure taldea ez zen aurkariaren zelaian arriskurik egiteko gai izan.

Banakoarekin, puntua ontzat jo beharrean dira Igor Quindosen mutilak. Bigarren zati kaskar batean punturik gabe gelditzetik gertu izan ziren gorrixek, eta txapelketa amaiera honetan puntuak batzen jarraitzea oso da garrantzitsua. Asti zelaiko neurketarekin zazpi dira galdu gabe daramatzaten partidak. Datorren astean sailkapenean 12 puntura dagoen Real Union talde arriskutsua izango dute arerio gureek. Bederatzi neurketaren faltan, sei puntuko aldea du Anaitasunak Hernanirekiko. Aurreko urteko egoera berdinean dira gureak, bederatzi partiden faltan sei puntuko aldearekin. Iaz lortu ez zutena lortzeko bigarren aukera dute gureek azken txanpa honetan.