Zailtasunei aurre eginez
| Anaitasuna CD | 2 |
| Real Union | 1 |
Iñigo Arzalluzek egindako bi pasek Iker Pastrianen bi gol ekarri zituen beste hiru puntu garrantzitsu batzeko
Anaitasunak lanak ongi bete zituen, atzo, Txerloian, eta sei puntuko aldearekin lider jarraitzen dute gure mutilek. Azken asteetan ikusitakoaren aldean hobekuntza txiki bat nabaritu zen gure mutilen jokoan. Lehen zatiaren amaieran gauzak okertu baldin baziren ere, bigarren zatian irundarrak 10 jokalarirekin geratu izanak mesede egin zien gureei. Neurketa iraultzeko gai zirela sinetsi, eta aulkitik zelairatutako jokalarien laguntzarekin, markagailuari buelta ematea lortu zuten gorrixek.
Partidaren gidaritza gureek eman zuten lehen zati guztian, eta Xuban atezainak apenas izan zuen lanik. Anaitasuna izan zen aurkarien atezaina gehiagotan frogatu zuen taldea. Zazpigarren minutuan zalantza handiko jokaldi bat ikusi zuten Txerloira bertaratu zirenek. Mikel Aramendik erdiratutako korner batean baloiak goleko marra gainditu zuela eskatu zuten gureek, baina epaileak aurrera jarraitzeko adierazi zuen eta gureen eskaerak ezerezean gelditu ziren. Anaitasunak aurkariaren atera heltzea lortu zuen, baina arrisku garbirik egin gabe.
Real Union, lehen zatian, behin iritsi zen Xubanen area barruan jaurtiketa egitera, eta iritsi zen lehenean huts eta batekoaren gola egitea lortu zuten. 37. minutua zen Txerloian, eta ezker hegalera luze jokatu zuten bisitariek zelai erditik. Jokaldi horren aldaratzea jaso ondotik jaso zuten gureek gola. Zulaikak pasea oztopatu nahi izan zuen arren, baloiak aurrera egin zuen, eta bigarren lerrotik agertu zen Irungo jokalariak Xubanen aurrean ez zuen barkatu.
Atsedenaldian atzetik ziren gorrixek, baina aldageletarako bidea hartu aurretik, 44. minutuan hegaleko falta batean gertu izan zuten gure mutilek gola. Mikel Pastrian eta Oier Beitia bakar-bakarrik sartu ziren errematea egitera, baina baloia lehenak jo zuen Beitiak errematea erosoago egiteko aukera zuenean.
Aldageletatik bueltan intentzio gehiago jarri zuen Anaitasunak, eta hori ederki nabaritu zen zelaian. 60. minutuan bisitariek jokalari bat galdu zuten Mikel Pastriani egindako falta batean jokalari batek bigarren txartel horia ikusi ondoren. Epailearen erabaki horrek sekulako mesedea egin zien gureei, orduan sinetsi baitzuten neurketa iraultzeko gai zirela.
Iñigo Arzalluz zelairatu zuen lehenik Quindos entrenatzaileak, eta Iker Pastrian aurrelaria ondoren. Bi jokalariok neurketari buelta emateko giltzarriarekin zelairatu ziren. Bi goletan protagonismo berezia izan zuten, batek bi goletan goleko paseak eman zituelako, eta besteak, bi gilak egin zituelako.
Banakoaren gola 74. minutuan egin zuen Anaitasunak. Alde batetik bestera taldeak pazientzia handiz mugitu zuen baloia, eta ezker hegalean Iñigok atzelaria atzean uztea lortu zuen. Ezkerrez egin zuen erdiraketa Iñigok area zapaltzen ari zela, eta Iker Pastrianek, patxada handiz, bikain amaitu zuen jokaldia berdinketa lortzeko.
Gola lortu eta hurrengo jokaldian, ordea, epaileak Ander Arabaolaza aurrelaria egotzi zuen. Irungo atezaina bere areatik irten zen baloia moztera, bestela Anderrek harrapatzen baitzuen baloia. Atezainak eta Anderrek tupust egin zuten, eta atezainak eta Anderrek izandako hizketaldian epaileak Anderren hitzak gaizki ulertu ondoren, txartel gorria erakustea erabaki zuen. Hamabost minuturen faltan bi taldeak 10 jokalarirekin ziren.
80. minutuan Real Unionek bigarren gola lortzeko aukera bat ere izan zuen, baina zorionez ez zen horrelakorik gertatu eta estuasunak-estuasun, aurrera egitea lortu zuten etxekoek. Ateko sake batetik hasitako jokaldian iritsi zen 86. minutuan Txerloiak desio zuen gola. Eskuin hegalean Iñigo Arzalluz metroak irabazten joan zen, eta Aramendirekin bat bikoa egin ostean zelaiaren erdialdera sartzen joan zen. Iker Pastrianek atzelariaren bizkarrera mugimendu ona egin zuen, eta Iñigok hori ikusita, ezkerrez sekulako pasea egin zion Ikerrek bi eta batekoaren gola egiteko. Zaleek eztanda egin zuten bigarren golarekin.
Azken golarekin bisitariek aurrera egin zuten eta gure mutilek espazio handiak izan zituzten kontraerasoan neurketa erabakitzeko, baina lau minutuko luzapenaren ostean markagailua bere horretan mantendu zen. Anaitasunak beste garaipen handi bat lortu zuen goiko talde baten aurka, beharrezko garaipena lortu ere. Egutegiak dakartzan zailtasunei aurre egiten jarraitzen dute mutilek.
Datorren asteburuan Hondarribian jokatuko du taldeak. Pasa den urteko oroitzapen gazi-gozoekin joango da taldea iaz lortzerik izan ez zuten garaipena lortzera. Historiarako neurketa izan zen Ondartza zelaiko neurketa. Hondarribiaren ostean Mondragonen aurka jokatuko dute gureek Arrasateko Mojategi zelaian. Etxeko lanak eginda, Txerloiatik kanpo egitea egokitzen zaie orain gorrixei.