Borrokaren garaipena

Anaitasuna CD 1
Mutriku 0

84. minutuan Mikel Pastrianek kornerrean egindako erremateak garrantzia berezia hartu duten hiru puntu batzeko balio izan zien gorrixei

Partida gogorra eta ikusteko polita izan ez arren, gure mutilek zaleei beste garaipen bat eskaini zien Mutrikuren aurka. Lan asko egin behar izan zuten gureek, eta jokorik onena erakutsi ez arren, berriz ere irabaztea lortu zuten. Lehen zatian gureak aurkariak baino hobeto aritu ziren, eta aukera batzuk egin zituzten mutrikuarren arean. Bigarren zatira, bestalde, bisitariak hobeto sartu ziren, eta eurak izan ziren nagusi momentu askoan. Halere, inork espero ez zuenean, Mikel Pastrian erdilariaren gola etorri zen. Taldeak egiten dituen urratsak bikoiztuz doaz, atzekoekiko distantzia handituz baitoa.

Anaitasuna gogotsu zelairatu zen Mutrikuren aurkako partidara, eta lehen bost minututan bi aukera egiteko gai izan ziren gorrixek. Lehena Ander Arabaolazaren eskutik iritsi zen. Atzelariei bizkarra irabazi eta area barrura sartu osteko ezkerkada atezainak jaso zuen. Bigarren abagunea, berriz, Mikel Arzalluzen bitartez egin zuen taldeak. Bisitarien ate aurrean talde jokaldi on bat egin ondoren, Aramendik Mikel Arzalluzi egin zion pasea eta aurrelariak ezkerrez kanpora bidali zuen baloia gutxigatik.

Ondorengo minutuetan mutrikuarrek aurrera egin zuten, eta bistariek egindako presioa emaitza onak ematen hasi zen. Aukera dexente egin zituzten kanpokoek, baina inoiz ez ziren gola egiteko behar den garbitasunarekin iritsi. Gureek, bestalde, beste aukera bat ere izango zuten Oier Elorza zelairatu berriaren erdiraketan. Ander Arabaolazak zelaia utzi behar izan zuen 25. minutuan Mutrikuko atzelari batekin topo egin eta gero, eta bere ordez Oier Elorza zelairatu zen. Erdilariak eskuin hegaletik erdiraketa azpitik egin zuen areara 40. minutuan, baina Mikel Arzalluzek egindako errematea ahula izan zen.

Hutseko berdinketarekin joan ziren bi taldeak aldageletara, baina atsedenalditik Mutriku gureak baino aktiboago zelairatu zen. Asko sufritu zuten gure mutilek lehen minutuetan, bisitariek aukera batzuk egin baitzituzten. Minutuek aurrera joan ahala, baina, jokoa narrastu egin zen eta ezer gutxi ikusi zen Txerloian. Aukera gutxiko neurketa bihurtu zen, eta borroka hazi egin zen.

IMG 0324

Mikel Pastrianek gola egin zuen uneko irudia. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Geldikako jokaldiek garrantzia handia hartu zuten partidako azken minutuetan, eta gureak izan ziren saria jaso zutenak. Txerloiak eztanda egin zuen 84. minutuan. Eskuin hegaleko kornerretik erdiraketa egin zuen Mikel Aramendik, eta Mikel Pastrian erdilariak bere markatzailea atzean utzita, errematea egitea lortu zuen eskuinez baloia ate barrura bidaliz. Jokalariek eta zaleek ikaragarrizko indarrarekin ospatu zuten bat eta hutsekoaren gola.

Neurketa amaierara hurbiltzen ari zen heinean, Mutrikuk atzean espazio handiak utzi zituen berdinketaren bila joateko, eta Aitor Zulaika zelairatu berriak gertu izan zuen bi eta hutsekoa. Ezker hegaletik ondo atera zuten gureek baloia eskuin hegaleraino eramanez, han baitzen Mikel Aramendi. Ezker jokalariak atzetik aurrera korrika bizian iritsi zen Aitor Zulaikari eman zion pasea, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen.

Azken minutuetan ez zuen gehiegi sufritu taldeak, eta beste hiru puntu garrantzitsu batzeko moduan izan zen aurkari zuzen bat lehiatik ia kanpo utziz. Orain Anaitasuna eta Mutrikuren arteko distantzia 15 puntukoa da. Hernani bigarren sailkatua zortzi puntura dago, eta hirugarren postuan dagoen Mondragon hamar puntura urrundu da. Datorren asteburuan beste irteera zail bat izango du Ohorezko Mailako taldeak. Zarauzko Asti zelaia bisitatuko dute gurek mutilek.