Urrats garrantzitsua Puion
| Vasconia | 1 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Gorrixei bigarren zatian sufritzea egokitu zitzaien, baina momenturik ahulenean gola lortu ondoren atzekoekiko distantzia handitzeko garaipena lortu zuten
Aukera gutxiko neurketa izan zen Puio zelaikoa, eta gorrixek izan zituzten aukera apurrak bikain aprobetxatzen jakin zuten. Iñigo Arzalluzek egin zuen huts eta batekoa, baina atsedenaldiaren ostean taldeak behera egin zuen eta etxekoek gola egitea lortu zuten. Anaitasunak orduan gora egin zuen, eta korner jokaldi batean etxekoek euren atean egindako golari esker, hiru puntu batzu zituzten gure mutilek.
Lehen zatian Vasconiak Anaitasunari baloia entregatu zion hasieratik eta gureei eman zien jokoa egiteko ekimena. Etxekoen zelaian sartu arte arazorik izan ez zuten arren, azken metroetan min egitea asko kostatu zitzaien gure mutilei, lerroak oso elkartuta ezarri baitzituzten donostiarrek. 28. minutuan, ordea, Zulaikaren hegaleko sake bat Ikerrek zelaira jaitsi ondorengo baloitik iritsi zen huts eta batekoa. Ikerrek Unairekin jokatu zuen, eta kapitainak etxekoen lerroak pase bakar batekin hautsiz Iñigo Arzalluzekin jokatu zuen. Hegaleko jokalaria jokoz kanpoko posizioaren muga mugan zen, eta atezainaren aurrean gelditu ostean bikain amaitu zuen gorrixek aurretik jartzeko.
Atsedenaldi aurretik ezer gutxi ikusi zen Puion, baina aldageletara joan aurreko azken jokaldian, etxekoek abagune ederra izan zuten berdinketa lortzeko. Korner jokaldi batean bigarren zutoinean errematea egitetik gertu izan etxekoen jokalari bat, baina zorionez ez zen baloia buruz jotzeko gai izan.
Bigarren zatian gehiago sufritu behar izan zuten gureek. Etxekoak zentratuago eta konbentzituago zelairatu ziren gureen aldean, eta horren adierazle izan zen presioa aurreratzea. Gureei ez zieten arnasa lehen zatian bezain ondo hartzen utzi, eta arazo gehiago aurkitu zituzten baloia jokatzerakoan. Banakoa 64. minutuan iritsi zen. Zelai erdian egindako falta bat azkar jarri zuten jokoan donostiarrek, eta eskuin hegaletik egindako erdiraketa aparta ezinhobeto amaitu zuten etxekoek area barruan buruz banakoa egiteko.
Gola jaso eta bi minutura beste aukera on bat izan zuten etxekoek. Xubanen aurrean bakarrik gelditzea lortu zuen arren, amaiera ez zion ona eman eta jokaldi horrek bizia eman zion Anaitasunari, segituan esnatu baitzen. Lehenik, zelairatu berria zen Xabi Soraluzek izan zuen aukera gola egiteko Mikel Arzalluz lehengusuak egindako jokaldian, baina atezainarekin egin zuten topo gureek.
Bat eta bikoaren gola korner jokaldi batean iritsi zen, 77. minutuan. Xabi Soraluzek jarri zuen jokoan baloia eskuin hegaleko kornerretik, baina gure mutilen errematatzailerik ez zen agertu. Zorionez etxekoen gaizkiulertua egon zen jokaldian, eta buruz baloia bere atean sartu zuen Vasconiako jokalariak.
Orduan donostiarrek lotsarik gabe aurrera egin zuten, atzean espazio handiak utziz. Une horretan Anaitasunak neurketa erabakitzeko modua izan zuen, baina ez zen gol gehiago iritsi eta beste hiru puntu batzeko moduan izan ziren gorrixek Aieteko Puio zelaian. Atzeko taldeekiko distantzia handitzea lortu zuten Igor Quindosen mutilrk larunbateko garaipenarekin. Bigarren sailkatua sei puntura urrundu dute Ohorezko Mailako mutilek. Datorren asteburuan Mutriku jasoko dute Txerloian (17:00).