Jarraipena eman beharreko puntua
| Anaitasuna CD | 0 |
| Hernani | 0 |
Oreka handiko neurketa jokatu zuten lehen postuagatik borrokan ari diren Anaitasunak eta Hernanik. Lehen zatian bisitariak nagusitu ziren, baina bigarren zatia Anaitasunarena izan zen
Elkarri errespetu handia diotela garbi ikusi zen Txerloian. Talde bakoitzari zati bat kontrolatzea egokitu zitzaion, eta gorrixena bigarrena izan zen. Lehen zatian hernaniarrek asmatu egin zuten gureei presioa egiten, baina aukerarik onena Anaitasunarena izan zen. Bigarren zatian, berriz, Quindosen mutilek asmatu egin zuten baloiaren irteeran, baina aukerarik onena Hernanik sortutakoa izan zen.
Aukera gutxi izan ziren Txerloian Anaitasuna eta Hernaniren artean. Bi taldeek aurkariari dioten errespetuak, eta gureek sufritutako lesioek eragina izan zuten neurketan, Mikel Arzalluzek eta Markel Eskurtzak min hartuta zelaia utzi behar izan baitzuten nahi baino lehenago. Bi taldeak indartsu zelairatu ziren, eta maila altuko futbola ikusi zen berdegunean.
Bisitariak izan ziren erasokorrago eta lotsagabeago zelairatu zirenak, eta neurketaren pisua bereganatzea lortu zuten Anaitasunari zelai erdia baino metro batzuk aurrerago hasitako presioarekin. Bi jaurtiketa egin zituzten Xubanek defenditzen zuen atera, baina aukeretan ere ez zuten arrisku berezirik sortu hernaniarrek, eta Xuban atezainak bere lana ondo bete zuen. Anaitasunak, minutuek aurrera egin bezala, hobetu zuen jokoa, eta konbinazio onak eginez iritsi zen aurkariaren areara. Lehen aukera ezker hegaletik burututako jokaldi batetik iritsi zen, baina Aramendiren jaurtiketa atetik urrun pasa zen.
Bigarren aukera, ordea, oso garbia izan zen. 30. minutuan eskuin hegaleko alboko sakea jarri zuen jokoan Aitor Zulaikak Ander Arabaolazarekin jokatzeko. Aurrelariak lehen ukituan IƱigo Arzalluzekin jokatu zuen eta atzelari bat alboan utzi ostean, ezkerrez jaurtiketa egitea lortu zuen. Baloia, baina, zentimetro gutxi batzugatik kanpora joan zen. Ordura arteko aukerarik onena izan zen.
Ondoren, 35. minutuan, iritsi zen Mikel Arzalluzen lesioa. Bere ordez Oier Elorza zelairatu zuen Quindosek, eta minutu onak eskaini zituen erdilariak. Hernanik beste aukera bat ere izan zuen eraso egiten zuen ezker hegalera erori zen aurrelariaren bitartez, baina Oier Beitia aurrelaria baino azkarrago iritsi zen baloia moztera, eta arrisku handiarekin baloia kornerrera urruntzea lortu zuen.
Atsedenaldira hutsean iritsi zen neurketa. Bigarren zatira gogotsu zelairatu ziren gorrixek, eta Anaitasunarentzat izan zen zatia. Halere, Hernanik gertu izan zuen huts eta batekoa 47. minutuan. Atezainaren sake luze batean ezustean harrapatu zuen gure mutilek osatutako atzeko lerroa bisitarien aurrelariak, eta honek egindako jaurtiketa gurutzatua kanpora joan zen Xubanek babesten zuen eskuin zutoinaren ondotik.
Ondoren Anaitasuna izan zen baloiaren irteeran asmatu zuena. Modu horretan Hernaniren zelaian denbora gehiago iraun zuen baloiarekin, baina aukera gutxi egitera iritsi ziren gure mutilak. 60. minutuan Markelek min hartu zuen baloia luze jotzen hasi zen jokaldi batean, eta zelaia utzi behar izan zuen erdiko ezker atzelariak. Joritz Badiola irten zen Markelek utzitako postua betetzera.
Gutxitan zapaldu zuten bi taldeek aurkariaren area, eta aurrera iristea lortzen ez zuenean urrunetik saiatu beharrean izan zen Anaitasuna ere. Neurketa amaitzeko hamabost minutu falta zirela, Iker Pastrian zelairatu berriak buruz utzitako baloi solte bat harrapatu zuen Mikel Aramendik boteprontoan baloia jotzeko, baina ezker jokalariaren jaurtiketa ere oso gutxigatik kanpora joan zen.
Neurketako azken abagunea izan zen, ordutik aurrera bi taldeek erasotzeari utzi eta defentsa lanean zentratu baitziren. Bai Anaitasunak eta bai Hernanik ontzat eman zuten puntua azken minutuetan, eta hasi bezala amaitu zen ondorioz 22. jardunaldiko neurketa. Hernaniren aurka batutako puntua ondu beharko du Anaitasunak datorren asteburuan aurkariak gainean ikusterik nahi ez badu. Donostiako Vasconia taldearekin neurtuko dituzte indarrak gure mutilek (Larunbata, 16:00).