Lehen postua sendotuz
| Martutene | 1 |
| Anaitasuna CD | 5 |
Gorrixek ezinhobeto irauli zuten Martutenek hirugarren minutuan egindako gola
Anaitasunak lidertza sendotu zuen, atzo, Martuteneren zelaian bat eta bost irabazi ondoren. Etxeko taldea izan zen aurrea hartu zuena, baina atsedenaldiaren aurretik banakoa egin eta aurretik jartzeko parada ere izan zuen Igor Quindosen taldeak. Bigarren zatiak, bestalde, ez zuen kolorerik izan. Gure mutilak goitik behera nagusitu ziren donostiarren aurrean, eta lau gol eginez erakustaldi aparta eskaini zieten Azkoititik joandako berrogeita hamar zale ingururi.
Gure mutilek kontrolatu zuten neurketa hasi eta bukatu bitartean, baina Martutenek eman zuen lehen kolpea mahai gainean. Jokaldi korapilatsu batean, etxeko jokalari batek jaurtiketa garbia egiteko aukera sortu zuen, eta area ertzetik egindako jaurtiketa sareetara joan zen, Xuban atezainak baloia ukitu zuen arren ez baitzen iritsi baloia gelditzera.
Halere, sentsazioak onak ari ziren izaten, eta Anaitasunak segituan erantzun zion etxekoen golari. Ez zen gola izan, baina Iñigo Arzalluzek ezker hegaletik jokoan jarritako falta jaurtiketa buruz errematatu zuen Ander aurrelariak. Etxekoen atezainak gelditu ona egin zion Anderri erreakzio ona erakutsiz.
Mikel Arzalluz arriskua izan zen uneoro etxekoentzat. Aukera ederrak izan zituen aurrelari gazteak, baina 36. minutura arte ez zuen asmatzerik lortu. Bere lanak, burugogortasunak eta ekiteak gola lortzeko balio izan zion, lehen zatia amaitzeko bederatzi minutu eskasen faltan iritsi baitzen banakoaren gola. Area kanpoko falta arriskutsua adierazi zuen epaileak Martutenen, eta Aramendik egindako jaurtiketan baloiak eskuin zutoina jo bazuen ere, bizi agertu zen aldaratzera Mikel Arzalluz baloiari bultza egitera.
Handik minutu gutxira ere izan zuen Mikelek Anaitasuna aurretik jartzeko abagunea. Atezainaren aurrean gelditu zen eskuin hegaleko jokaldi bat eta gero, baina angelu gutxi aurkituta, baloia kanpora joan zitzaion. Atsedenaldira iritsi aurretik polemikarako jokaldi bat ere izan zen. Aramendik berak bakarrik burututako jokaldian, area barruan lurrera bota eta epaileak txistua jo zuen falta adierazteko. Martutenen elkartu ziren jarraitzaileek penaltia izango zela pentsatu zutenean, baina, epaileak falta kanpoan egindakoa izan zela adierazi zuen. Zaleak epaileak adierazi zuena ulertu ezinik gelditu ziren une batean, falta jaurtiketa horretan Iñigo Arzalluzek jaurtiketa langara jaurti baitzuen zuzenean.
Itxura onarekin, baina berdinketarekin joan ziren aldageletara 22 jokalariak. Anaitasuna nagusi izan zen momentu guztian zelaian, eta bigarren zatirako gorde zituzten golak gure mutilek. Jokoari berrekin eta hirugarren minutua betetzerako Anaitasunak aurrea hartu zuen markagailuan. Mikel Arzalluzek azken atzelariari baloia ostu ondoren, atezainaren aurrean bakarrik gelditzea lortu zuen eta maisutasunez egindako jaurtiketa sareetara joan zen Anaitasunari abantaila emateko.
53. minutuan, berriz, bat eta hirukoa iritsi zen. Ezker hegalean Iñigo Arzalluzek hegaleko falta modu arriskutsuan jarri zuen jokoan, eta etxeko jokalari bati jo ostean baloiak ate barrurako bidea hartu zuen Anaitasunari lasaitasunaren gola emateko. Bi minutura, berriz, laugarren gola egitea ere bere oinetan izan zuen Iñigok, baina atezainaren gainetik egindako jaurtiketa kanpora joan zitzaion.
Bigarren zatian, Anaitasunak, iritsi ahala arriskua eta gola egitea lortzen zuen. 64. minutuan ezker hegalean mugimendu ona egin zuen Mikel Aramendik. Eraginkorra izan zen neurketa guztian, eta ezker jokalariak mugimendu ona egin ondoren etxekoen lerroa haustea lortu zuen. Azpitik ondo neurtutako erdiraketa egin eta ate aurrean zen Iñigori pasea eman zion. Eskuin hegaleko jokalaria ederki iritsi zen Aramendiren erdiraketara, eta zutoinaren ondotik Anaitasunaren arratsaldeko laugarren gola egitea lortu zuen.
Bosgarren eta azken gola, azkenik, 83. minutuan egin zuten gorrixek. Zelairatu berria zen Iker Pastrianek eskuin hegalean aurkitu zuen baloia, eta burua altxatu, gureak areara ondo iritsi zirela ikusi eta erdiraketa aparta egin zion Mikel Aramendiri. Ezker jokalariak ondo merezitako gola egin zuen, zetorkion moduan baloia indartsu jo eta atezaina gainditzea lortu zuen baloiak markagailuan bat eta bostekoa jartzeko.
Hasieran ezustekoa jaso arren, Anaitasunak sendotasun ikaragarria erakutsi zuen Martutenen, eta etxeko taldeari ez zion ezer egiteko baimenik eman. Joko ona egin zuten Quindosen mutilek, eta bolada onean mugilduta jarraitzen dute gureek. Datorren asteburuan sailkapeneko bigarren taldeak bisitatuko du Txerloia. Berebiziko garrantzia ez duen arren, oso neurketa garrantzitsua dute mutilek etxean Hernaniren aurka (Larunbata, 17:00). Zaleen bultzada ere garrantzitsua izango da gureei indarra emateko, eta Txerloia egun handietan bezala betetzeko deia egin nahi die klubak zaleei. Hernanirekiko lau puntuko abantailarekin iritsiko dira gorrixek 22. jardunaldiko neurketara.