Neurketa serioa Mastegin
| Beti Gazte | 0 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Gureek hasi eta segituan egin zuten hiru puntuak batzeko balio izan zuen gola. Talde jokaldi on baten ondoren, Mikel Arzalluzek lortu zuen huts eta batekoa Mastegi zelaian
Joan aurretik zekiten Ohorezko Mailako mutilek Lesakako neurketa oso konplikatua eta gogorra izango zela. Anaitasunak Mastegin garaipenik lortzen ez zuela urte asko ziren, eta atzo, Anaitasunak neurketa serioa egin eta hiru puntu garrantzitsu batu zituen denboraldiko irteerarik gogorrenean.
19. minutuan jarri zuen jokoan baloia Aitor Zulaikak Casanova epaileak emandako aginduarekin batera. Bere garaian izoztuta zegoen hegaletik hasi zen Lesakako neurketa. Lehen minutuetan Anaitasuna izan zen aurkaria bere zelaian sartu eta estutu zuena, eta ondo ikasita zuen jokoa jarri zuen praktikan. Joko azkarra eta zuzena egin zuten gureek, eta lehen aukerak modu horretan egin zituzten mutilek.
Neurketa 25. minutuan sartzear zela iritsi zen arratsaldeko gola. Ander Arabaolazak gorputzarekin ondo babestutako baloia eskuin hegalera zabaldu zuen, Iñigo Arzalluzekin jokatzeko. Iñigo ziztu bizian area barruan sartu zen eta atzoko egunean protagonista izan zen Mikel Arzalluzi egin zion pasea. Golegileak, bakarrik zegoela baliatuta, lurretik behartuta huts eta batekoaren gola egin zuen.
Hegaletatik min egiten jarraitu zuten gureek, defentsan lesakarrek ez baitzieten lan gehiegi jarri. Espazio handiak aurkitu zituzten gorrixek zelai erditik aurrera lehen zatiaren amaiera aldera, eta eraso onak egin bazituzten ere, etxekoen atezaina adi egon zen bere areatik irten eta baloi bat baino gehiago mozteko.
Huts eta batekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek. Anaitasunak Lesakako partidarako jarria zuen helburuetako bat betea zuen ordurako. Atsedenaldira iritsi aurretik jokatu beharreko 26 minutuetan gol bat egin eta abantailarekin aldageletarako bidea hartzea zen Igor Quindosen taldeak zuen asmoetako bat.
Bigarren zatiaren kolorea, ordea, aldatu egin zen. Hasi eta segituan Josu Godoyk txartel horia ikusi zuen area ertzean egindako falta batengatik. Etxeko taldea erasokor, oldarkor zelairatu berdinketaren golaren bila, eta arrisku gehiegi egin ez bazuten ere, arriskuaren sentsazioa handia izan zen Remen atezainaren arean. 64. minutuan gertu izan zuen Anaitasunak huts eta bikoa korner jokaldi batean. Ander Arabaolaza lehen zutoinean baloia errematatzetik gertu izan zen, eta bigarren aldaratze batean Beñat Landak baloia atera jaurti zuen arren, Lesakako jokalari baten soinean jo eta urruntzea lortu zuten berdez jantzitakoek.
Gure mutilek gogor jardun zuten defentsa lanean, baina lan hori bikoiztu egin zitzaien Josu Godoyk merezi ez zuen bigarren txartel horia ikusi zuenean. Epaileak falta adierazi zuen zelai erdian, eta Godoyk baloia oinetara etorri zitzaionean urrundu egin zuen jokaldiari jarraituz. Epaileak, baina, aurpegia ikusi bezain laster atera zion bigarren txartel horia, eta Anaitasuna hamar jokalarirekin utzi zuen azken hogei minutuetan.
Asko sufritu zuten gorrixek. Remen atezain eibartarrak bi geldiketa on egin zituen, lehena 71. minutuan eta bigarrena luzapenera sartu aurreko jokaldian. Etxekoek gola ere egin zuten 73. minutuan, baina epaileak eta alboko marrazainak jokaldia baliogabetu zuten gola egin aurreko kontrola eskuarekin egin zuela argudiatuta. Ondo epaitutako jokaldia izan zen.
Segundoak minutu bihurtu ziren Mastegin, luze joan zen amaiera gure mutilentzat. Sufrituta izan bazen ere, Anaitasuna hiru puntu batzeko moduan izan zen Lesakako Mastegi zelaian. Azken garaipen horrekin, berriz ere lidertzan dira gure mutilak Hernani taldearekin batera. Bi taldeek 37 puntu dituzte sailkapenean. Igandean, berriz ere txapelketa honetako beste zelai zail bat bisitatuko du taldeak. Oñatiko Azkoagain zelaian Aloña Mendi taldearekin neurtuko ditu indarrak Anaitasunak igande arratsaldeko 16:30etik aurrera.