Sendo Oñatin

Aloña Mendi 1
Anaitasuna CD 3

Partida serioa egin zuten gorrixek Oñatiko Azkoagainen. Aloña Mendik bigarren minuturako egina zuen gola irauli zuten Markelek, Beitiak eta Iker Pastrianek

Anaitasunarekin batera lehen postuetan diren aurkariek irabazi ez zutela jakinda iritsi zen Anaitasuna Oñatiko Azkoagain zelai txikira. Anaitasunak ez zuen zirrikiturik aurkitu nahi zuen futbola egiteko, eta halabeharrez bestelako jokamolde bat egin behar izan zuen. Geldikako jokaldiek sekulako garrantzia hartu zuten oñatiarren zelaian, neurketako lau goletatik hiru modu horretan iritsi baitziren. Gure mutilen sendotasun zantzuak agerian gelditu ziren Oñatin.

Neurketa, ordea, ez zen nahi bezala hasi. Partida bigarren minutuan sartzera zihoala, Aloña Mendik korner jokaldi baten aldaratzea baliatu zuen gola egiteko. Asko nahastu zen jokaldia, eta bigarren zutoinean zen jokalariak buruz bat eta hutsekoaren gola egin zuen. Aldapan gora jarri zitzaion neurketa Anaitasunari, gol hori jasota lan bikoitza egitera behartu baitzuen Quindosen taldea.

Jokoan nagusi izan zen Anaitasuna. Aloña Mendi horma bezala atzean jarri zen, eta gureei asko kostatu zitzaien hasiera batean txantxikuen lerroa gainditzea. Minutuek aurrera egin zuten moduan, mutilek aurkariaren area zapaltzea lortu zuten, eta golaukerak iristen hasi ziren. 14. minutuan Markel Eskurtzak gertu izan zuen gola hegaleko falta batean. Beitiak baloia orraztu ondoren, bigarren zutoinera iritsi zen erdiko atzelaria, baina gutxi falta izan zitzaion baloia ukitzeko. Handik bost minutura area kanpotik Unai Aranbarrik baloiari emandako zartakoa ere langara joan zen.

Nagusi zen Azkoagainen Anaitasuna, neurketa berdintzeko gola egitea falta zitzaion soilik. Gol hori 22. minutuan iritsi zen. Iñigo Arzalluzek korner erdiraketa bikaina egin zuen bigarren zutoinera, eta Markel Eskurtzak bere markatzaileari lekua bikain irabazita, bakarrik egin zuen errematea buruz banakoa egiteko. Merezitako gola iritsi zen Anaitasunarentzat.

Gorrixek erasoan jarraitu zuten etenik gabe, eta mutilek egindako lanak bere saria eman zion Anaitasunari. 30. minutuan falta adierazi zuen epaileak eskuin hegalean. Aramendik atera jaurti zuen arren, Oier Beitiak buruz atzeraka baloia ukitu eta abiadura harrigarri batean baloia sareetara joan zen atezainaren gainetik. Ezin izan zuen ezer egin etxekoen atezainak jokaldi horretan. Gure mutilek markagailua iraultzea lortu zuten.

Bat eta biko emaitzarekin aurretik ziren, baina dena ez zen ona. Markel Eskurtzak min hartu zuen ezker iztarrean, eta aldageletatik bueltan zelaia utzi beharrean izan zen. Bigarren zatian froga egiteko asmoz zelairatu bazen ere, segituan utzi zuen berdegunea erdiko atzelariak. Unaik hartu zuen Markelen lekua eta berdegunera Beñat Landa erdilaria zelairatu zuen Quindosek. Aloña Mendik bigarren zatiko lehen bost minutuetan egin zituen saiakera neurketa berdintzeko, baina etxekoen sua itzaltzen joan zen minutuek aurrera egin ahala. Izagirrek ere mina sentitu zuen iztarrean, eta Godoyk hartu zuen bere lekua.

Gure mutilek ez zuten gehiegi sufritu, eroso aurkitu ziren jokalariak, eta kontraerasoak ere izan zituzten azken minutuetan neurketa lehenago erabakitzeko. 76. minutuan Mikel Aramendiren jaurtiketa atepetik atera zuten oñatiarrek. 85. minutuan, eskuin hegaletik Mikel Arzalluzek egindako jokaldian Iker Pastrianen burukada atezainaren eskuetara joan zen. Baina luzapeneko bosgarren minutuan gureek ez zuten barkatu.

95. minutuan erabaki zuen Anaitasunak Azkoagaineko neurketa. Aloña Mendiren zelaian presio lan ona egin zuten gure mutilek, eta Aramendik ostutako baloia Iker Pastrianek jaso zuen etxekoen areatik metro gutxira. Pixkanaka aurkaria bere arean sartzea lortu zuen Ikerrek, eta eskuinez maisuki, zutoinaren ondotik bat eta hirukoaren gola egin zuen aurrelariak. Pozarren ospatu zuten Azkoititik joandako dozenaka lagunek. Beste behin jendetza batu zen Oñatin Anaitasuna ikusteko.

Txapelketako bi zelairik zailenak jarraian konkistatu dituzte gureek, Lesakakoa lehenik eta Oñatikoa ondoren. Azken sei puntu hauekin sailkapeneko lehen postuan dira gure mutilak. Datorren asteburu honetan, Anaitasunak Ostadar taldea hartuko du Txerloian larunbat arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Gehitzen jarraitzeko beste aukera bat dute Igor Quindosenek.