Egun gaiztoa Txerloian
| Anaitasuna CD | 0 |
| Ordizia | 2 |
44. minutuan Ordiziak egindako golak min egin zien gureei, eta bigarren zatian hamar jokalarirekin geratu izana asko somatu zuen taldeak
Igor Quindosen taldeak ez zuen egunik onena izan. Hasierako minutuetan nagusi izan arren, atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian gola egitea lortu zuten bisitariek korner jokaldi batean. Bigarren zatiko 15. minutuan, Joritz Badiolak bigarren txartel horia ikusi zuen, eta taldeak hamar jokalarirekin jokatu behar izan zuen azken orduerdian. Ordiziak aldea handitzeko zulo handiak aurkitu zituen orduan, eta bigarren golarekin erabakita utzi zuen neurketa Txerloian.
Hasierako minutuetan garbitasunez jokatu zuen Anaitasunak, eta lehen ordulaurdenean aukera garbiak egin zituen. Neurketa goitik behera alda zezakeen abaguneak egin zituzten Quindosen mutilek. Lehena lehen minutuan iritsi zen. Aramendik area barruan eskuinez egin zuen jaurtiketa, eta atezainaren aldaratzea gutxigatik ez zuen jaso Izagirrek. 12. minutuan berriz ere IƱigo Arzalluzen aldetik jokatu zuen taldeak, baina hegal batetik besteraino egindako pasearekin, Aramendik jaurtiketa egiteko modua aurkitu zuen. Bere ezkerkada indartsua sareetara zihoala ematen bazuen ere, atezainaren eskuin zutoinean jo eta kanporako bidea hartu zuen baloiak.
Ordiziak, golaz gain, aukera garbi bakarra egin zuen. Abagune hori 28. minutuan izan zen. Jokaldi zoro batean ordiziar jokalari bat Xubanen aurrean bakarrik gelditu zen, eta jaurtiketa egin bazuen ere Xuban Badiola atezainarekin egin zuen topo. Bere oinek baloia urruntzea lortu zuten.
Azken ordulaurdenean asko orekatu zen neurketa. Bisitariek euren lerroak ondo elkartu zituzten, eta Anaitasunari ez zioten jokatzen utzi ere egin. Ordiziak denbora luzez jardun zuen Anaitasunaren zelaian baloiarekin. Jokoz ordiziarren minuturik onenak izan ziren.
Partida atsedenaldira hutsean joango zela zirudienean, Ordiziaren aldeko kornerra adierazi zuen epaileak. Korner horretan bertan, lehen zutoinean buruz egindako errematearekin arratsaldeko lehen gola iritsi zen. Bakar-bakarrik egin zuten gola bisitariek. Anaitasunari min handia egin zion ordiziarren lehen golak.
Aldageletatik bueltan partida iraultzeko desioarekin zelairatu ziren gure hamaika jokalariak, baina gauzak asko okertu ziren. 60. minutuan Joritz Badiolak bigarren txartel horia ikusi zuenean. Goierritarren kontraeraso bat moztera joan zen erdiko atzelaria, eta beltzez jantzitako gizonak ez zuen zalantzarik egin txartela ateratzerako orduan. Galera handia izan zen taldearentzat gizon bat galtzea.
Partida erabat hautsi zen Anaitasuna hamarrekin gelditu zenean, eta gola egin aurretik Ordiziak aukera batzuk izan zituen gola egiteko. Kontraerasoan irteten asmatu zuten bisitariek, eta gure mutilei min egin zien jokatzeko modu horrek. 76. minutuan egin zuten kanpokoek huts eta bikoa, eta gol horrekin erabakita utzi zuten neurketa. Handik gerora ezer gutxi ikusi zen Txerloian. Neurketa jada luzapenean zela, Aramendik, gorrixen neurketako jokalaririk aktiboenak, area kanpotik egindako ezkerkadarekin aldea murrizteko aukera izan zuen, baina markagailua mugitu gabe, galdu egin zuten gureek.
Denboraldiko bigarren porrota jaso zuten mutilek Txerloian. Egun txarra izan zen gureentzat, ezer irteten ez den egun horietakoa. Orain, asteazkenean, Ordiziaren aurkako partida ahaztu eta Beti Gazteren aurka jokatuko beharko dute gureek. Lesakarren aurkakoa arratsaldeko 20:00etan hasiko da Mastegin, eta guk zuzenean kontatuko dugu gure Twitter kontu ofizialetik.