Neguko txapeldunak
| Anaitasuna CD | 4 |
| Elgoibar | 0 |
Lehen zatian taldeak espazio handiak aurkitu zituen Elgoibarri min egiteko, baina bigarrenean partidaren erritmoa asko jaitsi zen
Anaitasuna neguko txapelduna da. Lesakan jokatu beharreko neurketaren faltan, Ohorezko Mailako taldeak lehen postua ziurtatu zuen atzo, larunbata, Elgoibarren aurka. Anaitasunak lehen zatian nahi zuen jokoa egiteko espazio handiak aurkitu zituen, eta zelaiaren egoerak ere lagundu zuen bisitarien lerroak azkar hausten. Bigarrenean, baina, euria eta nekea Anaitasunaren arerio bihurtu ziren, eta ordura arte egindako jokoa moteltzea lortu zuten. Ez ziren lehen zatian adina aukera izan Txerloian.
Amaitu bezala hasi zuten mutilek urtea. Elgoibarren aukera guztiak ezerezean uztea lortu zuen hasieratik Anaitasunak, eta bisitariek gureen jokoa gelditu nahian aritu ziren hasieratik. Lehen zatian eroso jardun zuen taldeak, beti ere baloiarekin. Lehen minutuetan espazio handiak izan zituen Anaitasunak aurrean. Elgoibarrek atzeko lerroa zeharo aurreratuta izan zuen lehen minutuetan, eta gureen pase luze batekin bisitariek estuasun bat baino gehiago izan zituzten.
Iñigo Arzalluz izan zen protagonista lehen minutuetan. Eskuin hegaleko jokalariaren bitartez iritsi zen Anaitasuna Elgoibarren atera, eta arrisku handiarekin gainera. Iñigo ez zen fin ibili azken metroetan, eta bere lekukoa Ander Arabaolazak hartu zuen. 27. minutuan, korner jokaldi batean, lehen zutoinean baloia ukitzea nahikoa izan zuen bat eta hutsekoa egiteko.
Elgoibarko jokalari batek min hartu zuela eta, jokoa etenda izan zen minutu luzez. Harmailak txalo artean agurtu ondoren berrekin zitzaion neurketari. Anaitasunak berriz ere korner jokaldi batean egin zuen bigarren gola. Unai Aranbarri kapitainak 43. minutuan landutako jokaldi batean Elgoibarko atezaina gainditzea lortu zuen buruz eskuin zutoinaren ondotik.
Nagusi izan zen taldea jokoan, eta markagailuak ere gauza bera erakusten zuen atsedenaldian. Ordura arte taldeak joko ona eta bizia egin zuen zelaian, baina aldageletatik bueltan mutilak ez ziren gai izan abiadurari eusteko. Quindos entrenatzaileak Mikel Aramendi zelairatu zuen, minutu onak eman zituen Oier Elorzaren ordez.
Elgoibar aldea murrizteko asmo garbiarekin irten zen bigarren zatian, eta metro batzuk irabazita Anaitasunari kendu zion protagonismoa minutu gutxi batzuetan. Halere, Txerloian iada ohikoa bihurtu den moduan, Anaitasuna bigarren zatian hasi eta segituan erabaki zuen neurketa. Mikel Aramendik atea ikusi zuen lehen jokaldian egin zuen hiru eta hutsekoa. Lehen saiakeran eskuinez jaurti zuen atera, baina aldaratzea ezker oinera iritsi ondoren, azpitik eta zutoinaren ondotik gola egitea lortu zuen.
Hirugarren golaren ondoren Elgoibarrek behera egin zuen nabarmen, eta Anaitasunak baloiaren atzetik ibiliarazi zuen arerioa. Korner jokaldi batean, ordea, gertu izan zuten bisitariek gola. Bigarren zutoinean bakar-bakarrik egin zuten errematea elgoibartarrek, baina burukada gora joan zen zuzenean.
Aukera gutxi egin zituen Anaitasunak ere, baina aldaketek freskotasuna eman zioten taldeari. Xabi Soraluze zelaira irten berriak pare bat aukera izan zituen gola egiteko, baina lau eta hutsekoa Ander Pastrianek egin zuen. Ioannes Garatek bigarren zutoinean jaso zuen aldaratzea, eta bere pasearekin Ander Pastrianek gola egitea lortu zuen lehen zutoinera egindako mugimendu on bat eta gero.
Gainetik pasatu zen Anaitasuna Elgoibarren aurka. 2015/16 denboraldian Igor Quindosen taldeak 34 puntu lortu zituen. Aurten zenbaki horiek berdintzea lortu du, eta Lesakan Beti Gazteren aurka jokatuko duen neurketan marka horiek hobetzeko aukera izango du. Elgoibarri irabazi ondoren, Anaitasuna neguko txapelduna da.