Partida borobila urtea lider amaitzeko

Anaitasuna CD 5
Amaikak Bat 0

Maila handiko golak ikusi ziren denboraldiko bederatzigarren garaipenean. Taldeak aspaldiko neurketarik borobilena egin zuen Amaikak Bat taldearen aurka

Amaikak Batek bere zelaian itxaron zion Anaitasunari, baina gure mutilek ez zuten arazorik izan bisitariek ezarritako lerroa hausteko. Lehen zatian Aramendi eta Landaren golekin bideratu zuen Anaitasunak neurketa. Bigarren zatian, kanpokoek aurrera egin nahi izan zuten, baina Aramendiren bigarren golak neurketa erabakita utzi zuen. Ondoren festara Mikel Arzalluz eta Iñigo Arzalluz gehitu ziren, eta gol horiekin neurketa bost eta hutsekoarekin amaitu zen, nahiz eta gehiagorako aukerak egin taldeak.

Bisitariek hasiera-hasieratik eman zioten baloia gorrixei, eta gureek lehen minututik amaierara arte kontrolatu zuten neurketa. 12. minutuan iritsi zen bat eta hutsekoa. Area ertzean Ander Arabaolazari eskuekin heldu zioten eta falta horretan bertan egin zuen gola Anaitasunak. Mikel Aramendik ezkerrez atezainaren aldera jaurti zuen baloia gol zoragarri bat eginez.

IMG 9247

Mikel Aramendik falta jaurtiketa honetan egin zuen bat eta hutsekoa (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Gureek beste bi aukera egin zituzten gola egiteko, baina Amaikak Batek ere izan zuen bere abagunea. 22. minutuan korner jokaldi batean lehen zutoinean egin zuten errematea debarrek, baina baloiak bigarren zutoina gaindituz kanporako bidea hartu zuen zentimetro gutxigatik. Bisitariek neurketa guztian egindako aukerarik garbiena izan zen.

Neurketak bide beretik jarraitzen zuen, eta Anaitasunak eskuin hegaletik min egiten jarraitu zuen. Jokaldi nahasi baten ostean, Mikel Arzalluzek ondo borrokatutako baloia erdiratzea lortu zuen. Erdiraketa ona egin zuen aurrelariak, eta Beñat Landak atzetik area zapalduz bi eta hutsekoa egin zuen eskuinez.

Atsedenaldiaren aurretik aipatzeko bi jokaldi izan ziren Txerloian. Anaitasunak ondo jokatzen jarraitu zuen, baina 29. minutuan Xabi Soraluce lurrera bota zuten Debako atzelariek. Penalti garbia izan zen arren, epaileak ez zuen horrelakorik adierazi. Aldageletara joan aurretik, Ander Arabaolaza aurrelariak buruz egindako errematean gertu izan zuen Anaitasunak hirugarren gola.

Erabaki gabe, baina bideratuta utzi zuen neurketa lehen zatian Anaitasunak. Amaikak Bat taldeak aurrera egin zuen bigarren zatiaren hasieran gure mutilek hirugarren gola egin arte. 54. minutuan Unaik eta Landak hasitako jokaldia Mikel Aramendiren golean amaitu zen. Bi erdilariek bat-biko ona egin zuten Izagirrerekin jokatzen irteteko. Hegaleko atzelariak korrikaldi luzea egin zuen atzelari bat atzean utzi eta erdiraketa egiteko. Erdiraketa pasatzen utzi zuen bi oinen artetik Mikel Arzalluzek, bere atzean baitzegoen ezkerrez hirugarren gola egitea lortu zuen Aramendi. Hiru eta hutsekoarekin erabaki zen neurketa Txerloian.

Baloiaren kontrolaz gain, kontraerasoan ere min egin zuen Anaitasunak. Unai Aranbarrik ondo neurtutako pasearekin taldea kotraerasora irten zen jokaldian iritsi zen laugarren gola. Kapitainak Mikel Arzalluzi egin zion pasea, eta indar eta abiadura handiz Mikelek atezainaren aurrean jaurtiketa gurutzatzea lortu zuen ezkerrez. Egin zuen neurketa onaren saria jaso zuen aurrelariak golarekin.

Azken golaren aurretik ere egin zituen Anaitasunak abaguneak, nagusi baitzen zelaian. Balantza Anaitasunaren aldera eroria zen aspalditik, eta gureek duten jokorik onena erakusten jarraitu zuten, erraztasun handiarekin iritsi baitziren aurkariaren atera. Bisitarien huts batetik iritsi zen Anaitasunaren bosgarren gola ere. Minutu oso onak eman zituen Oier Elorzak baloia ostu zion Amaikak Bat taldeko azken atzelariari, eta jokaldi dotore baten ondoren, Iñigo Arzalluzi egin zion pasea honek 84. minutuan azken gola egin zezan.

Ondorengo minutuetan Ander Pastrianek ere izan zuen aukera, baina golak hurrengo partidarako gordetzea erabaki zuen Anaitasunak. Bost eta hutsekoarekin eta erakustaldi handi batekin agurtu du Anaitasunak ahaztezina izango den 2016. urtea. Talde txapeldun handi baten zenbakiak egin ditu taldeak, eta aurreko urtean lortu ez zuen helburua lortzeko amorru biziz ekingo diote jokalariek urte berriari. Lidertzan, ondo dira gorrixek.