Puntuz-puntu, gehitzen

Oiartzun 0
Anaitasuna CD 0

Beste behin Anaitasunak aurkaria baino meritu gehiago egin zituen neurketa irabazteko. Aukera asko huts egin ostean, puntu bat gehiago batu zuen Igor Quindosen taldeak

Atzeko lerroan apenas sufritu zuen Anaitasunak. Etxeko taldeak aukera garbi bakarra egin zuen, eta oro har gorrixek izan ziren aukera gehiago sortu zituztenak. Hasiera bikaina egin zuen taldeak, baina pixkanaka oso joko bertikala hasi zen egiten, eta ez zen Oiartzun ezustean harrapatzeko gai izan.

Neurketa astuna ikusi zen Karla Lekuona zelaikoa. Zelai astuna aurkitu zuten gureek, eta erritmo motelean aritu ziren bi taldeak. Intentsitatea eta borroka, ordea, ez ziren falta izan eta Anaitasunak bikain ekin zion neurketari. Baloia ondo mugituz, espazio handiak aurkitu zituen futbol ona egiteko, eta bide batez aurkariaren atera iristeko.

Lehen aukera Iñigo Arzalluzen oinetatik izan zuen taldeak. Eskuin hegaletik ezkerraldera mugitu zuten baloia mutilek, eta etxekoen atzelariak egindako hutsaren ondoren, Iñigok baloia jaso eta area ertzeraino eraman zuen oinetan itsatsita. Ezkerrez egin zuen jaurtiketa hegaleko jokalariak, baina zuzenean atezainaren eskuetara jaurti zuen. Anaitasunaren lehen abagunea izan zen.

Etxekoek euren zelaitik irten ezinda jarraitzen zuten, baina hegaleko sake luzeetatik egin zuten lehen aldiz Xubanen ate inguruan arriskua. Arazorik gabe kontrolatu zuten neurketa gure mutilek, Oiartzunek zelai erdi inguruan hasten baitzuen presioa. Kontuak kontu, etxekoek aurrera egin zuten. 33. minutuan gureek zelai erdian egindako huts batean lehen gola egitetik gertu izan ziren oiartzuarrak. Xuban atezainari egindako atzerako pasea motz gelditu zitzaien gureei. Etxekoen kapotainak jaurtiketa egin bazuen ere, Xubanek gelditu ikaragarri batekin kornerrera urrundu zuen baloia.

Atsedenaldiaren aurretik, 41. minutuan, Anaitasunak beste aukera bat galdu zuen alferrik. Iosu Godoyk ezker hegaletik eskuin oinarekin egin daitekeen erdiraketa onena egin zion Mikel Arzalluzi. Atzelarien lerroa gainditzea lortu zuen Godoyk erdiraketarekin, eta horien bizkarrean zen Mikel Arzalluzengana iritsi zen baloia. Halere, aurrelari gazteak ez zuen baloia jotzen asmatu. Gola egiteko aukera ona izan zuen taldeak atsedena hartu aurretik.

Bigarren zatiaren hasieran ere Anaitasunak baloia oinetan izan zuen. Ez zuen denbora luzean izan baloiaren jabetza, baina baloia oinetan zuela iritsi zen bigarren zatiko lehen aukera ere. Zulaikak ateratako hegaleko sakea Mikel Arzalluzek jaso zuen. Aurrelariak Aramendirekin jokatu zuen barruraka, eta ezker jokalariak atzelarien artetik egindako pasera Iñigo Arzalluz iritsi zen. Behartuta iritsi zen agian Iñigo, eta bere jaurtiketa ezkerrez gora joan zen. Oiartzunek hegaleko falta batean izan zuen bigarren zatiko aukera bakarra. Erdiko atzelariak area barruan buruz egindako errematea kanpora bidali zuen zuzenean.

Neurketak astuna izaten jarraitu zuen, aukera gutxirekin. Joko luzea praktikatu zuten bi taldeek, eta zailtasun handiak izan zituzten atzeko lerroa gainditzen. Anaitasunak noizean behin garbi irtetea lortzen zuen ezker hegaletik, baina inoiz ez zen iritsi Oiartzun estutzera.

Neurketa amaiera aldera hurbildu zenean, Anaitasuna garaipena lortzetik gertu izan zen. Korner jokaldi batean ondo borrokatu zuten gorrixek eta bi ukituren ostean, aldaratzea Beñat Landak bakar-bakarrik jaso zuen. Erdilariak errematea bigarren zutoinean egin zuen, baina eskuin oinarekin egindako jaurtiketa zuzenean gora joan zen. Aukera garbia izan zuen Anaitasunak hiru puntu gehitzeko.

Bestelako estuasunik gabe amaitu zen neurketa Karla Lekuonan. Anaitasunak banaka, baina puntuak batzen jarraitzen du. Irabazi ezin denean, ez galtzeak sekulako garrantzia izaten du, are gehiago Ohorezko Mailan dagoen berdintasuna ikusita. Datorren larunbatean, zirrara baino tristura gehiago sortu duen 2016. urtea agurtuko du Anaitasunak. Debako Amaikak Bat taldea jasoko dute gureek Txerloian. Azken hiru berdinketen ostean, garaipen batekin agurtu nahi du urte zaharra.