Berdinketa, eta eskerrak

Anaitasuna CD 2
Touring 2

Anaitasunak Touringek baino gehiago erakutsi zuen garaipena lortzeko, baina luzapenean errenteriarrek hirugarren gola egin eta Txerloiatik hiru puntuak emateko bi aukera egin zituzten

Kontrolik gabeko neurketa izan zen igande arratsaldean Txerloian jokatu zena, baina neurketa kontrolatzeko saiakera gehien egin zituen taldea Anaitasuna izan zen. Neurketara ondo sartu zen Igor Quindosen taldea, eta aukerak bata bestearen atzetik iritsi ziren Touringen atera. Laster hartu zuen aurrea Anaitasunak, baina atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian, errenteriarrek gureen gaizkiulertua baliatu zuten banakoa egiteko. Bigarren zatian ere zailtasunak aurkitu zituzten gorrixek, baina zelairatu berria zen Anderren eskutik iritsi zen bi eta batekoa. Bost minutura, ordea, berdinketa lortu zuten berriz ere bisitariek. Amaierara egoera asko aldatu zen, eta puntua ontzat eman beharrean aurkitu zen Anaitasuna.

Partidara ondo sartu zen Anaitasuna, gureek izan baitzituzten aukera guztiak. Seigarren minuturako gure mutilek hiru aukera garbi izan zituzten. Lehena Iñigo Arzalluzen oinetatik iritsi zen. Markel Eskurtzak egin zuen joko aldaketa ikaragarria izan zen, baina Iñigok egindako kontrola ere ezin da atzean utzi. Kontrolarekin area barrura sartu zen, baina jaurtiketak atezainaren soinean jo zuen.

Ondorengo aukera, bosgarren minutuan, Mikel Arzalluzek izan zuen. Berriz ere Markelek hasi zuen jokaldia, eta errenteriarren hutsa baliatuz, Ander Pastrian eta biak agertu ziren aurkariaren area barruan. Pastrian anaietan gazteenak Mikel Arzalluzekin jokatu zuen, baina ez zuen asmatu atezainaren aurrean. Seigarren minutuan ere izan zuen Anaitasunak bere aukera. Iñigo Arzalluzek Mikel Arzalluzen pasea jaso zuen ezker hegalean. Nahiz eta hegaleko jokalariak gola egitea lortu, marrazainak Iñigo jokoz kanpoko posizioan zegoela adierazi zuen.

Halere, zaleek ez zuten gehiegi itxaron behar izan gola ikusteko. 12. minutuan Beñat Landak bere zelaitik egindako urruntzea baliatu zuen Mikel Arzalluzek. Touringeko atezaina eta atzelaria ez ziren behar bezala ulertu, eta atezainak bere areatik irten zuela ikusita, Mikelek baloia jaurtiketa egiteko prestatu zuen. Baloi mugimendua bikaina izan zen, eta jaurtiketa hare hobeagoa. Bat eta hutsekoarekin aurretik zen Anaitasuna merezimendu osoz.

Golaren ostean, baina, Touringek pausotxo bat egin zuen aurrera, eta estuago hartu zuen Anaitasuna. Bisitariak gutxitan iritsi ziren Xubanen atera, eta ondorioz ez zuten arriskurik sortu. Halere, gureen huts bat baliatuta, berdinketaren gola lortu zuten. Xuban eta Godoy ez ziren nahi bezala ulertu, eta Touringeko aurrelariak buruz baloia ostu ondoren oinarekin gola egitea lortu zuen.

Bigarren zatian lehen zatiko gidoia berriz errepikatu zen. Anaitasuna aurkaria baino indartsuago zelairatu zen, eta aukerak egin zituen. Lehena Mikel Arzalluzen jokaldi ikusgarri baten ondoren iritsi zen. Eskuin hegalean aurkaria ukitu batekin atzean utzi ostean, Mikel Aramendik ez zuen jokaldia amaitzen asmatu. 56. minutuan, Ander Pastrian ezker hegaletik area ertzera sartu zen, baina jaurtiketa ondo gurutzatzu zuen arren, zutoinaren ondotik kanpora joan zen.

Segituan zelairatu zen Ander Arabaolaza, 60. minutuan zehazki. Taldeak azken metroetan irabazi egin zuen, eta ondo nabaritu zen hori ondorengo minutuetan. Mikel Aramendi, esaterako, bi eta batekoa egitetik gertu egon zen Anderrek orpoz egindako pasearen ostean.

Bi eta batekoa 72. minutuan iritsi zen Txerloiara. Zelai erdian Landak eta Unaik baloia ukitu ostean, kapitainak Oier Elorzari egin nahi izan zion pasea jaso zuen Ander Arabaolazak. Aurrean inor aurkitu ez zuenez, bi pauso bizkor egin zituen area barruan sartzeko, eta ezkerrez egin zuen jaurtiketa gurutzatua, oraingoan bai, sareetara bidali zuen aurrelariak.

Aldea handitzeko beste aukera bat ere izan zuen zelairatu berriak, baina hor amaitu ziren Anaitasunaren erasoaldiak. 78. minutuan, bisitariek jokaldi ero batean berdinketa lortu zuten. Zelai erdian barrena, jokalariak atzean utziz joan zen kanpokoen aurrelaria, eta alboan zuen jokalariari pasea egin zion hark berdinketa lor zezan. Ondo amaitu zuten jokaldia Touring taldekoek.

Azken minutuetan errenteriarrek Anaitasunak baino gehiago sinetsi zuten garaipenean, egoerak hala erakutsi baitzien bisitariei. Jokoz kanpokoaren muga mugan zen aurrelariak baloi luze bat harrapatu zuen, eta Xubanen areara bakarrik sartu baino lehen Markelek atzetik sarrera egin zion lurrera botatzeko. Txartel gorria erakutsi zion zuzenean epaileak atzelariari.

Falta honen ostean, jada luzapenean, Touringek aukera bikoitza izan zuen. Falta jaurtiketa atera egin zuten errenteriarrek. Xubanek baloia urrundu bazuen ere, baloiak ezker zutoinean jo zuen. Aldaratzea ere ez zen urrutira joan, eta jokaldi berean bisitariek zutoin bera jo zuten. Estu eta larri izan baldin bazen ere, Anaitasunak baloia urruntzea lortu zuen puntu bat batzeko.

Nahiz eta gehiago merezi, ontzat jotzeko moduko puntua gehitu zuen Anaitasunak Txerloian Touringen aurka. Datorren asteburuan Oiartzungo Karla Lekuona zelaian jokatuko dute gure mutilek (Larunbata, 15:30). Lidertzan jarraitzen dute gureek, baina hiru punturen bueltan zazpi talde daude 13. jardunaldia eta gero. Oreka da nagusi aurtengo denboraldian.