Itzuli da Anaitasuna
| Anaitasuna CD | 4 |
| Hondarribia | 0 |
Neurketa erabakitzea zerbait kostatu zitzaion arren, Anaitasunak ez zuen arazorik izan Hondarribia mendean hartzeko
Bi neurketa garaipenik lortu gabe egon ondoren, Anaitasuna berriz ere bide onean da. Larunbatean Hondarribiari lau gol egin zizkion, eta azken bi asteetan golarekin zuen lehortea ere atzean uztea lortu du. Nagusi izan zen taldea, baina lehen zatian ez zuen lortu neurketa bideratzea, eta bigarrenaren hasieran asko sufritu zuen Igor Quindosen taldeak.
Ondo irten zen taldea berdegunera, baina neurketa motel hasi zen eta ondorioz aukerak egitea gehiago kostatu zitzaien gureei. Aurkariak zituen hutsuneak ikusita, eskuin hegaletik min egiten hasi zen Anaitasuna, eta hegal horretatik bertatik iritsi zen Anaitasunaren gola. 14. minutuan Aitor Zulaikak alboko sakea IƱigori atera zion, eta Hondarribiako atzelariak zorabiatu eta gero, ikaragarrizko jaurtiketa egin zuen aurkarien atera. Goxo-goxo eskuin zutoinaren ondotik baloia sareetara joan zen.
Mutilek ez zuten aukera garbirik egin golaren ostean, baina Hondarribia ez zen bere zelaitik kanpo askotan ikusi, eta ez ziren gureak estuasunetan jartzeko gai izan. Halere, atsedenaldira iritsi baino minutu bat lehenago bisitariak neurketa berdintzetik gertu egon ziren. Aitor Zulaikak urrundu zuen Remen atezainak babesten zuen atetik baloia beldur guztiak uxatzeko. Bat eta hutsekoarekin aurretik ziren gureak atsedenaldian.
Bigarren zatian Hondarribia oldarkor sartu zen neurketan, eta beraienak izan ziren lehen aukerak. Anaitasuna bere zelaian sartzea lortu zuten aurkariek, eta gol bat ere egin zuten korner jokaldi batean. Marrazainak, ordea, korner erdiraketan baloiak zelaitik irten zuela adierazi zuen, eta epaile nagusiak bertan behera utzi zuen bisitarien gola.
Ordutik aurrera esnatu egin zen Anaitasuna, eta otso gaiztoa bihurtu zen Hondarribiarentzat. Bi eta hutsekoa 59. minutuan iritsi zen Mikel Arzalluz aurrelariaren eskutik. Zelai erdian baloia berreskuratu eta gero, Anderrek Mikel Arzalluzi egin zion pasea. Hondarribiako atezaina eta Mikel Arzalluz nor baino nor gehiago gelditu ziren area kanpoan. Hasiera batean atezainak baloia urruntzea lortuko zuela bazirudien arren, baloiak Mikel Arzalluzen oinean jo zuen eta ukitu batekin atezaina atzean uztea lortu eta jaurtiketa aparta egin zuen atera. Aurrelariak ez zuen hutsik egin bi eta hutsekoa egiteko.
Festara hurrengoa gehitu zena Ander Arabaolaza izan zen. Bost minutu beranduago, 64. minutuan, talde osoak parte hartu zuen jokaldiari amaiera ezinhobea eman zion aurrelariak. Atzeko mutil guztiek baloia ukitu ondoren, ezker hegalean zen Mikel Arzalluzek Mikel Aramendirekin jokatu zuen eta ezker jokalariak egin zuen erdiraketa ere jokaldiak eskatzen zuen modukoa izan zen. Penalti puntuan zegoen Ander Arabaolazari erdiraketa neurtua egin zion azpitik, eta Anderrek lehen ukituan atezaina gainditu zuen hiru eta hutsekoa egiteko.
Hondarribiak ere bere gola egitea nahi izan zuen Txerloian, eta 70. minutua bete baino lehen aukera garbia izan zuen helburua betetzeko. Remen atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen Hondarribiako jokalari bat, baina atezain eibartarrak oinekin baloia kornerrera bidaltzea lortu zuen.
Xabier Soraluce, Joritz Badiola eta Ander Pastrian zelairatu zituen Igor Quindosek laugarren gola egin aurretik. Goian egindako presio lanaren ondorioz, Anaitasunak baloia berreskuratu zuen area inguruan, eta Unai kapitainak egindako ukituari esker, Ander Pastrianek baloia ezkerrez ate barrura bidali zuen lau eta hutsekoa egiteko 75. minutuan. Jokaldi honetan ere atezainak ez zuen ondo neurtu irteera, eta ez zuen baloia ondo urruntzen asmatu.
Lau eta hutsekoaren ostean, Hondarribia jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen eta gureek bosgarrena egiteko aukerak egin zituzten. Zelairatu berria zen Xabi Soralucerenak izan ziren garbienak. Zelai erditik jaurtitzen ere saiatu zen. Nahiz eta atezaina gaindituta zuen, jaurtiketa ez zuen atera egin, eta gutxigatik kanpora joan zen baloia.
Epaileak ez zuen gehiagorako betarik eman, 90. minutu bete bezain pronto amaitu baitzuen neurketa. Azken bi asteetan golik egin gabe egon eta gero, gureak berriro ere garaipenaren bidera itzuli dira. Datorren asteburuan ere Txerloian jokatuko dute gureek, eta aurkari arriskutsu bat izango dute aurrean. Azken bi jardunaldiak jarraian galduta iritsiko da Mondragon Txerloira, baina sailkapeneko laugarren postuan dira gure mutilak baino bi puntu gutxiagorekin. Txerloian jokoan egongo diren hiru puntuak garrantzitsuak izango dira Aretxabaletara bisita egin aurretik.