Ofizio handiko garaipena

Anaitasuna CD 2
Mondragon 1

Anaitasunak lan berezia egin behar izan zuen futbolean ondo jokatu zuen Mondragonen aurka. Ander Arabaolazaren eta Mikel Arzalluzen golek Anaitasuna lider jarri da.

Lana izan zen larunbateko neurketako giltzarria. Anaitasuna estu hartu zuen Mondragon taldeak, eta ondorioz gureek ez zituzten aukera asko egin. Halere, zaleek ez zuten gehiegi itxaron behar izan bat eta hutsekoa ikusteko. 18. minutuan Ander Arabaolaza aurrelariak bat eta hutsekoa egin baitzuen. Pozak, ordea, ez zuen asko iraun bi minutura Mondragonek banakoa egin baitzuen. Golaren ostean bisitariena izan zen neurketa. Bigarren zatian ere estu izan ziren gureak, baina Mikel Arzalluzen gol bakartiak puntuak Txerloian gelditzeko balio izan zuen.

Goiko lerrotik egin zuen presio Mondragonek, eta bisitarien lanak zalantza asko sortu zizkien gureei. Ez ziren aurkariaren areara baloiarekin askotan iritsi, baina iritsi ziren lehen aukeretako batean, ez zuen hutsik egin Anaitasunak. 18. minutuan, eskuin hegaletik zabaldu zuen jokoa Oier Beitiak Mikel Arzalluzekin jokatzeko, eta Mikel Arzalluzek atzelari bat alboan utzi eta Anderren mugimendua ederki ikusi zuen. Ander Arabaolazari egin zion pasea, eta honek atezainaren aurrean baloia zentimetro batzuk altxatzea nahikoa izan zuen bat eta hutsekoa egiteko.

Txerloian piztu zen pozak, ordea, ez zuen askorako eman. Arrasatek bi minutura, 20. minutuan, neurketa berdindu zuen. Zelai erditik Xubanen areara botatako baloi luze batean bisitariek saria jaso zuten. Xubanek ez zion baloiari behar bezala heldu, eta eskuetatik ihes egin zion. Area ertzean zain zegoen arrasatear bat, eta aldaratzea jaso bezain laster jaurti zuen atera banakoa egiteko.

Kanpokoen gol horren ondoren, neurketa bisitarientzat izan zen. Arnasarik hartu gabe egin zuten eraso, inolako lotsarik gabe, eta gureen beherakada ikusita, gertu izan zuten bat eta bikoa hainbat jokalditan. Esaterako, jokoz kanpoko posizioan egindako mugimenduan, Mondragon taldeko aurrelaria Xuban atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen, baina oraingoan Xubanek duen maila erakutsi zuen. Bakarkakoan aurrelariak egin zion jaurtiketa urruntzeko moduan izan zen atezaina. Neurketaren egoera onena izan ez zen arren, Anaitasunak lehen zatiko azken bost minutuak bisitarien zelaian amaitu zituen.

Aldageletatik bueltan, gogotsu zelairatu ziren gure mutilak, bestelako aurpegi batekin, eta 47. minutuan Iñigo Arzalluzek Txerloia piztu zuen, area kanpotik egindako jaurtiketak langan jo baitzuen. Aurrez galdutako baloi bat errekuperatu zuen Izagirrek Mondragonen area kanpoan, Iñigok jaurtiketa egin aurreko pasea berea izan baitzen.

Norabide handirik gabe ibili zen baloia ondorengo hamar minutuetan, baina 57. minutuan neurketa erabakiko zuen gola egin zuen Anaitasunak. Baloia atzetik jokatuta atera nahi zuen jokaldian beste behin ondo egin zuten presio bisitariek, eta baloia luze jo beharrean aurkitu zen Markel. Pase horretan, Mondragoneko atzelariak ez zuen asmatu urruntzen eta baloia Beñat Landaren oinetara iritsi zen. Erdilariak lehen ukituan perfekzio osoarekin egin zion pasea erdiko bi atzelarien artean zen Mikel Arzalluzi, eta aurrelariak, ukitu batekin atezaina atzean utzi eta gola egitea lortu zuen ezkerrez.

Inoiz ez bezala ospatu zen Mikel Arzalluzen gola Txerloiako harmailetan eta Hooligans Anai taldea jarri zen aldean. Neurketa oraindik erabaki gabe zegoen, ordea, eta sufritu beharra egokitu zitzaion Igor Quindosen taldeari. Arrasateko taldeak lan asko eginarazi zion Anaitasunari, eta une batzuetan estuasun handietan jarri zuen taldea. Halere ez zuten aukera garbirik egin bisitariek. Atezainaren sake luze baten ezustean harrapatu zituzten gure atzeko mutilak, eta bat-biko ona egin zuten beste jokaldi batean adi egon zen Xuban baloia harrapatzeko.

Besterik gabe, asko sufrituta, baina ofizio handiz bigarren garaipena lortu zuen jarraian Anaitasunak etxean. Hondarribia eta Mondragon taldeei irabazi eta gero, sailkapeneko lidertzan dira gure mutilak Amaikak Bat taldearekin batera. Asteburuko garaipenak, eta Amaikak Bat eta Aretxabaleta taldeen porrotekin, honela dago Ohorezko Mailako sailkapena une honetan: Gureak dira lehenak 25 punturekin, bigarren Amaikak Bat dago Anaitasunaren puntu berdinekin, eta 23 punturekin da gorrixek asteburuan izango duten arerioa, Aretxabaleta.

Igandean izango da Aretxabaleta eta Anaitasunaren arteko lehia Ibarrako zelai gogorrean. Aretxabaleta azken hiru jardunaldietan ez da irabazteko gai izan. Mutriku, Zarautz eta Real Unionen aurka bi puntu besterik ez ditu batu, eta horrek sailkapenean lortua zuen postua galtzera eraman du Aretxabaletako taldea. Igandean 16:30ean hasita, Ohorezko Mailan ikusi daitekeen neurketarik sutsuena ikusteko aukera izango da Ibarrako zelaian. Gure zaleen presentzia ezinbestekoa izango da Aretxabaletatik baliagarria izan daitekeen zerbait ekartzeko.