Puntu banaketa Irunen

Real Union 0
Anaitasuna CD 0

Gehiago egin ezin denean puntua ona izaten da, eta Gal zelaian batutakoa ontzat jo daiteke nahiz eta neurketa eramateko Real Unionek baino meritu gehiago egin zituen Anaitasunak

Neurketa zuzena ikusi zen Gal zelaian atzo, igandean. Euri asko egin zuen neurketa hasi aurretik Irunen, eta zelaiaren egoerak ez zuen uzten baloia behetik jokatzen. Bi taldeek joku zuzena egin zuten, atzelarien bizkarra aurkitu nahian. Hala ere, atsedenaldiaren ostean zelaia asko hobetu zen, eta Anaitasunak baloia hartu zuen Real Unionek bost atzelarirekin jokatzeko erabakia hartu eta gero. Gureak etxekoek baino gehiago iritsi ziren aurkariaren atera, baina ez zuten atea zulatzerik lortu.

Neurketara bi taldeak gogotsu zelairatu ziren, bai baitzekiten gola lehena egitea lortzen zuenak asko irabazita izango zuela. Lehen aukera, eta neurketako abagunerik garbiena Mikel Arzalluzek izan zuen. Eskuin hegaletik eraman zuen jokoa Anaitasunak, eta Mikel Arzalluzek area barruan egindako jaurtiketa atezainak kornerrera urruntzea lortu zuen. Aukera oso garbia izan zen Mikelena, 90 minutuetan izan zen garbiena.

Seigarren minutuan, ordea, aukera beste aldean izan zen. Real Unioneko aurrelariak buruz atzera ukitutako baloian, hegaleko jokalaria ziztu bizian sartu zen Xubanen areara. Beste hegaletik, ordea, Aitor Zulaika azkarrago ibili zen jada Xuban gaindituta zuen aurrelariari baloia moztu, eta bide batez etxekoen gola ekiditeko.

Minutuek aurrea egin ahala, joan-etorriko neurketa bihurtu zen Irungoa. Bi taldeetako inor ez zen argitasunez iristen aurkariaren area ingurura, baina erritmo handiz jokatu zuten bi taldeek. Neurketaren egoera horrek lan eta esfortzu handia eskatu zien bi taldeei defentsa lanetan elkartzerakoan. Ondo bete zuten, aldageletarako bidea markagailua hutsean zela hartu baitzuten bi taldeek.

Bigarren zatian, Real Unionek baloia eman zion Anaitasunari, eta zelaiaren egoerak hobera egin zuela ikusita, atzetik baloia ateratzeko moduan izan zen Igor Quindosen taldea. Zelai erdian kokatu ziren bigarren zatiaren lehen minututik irundarrak, eta hortik aurrera egiten zuten presioaren ondorioz Anaitasunak ez zuen jokoa asko lantzerik izan. Eskuin hegaletik atzelariaren bizkarrera botatako baloietatik saiatu zen Anaitasuna Real Unionen lerroa hausten, baina ez zuten saririk lortu.

Hiru aukera egin zituzten gure mutilek eskuin hegaletik egindako erdiraketetatik. Lehena Aramendik izan zuen. Area ertzetik egin zuen jaurtiketa, baina, kanpora joan zen. Ondoren Oier Beitiarena izan zen abagunea. Eskuin atzelariak area barruan buruz egin zuen burukada ere Irungo atezainak kornerrera bidali zuen. Azken aukera, berriz, BeƱat Landarena izan zen. Erdilariak ate gainetik egindako jaurtiketarekin amaitu zuen taldeak ondo landu zuen jokaldia.

Ordutik aurrera gutxi ikusi zen Stadium Gal zelaian. Bi taldeak geldikako jokaldietan saiatu ziren aurkariei min egiten, baina arrakastarik gabe. Eguraldiaren gorabeherak ere eragina izan zuen azken minutuetan. Minutu gutxian egin zuen euri jasak potzuak sortu zituen beste behin zelaian, eta bi taldeak joko zuzena egin beharrean aurkitu ziren.

Inolako ezustekorik gabe, hutsean amaitu zen Irungo neurketa. Bigarren zatian puntu bat baino gehiago lortzeko lana egin zuen Anaitasunak, baina atzean sendo egon zen Real Union hausterik ez zuen lortu Quindosen taldeak. Pasa den urtean baino bi puntu gehiagorekin da Anaitasuna orain. 19 punturekin sailkapeneko laugarren postuan dira gure mutilak, Aretxabaleta (22), Amaikak Bat (22) eta Mondragon (20) taldeen atzetik. Iaz 9. jardunaldiaren amaieran 17 puntu zituzten gureek, eta hirugarren postuan zen Anaitasuna.

Orain etxean bi neurketa izango ditu jarraian Anaitasunak. Lehena Hondarribiaren aurka izango da, eta bigarrena Mondragonen aurka. Bi neurketa horietan lortzen diren puntuek asko esan nahiko dute etorkizunera begira. Larunbatean Hondarribia aurkari Txerloian, arratsaldeko 16:30etik aurrera.