Ezina Zarautzen aurka

Anaitasuna CD 0
Zarautz 2

Aurten ere Txerloitik lehen hiru puntuak eraman dituen taldea bihurtu da Zarautz

Bisitariek neurketa serioa egin zuten larunbatean Txerloian, 90 minutuetan ondo jarrita egon baitziren. Gureak hegaletatik zapaldu zuten aurkariaren area, baina ezin izan zuten golik egin. Zarautz gutxi iritsi ziren Xubanen atera, baina hiru aukeretatik bi baliatu zituzten puntuak batzeko. Neurketa amaitu aurretik erotu egin zen. Epaileak Anaitasunaren aulkitik Iker Epelde "Txorrote" egotzi zuen, eta Markel Eskurtzari bi txartel hori erakutsi zizkion hiru minututan. Jokalari bat gutxiagorekin gehiago larritu zen Anaitasunaren egoera.

Lehen minututik igarri zen Zarautzek ez zituela emango azken asteetan Txerloira etorritako taldeek emandako erraztasunak. Indartsu zelairatu zen, eta hegalak aurkitu zituen Anaitasunari min egiteko. Hala ere, Anaitasuna izan zen lehen abisu garbia eman zuena. Anderrek eskuin hegaletik jokaldia egin ondoren, area barruan bakarrik zen Mikel Aramendiri egin zion pasea. Ezker jokalariak, baina, ez zuen atea asmatu eta bere jaurtiketa kanpora joan zen.

Gureak ondoena ari ziren unean egin zuen Zarautzek huts eta batekoa. Zelai erdian gureek egindako falta bat azkar jarri zuten jokoan bisitariek, eta ezker hegalera egindako pasean baloia oinekin hartzeko moduan izan ziren zarauztarrak. Ondo eraman zuten aurrera jokoa, eta area barruan egindako erdiraketan Zarauzko aurrelariak baloia bultzatzea nahikoa izan zuen gola egiteko.

Denboraldi honetan lehenengo aldiz markagailuan atzetik jarri zen Anaitasuna, eta ondorioz asko kostatu zitzaion egoera iraultzea. Bisitarien bigarren gola gertuago izan zen une batez Anaitasunaren berdinketaren gola baino. Xuban eta aurkari baten artean area kanpoan izan zen errebotean gutxigatik joan zen baloia kanpora.

Pixkanaka gure mutilek aurrera egin zuten, ordea, eta 36. minutuan aukera bikoitza egin zuten. Eskuin hegaletik egindako erdiraketan ez zen errematatzailerik aurkitu, baina aldaratzea jaso zuena Iñigo Arzalluz izan zen. Hegaleko jokalariak baloia jaso eta berriz erdiratu zuen areara. Beñat Landa ongi sartu zen errematea egitera, baina atezainak baloia urruntzea lortu zuen.

Bigarren zatian, berdintsu jarraitu zuen jokoak. Gure mutilak beste nahi eta desio batekin zelairatu ziren, erritmo handiagoa jarri baitzion bere futbolari. Ondo iritsi zen aurkariaren areara minutu horietan. Korner jokaldi batean Ander Arabaolazak gola egitea lortu zuen aldaratze bat jaso eta gero, baina marrazainak banderatxoa altxatu zuen. Erabaki okerra hartu zuen marrazainak, beste aldean zen jokalari batek hausten baitzuen jokoz kanpoko lerroa.

Kontuak kontu, gola egitea lortu zuena Zarautz izan zen. 62. minutuan area ertzean egindako bat-bikoan amaiera ezinhobea eman zioten bisitariek jokaldiari garaipena bideratzeko. Gol horrek min egin zion Anaitasunari, ordutik aurrera ezer gutxi erakutsi baitzuen zelaian.

78. minutuan, Anaitasunak Mikel Arzalluzi egindako falta batean txartel horia baino zerbait gehiago eskatu zion epaileari, sarrera benetan gogorra egin baitzioten aurrelariari. Epaileak, ordea, bestelako erabakia hartu zuen. Aulkitik "Txorrote" egotzi zuen protesta egiteagatik, eta zelaitik Markel Eskurtza erdiko atzelaria. Hiru minututan bi txartel hori erakutsi zizkion Markeli.

Orduan espazio handiak ireki ziren Zarautz taldearentzat, eta kontraerasoren bat baliatzetik gertu egon ziren hirugarren gola egiteko. Luzapenean Anaitasunak ere izan zuen bere aukera. Anderrek egindako pasetik Mikel Arzalluz bakarrik gelditu zen atezainaren aurrean, baina berriz ere gureek bisitarien atezainarekin egin zuten topo.

Etxeko lehen porrota jaso zuen, beraz, Anaitasunak Zarautz taldearen aurka. Iaz egin bezala, aurten ere zarauztarrek hiru puntuak eraman dituzte Txerloiatik. Etxean bezala, etxetik kanpo ere lehiatu beharra dago maila honetan goian ibili nahi bada. Datorren asteburuan horretarako aukera izango dute gure mutilek, Real Union taldearen aurka jokatuko baitute igande arratsaldean.