Hiru puntu garrantzitsu Mutrikun

Mutriku 0
Anaitasuna CD 1

Neurketa estua eta gogorra jokatu zuten Mutrikuk eta Anaitasunak, baina hiru puntu garrantzitsu gehitu zituen Anaitasunak San Miguel zelai zailean

Atzo Mutrikutik zerbait batzeak asko balio zuen, eta Anaitasunak ez zuen hutsik egin. Borroka, lehia, intentsitatea, erritmoa eta lana izan ziren atzoko neurketaren giltzarriak. Anaitasuna borrokarako ondo prestatuta joan zen Mutrikura, eta neurketan etxekoek erakutsitako futbolari erantzuteko moduan izan ziren gure mutilak. Lehen zatian Iñigo Arzalluzek aukera garbia izan zuen huts eta batekoa egiteko. Bigarren zatian Iker Pastrian handi baten oinetatik hasitako jokaldian, Mikel Arzalluzi egindako penaltia adierazi zuen epaileak. Maisuki jaurti zuen baloia Iñigo Arzalluzek Anaitasunari hiru puntu garrantzitsu emateko.

Lehen zatian behetik gora egin zuen Igor Quindosen taldeak. Ondo zelairatu ziren gure mutilak, baina lehen aukerak etxekoek egin zituzten. Borroka handiko lehen minutuak izan ziren, eta Anaitasuna zelaian hasieratik ondo jarri zen arren, mutrikuarrek arriskua egin zuten Xubanen area inguruan. 

Gure mutilak pixkanaka ausartu ziren etxekoei min egiten, eta aurkariaren areara baloiarekin iristea lortu zuten. Ez zuten abagune garbirik egin 37. minutura arte. Eskuin hegaletik alboko sakea luze atera zuen Aitor Zulaikak, eta Ikerren eta Anderren ukituekin Mikel Arzalluzi iritsi zitzaion baloia. Aurrelariak Iñigo bakarrik zela ikusita pasea egin zion, baina bere jaurtiketan atezainari ukitu zion baloiak, eta azkenean langa jo eta kanporako bidea hartu zuen.

Lehen zatiko aukerarik garbiena izan zen inolako zalantzarik gabe. Aukera horren ostean Anaitasuna hazi egin zen, eta estu hartu zuen etxeko taldea. Minutu onak egin zituen Quindosen taldeak, eta ondorioz lehen zatia etxekoen zelaian amaitu zuen Anaitasunak.

Bigarren zatiak ere lehenengoaren bidetik jarraitu zuen. Intentsitate handiko futbola nagusitu zen zelaian, eta bi taldeek aukera bana izan zituzten epaileak penaltia adierazi aurretik. Mutrikuk geldikako jokaldian gutxigatik ez zuen Xuban ezustean harrapatu. Atera egindako jaurtiketa, ordea, Xubanek urruntzea lortu zuen, adi baitzegoen Anaitasunak atezaina.

Iker Pastrianek arnasa handia eman zion Mutrikun taldeari, eta gisa horretako jokaldi batean iritsi zen penaltiaren jokaldia. Ikerrek gorputzarekin ondo babestu zuen baloia zelai erdian, eta Mikel Arzalluzi egin zion pasea. Mikel korrikaldi luze batean zen, eta area barrura sartu zenean etxekoen erdiko atzelariak lurrera bota zuen. Etxekoek protesta egin zuten areatik kanpo egindako falta izan zela eskatuz, baina epaileak ez zuen inolako zalantzarik egin, eta Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen. Iñigo Arzalluzek ezinhobeto jaurti zuen baloia atera, eta orduerdiaren faltan aurretik jarri zuen taldea.

Mutrikuk berdinketaren bila joatea erabaki zuen, nahiz eta ez zuen gehiegi arriskatu nahi izan. Mikel Arzalluzek ezker hegalean egindako jokaldi batean gertu izan zuen Anaitasunak huts eta bikoa. Iker Pastrian atezainaren aurrean bakarrik uzteko pasea egin zion Mikel Arzalluzek, baina Ikerrek ez zuen asmatu amaitzen. Neurketako azken aukera garbia izan zen.

Amaiera aldera Mutriku baloi luzeekin Anaitasunari min egiten saiatu zen, baina neurketa osoan bezala, gure mutilak partidan sartuta, serio egon ziren defentsan eta ez zuten gehiegi sufritu. Inor gutxik irabazten duen zelaian garaipena lortu zuen Quindosen taldeak. Askorako balio duten puntuak dira San Miguel zelaian batutakoak.

Datorren asteburuan Anaitasunak Zarautz jasoko du Txerloien. Aurreko denboraldian Txerloian irabaztea lortu zuen taldeetako bat da Zarautz, aurkari arriskutsua beraz. Sasoi honetan Anaitasunak iaz zuena baino puntu bat gehiago du. Zazpigarren jardunaldian iaz 17 puntu zituen Quindosen taldeak, eta gaur 18 punturekin sailkapeneko lehen postuan da Aretxabaletarekin batera.