Beste gol sorta bat etxean
| Anaitasuna CD | 4 |
| Vasconia | 0 |
Beste behin atsedenaldirako neurketa erabakita utzi zuten Igor Quindosen mutilek, eta bigarren zatian lasai jokatu zuten Vasconia gogor baten aurrean
Txerloiako futbol zelaian azken asteetan gertatu bezala, atsedenaldira iritsi aurretik neurketa erabakita utzi zuen larunbatean ere Vasconiaren aurka. Iñigo Arzalluzek penaltiz, eta Oier Beitiak eta Mikel Arzalluzek egindako golei esker, hiru eta hutsekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea. Vasconiak goiko lerrotik egin zuen presioa, eta horrek joko zuzena egitera behartu zuen Anaitasuna lehen zatian. Bigarrenean, lasaiago aritu ziren gure mutilak, eta Ander Arabaolazaren eskutik Txerloiako hamabigarren gola egin zuen Anaitasunak.
Inon sendo agertzen ari baldin bada Anaitasuna, hori Txerloian da. 12 gol egin dituzte Igor Quindosen mutilek etxean, eta Xubanek oraindik ez du bakar bat ere jaso. Vasconiak izan zituen gola egiteko aukerak, baina lehen kolpea Anaitasunak eman zuen.
Zelai erdian Unai, Landa eta Oier Elorza nekaezina goitik behera nagusitu ziren Vasconiakoen aurrean. Hain justu zelai erdian Mikel Arzalluzek egindako baloi lapurreta batetik iritsi zen lehen gola. Lurretik atzelariei baloia kendu ondoren, area barruan sartu zen Mikel Arzalluze. Atzelariak ezin izan zuen gelditu aurrelaria, eta lurrera bota zuen. Epaileak ez zuen zalantzarik egin penaltia adierazterako orduan. Hamaika metrotatik jaurtiketa egin zuena Iñigo Arzalluz izan zen, eta hegaleko jokalariak ez zuen hutsik egin.
Lehen gola eta gero, berdinketa gertu izan zuen Vasconiak. Minutu bakarra pasa zen Iñigok bat eta hutsekoa egin zuenetik, baina bisitariek area barrutik egindako jaurtiketan baloia zutoina ukituz kanpora joan zen. Jokaldi horrek partidaren norabidea goitik behera alda zezakeen, baina zorionez ez zen horrelakorik gertatu.
28. minutuan iritsi zen Anaitasunaren bigarren gola. Abisu egin zuen taldeak bigarren gol horren aurretik, baina korner jokaldi batean iritsi zen bi eta hutsekoa. Bikain landutako jokaldia izan zen, eta Anderren jaurtiketaren aldaratzera zuzen agertu zen Oier Beitia erdiko atzelaria. Bigarren astez jarraian gola egitea lortu zuen Beitiak larunbatean.
Vasconia gogotik saiatu zen aldea murrizten, baina Mikel Arzalluzek 37. minutuan egin zuen golarekin ezabatu ziren donostiarren desioak. Ander Arabaolazak ondo egin zuen presio lana zelai erdian, eta donostiarren erdilariari baloia lapurtu ondoren, Mikel Arzalluzi atezainaren aurrean bakarrik utziko zuen pasea egin zion. Mikel Arzalluzek maisutasun handiz engainatu zuen Vasconiako atezaina hiru eta hutsekoa jartzeko. Anaitasuna eroso ari zen aurkitzen.
Atsedenaldiaren aurretik lehen zatia borobiltzeko aukera izan zuen Anaitasunak. Eskuin hegaletik aurrera eramandako jokaldian, Iñigo Arzalluzek ate aurrean zen Ander Arabaolazari egin zion pasea, baina aurrelariak behartuta egin zuen azken errematea, eta baloiak langa gainetik kanporako bidea hartu zuen.
Atsedenalditik bueltan azken asteetan bezala lasaiago aritu ziren gorrixek, eta aukera gutxiago egin zituzten. Hala ere, 60. minutuan Ander Arabaolaza aurrelariak zelai erdian hasitako jokaldia amaitzen jakin zuen. Kontraeraso azkarra antolatu zuten gureek. Anderrek ezker hegalean zen Mikel Arzalluzi egin zion pasea, eta aurrelariak korrikaldi luze bat eta gero atearen aurrera iritsea lortu zuen Anderri egin zion pasea. Baloiari bultza egitea nahikoa izan zuen, Mikel Arzalluzek egin zion paseak horixe eskatzen baitzuen.
Azken orduerdia patxadaz hartu zuten bi taldeek. Vasconiak bi gol aukera garbi egin zituen, baina zuzentasun ezak, eta Xuban Badiola atezainaren geldituek atea hutsean uztea ekarri zuten. Xabi Soralucek ere bere oinetan izan zuen bost eta hutsekoa, baina atezainaren gainetik egindako jaurtiketak ez zuen aterako bidea hartu.
Etxean beldurra ematen duen taldea agertu da hasiera honetan. Gol asko egin, abagune gehiago izan eta jaso gutxi. Horrek izan beharko luke goiko postuetan ibiltzeko gakoa. Etxetik kanpo du orain Anaitasunak egoera iraultzeko beharra, baina datozen hiru irteerak benetan zailak izango dira. Mutrikuko, Irungo eta Aretxabaletako zelaiak zapalduko dituzte jarraian gure mutilek. Etxean erakusten duen maila beste herrietan erakusten badu, irabaztetik gertuago egongo dira galtzetik baino. Lehen lehia datorren larunbatea Mutrikuko San Miguel zelaian.