Hondarribian erabakiko da igoera

Anaitasuna CD 6
Orioko 0

Lehen zati motela egin arren, gure mutilek momentu garrantzitsuetan egin zituzten golak eta bigarren zatian joko ona erakutsi eta golak egin zituzten

Egun berezia izan zen atzo Txerloian. 16 urte eta gero Asti atezainak Anaitasunako kamiseta azkenekoz jantzi zuen etxean. Ez zuen nahi bezala agurtzerik izan, neurketa aurreko beroketan behatz txikia bere lekutik atera baitzuen. Ondorioz, neurketako lehen minutua bete zuen Anaitasunako atea defendatzen eta ondoren Txerloiako harmailetan batu zirenen eta Hooliganen txalo artean agurtu zen herritarren aurrean Xubani lekukoa eman eta gero. Nahiz eta Astik ez zituen nahi adina minutu jokatu, taldekideek eta lagunek oroimenean gordetzeko moduko neurketa eskaini zioten.

Nahiz eta bat eta hutsekoa goizo egin, lehen zatia ez zen ona izan gure mutilen partetik eta lehen aukera garbia oriotarrena izan zen. Zelai erditik azkar atera zuten falta gure defentsaren bizkarra aurkitu nahian. Gureak lo harrapatu zituzten jokaldi horretan eta area barruan baloia kontrolatu eta atera jaurtitzeko aukera izan zuen, azken jaurtiketa bakar-bakarrik egin baitzuen. Jaurtiketa, baina, gora joan zen zorionez.

Handik minutu gutxira egin zuen gola Anaitasunak. 7. minutuan ezker hegaletik landutako jokaldian erdi aldera eraman zuten baloia, eta Beñat Landaren paseak atzelari bati errebotean jo eta area barrurako bidea hartu zuen baloiak. Mikel Arzalluz baloia hartzen lehena izan zen, eskuinez zutoinaren ondotik baloia sareetara bidaltzeko.

Gol honek patxadarekin jokatzeko balio izan zuen, baina hurrengo hamar minutuetan beste bi gol egiteko aukerak eduki zituzten. Berriz ere ezker hegaletik eraman zuten baloia, eta Anderrek area barrutik area ertzean zen Unai kapitainari egin zion pasea. Erdilariak bizi jo zuen baloia azpitik, baina atezainak baloia bereganatzea lortu zuen. Hurrengo aukera Markel Eskurtzarentzat izan zen. Gure mutilek motzean atera zuten kornerra, eta aurkari bat atzean utzi eta erdiraketa egitea lortu zuten, baina area txiki parean zen Markelek lehenengoan egin zuen errematea lurretik, eta gora joan zitzaion. 36. minutuan area ertzeko falta bat ere izan zuten gureek. Aramendik perfekzio osoarekin jaurti zuen ezkerrez atera, baina eskuadratik ate barrura zihoan baloia atezainak gelditzea lortu zuen.

Atsedenaldia baino segundo batzuk lehenago Aramendi bera izan zen protagonista. Ezker jokalariak zelai erdian baloia hartu, bueltaerdia eman eta area ertzeraino eraman zuen baloia oinetan itsatsita. Aurkariak hurbiltzen ari zitzaizkiola ikusi, burua altxatu eta ezkerrez baloia atera jaurtitzea lortu zuen eta zorionez oraingo honetan atezainak ez zuen ezer egiterik izan, azpi-azpitik jaurtita sareetan amaitu baitzuen baloiak. Golaren ostean, berehala aldageletarako bidea eman zien epaileak 22 jokalariei. Gol zinez garrantzitsua Mikel Aramendik lortu zuena.

Atsedenalditik bueltan, ahalik eta azkarren neurketa erabakita uztek gola egiteko helburuarekin zelairatu ziren gureak. Eskuin hegaletik jokoan jarritako kornerrean Beñat Landak penalti puntu parean baloia bakarrik jaso zuen, kontrol bikaina egin eta eskuinez baloia ate barrura jaurti zuen indartsu. Atezainak oraingo honetan ere ezin izan zuen gola ekidin eta hiru eta hutsekoarekin hiru puntuak etxean geldituko zirela zihurtatu zuten gureek, oriotarrak erdi-etsita baitziren ordurako.

Taldeak bigarren zati hobea egin zuen eta golen bitartez zaleei erakustaldi bikaina eskaini zien. 72. minutuan iritsi zen laugarren gola. Joritz Badiolak denboraldiko lehen minutuak jokatu zituen atzo lesioa eta gero, eta bere oinetatik hasi zen laugarren goleko jokaldia. Ezkerrez atzelariaren bizkarrera pasea egin, Anderrek baloia hartu eta area barruan jaurtiketa egin zuen taldeko golegile nagusiak, baina atezainak gelditu ona egin zion oraingo honetan. Zorionez aldaratzea Izagirrek jaso zuen, Xabiri egin zion pasea gero eta azkenik zelairatu berria zen erdilariak Iñigo Arzalluzekin jokatu zuen, baloia kontrolatu eta jaurtiketa indartsu batekin Oriokoren atea zulatuz Anaitasunarentzat laugarren gola egiteko.

Bosgarren gola segituan iritsi zen. Lau minutu geroago, Ander azti ibili zen baloia ostu, korrikaldia txiki bat egin eta area ertzean zen Xabiri pasea egiteko. Erdilariak, beste behin, ondo ikusi zuen zuloa non zen eta Mikel Arzalluzi egin zion pasea. Aurrelariak baloia kontrolatu, burua altxatu eta baloia nahi zuen lekuan jarri zuen, eskuadratik sartu baitzen baloia bere eguneko bigarren gola egiteko.

Ondo ari ziren gure mutilak eta seigarren gola azkenerako utzi zuten. 89. minutuan hegaleko falta motzean jarri zuen jokoan Mikel Arzalluzek, eta eskuin hegalean zen Zulaikarekin jokatu zuen. Eskuin hegaleko atzelariak baloia kontrolatu eta erdiraketan baloia lehen zutoinean zen Mendizabali buruan jarri zion. Berdegunera irten berria zen aurrelariak erremate apartarekin amaitu zuen jokaldia, bide batez Anaitasunari seigarren gola emateko. Gola egin eta epaileak neurketa amaitzea erabaki zuen, amaierako txistua jo baitzuen.

Sei eta hutsekoarekin amaitu zen neurketa. Segituan taldekide denak zaleei eskerreak ematera irten ziren zelaiaren erdigunera, eta txalo artean agurtu zituzten jarraitzaileek jokalariak. Ondoren Astiri pasiloa egin zioten lehen taldea osatzen duten guztiek, emozio handiz agurtuz. Etxeko lanak egin zituzten Igor Quindosenek eta igoeraren txartela Hondarribian jaso beharko du Anaitasunak.

Tolosak bi eta bat irabazi zuen atzokoan Oiartzunen aurka eta garaipen honen ostean denak berdin jarraitzen du. Tolosak 70 puntu ditu eta Anaitasunak 68. Datorren astean Irunen jokatuko dute sailkapeneko liderrek hirugarren postuan iritsiko den Real Unionen aurka eta Anaitasuna Hirugarren Mailara igotzeko tolosarrek galdu eta gureek irabazi egin beharko dute. Ohorezko Mailako mutilek 17:30etan Hondarribian jokatuko dute. Hondarribia herritarrez eta kolore gorriz jantzi behar dugu.

DENOK HONDARRIBIARA!