Baliagarria izan daiteke
| Beti Gazte | 0 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Irabazteko merituak egin zituen Igor Quindosen taldeak, baina azken segundoan etxekoek hiru puntuak eramateko sekulako aukera alferrik galdu zuten
Ondo sartu zen Anaitasuna Lesakako Mastegi zelaira eta Beti Gazte baino gehiago izan zen bai jokoari eta bai aukerei dagokionez ere, baina atzokoan baloiak sareetara sartu nahi ez duen egun horietakoa izan zen. Etxekoen atezainak egin zuen lana ere benetan aipagarria izan zen. Lehen zatia amaitu aurretik asko orekatu zen neurketa, baina bigarren zatian berriz ere ondo hasi ziren gure mutilak eta bost aukera egin zituzten markagailuan aurrea hartzeko. Gureek asmatu ez eta neurketa amaitzeko azken minutuan sartuta zela, lesakarrek garaipena lortzeko aukera garbia eduki zuten aldaratze bat tarteko. Xubanen aurrean bakarrik gelditu zen etxeko jokalari bat, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen eta Anaitasunari Hirugarren Mailarako borrokan bizirik jarraitzeko baimena eman zieten lesakarrek.
Ondo irten ziren gureak eta etxekoak baino gehiago izan ziren. Lesakarrek euren zelaian itxaron zieten gureei, baina Anaitasunak ondo igarotzen zituen aurkariek ezarritako lerroak eta aukerak egin zituen. Lehena Ander Arabaolaza aurrelariarena izan zen. Zelai erdi inguruan baloia berreskuratu zuen Iñigo Arzalluzek eta honek Aramendi ezker hegaleko jokalariarekin jokatu zuen. Anderrek Aramendik zuen intentzioa ikusita, luze egin zuen mugimendua, eta Aramendik pase zoragarria egin zion taldeko golegile nagusia ate aurrean uzteko. Anderrek jaurtiketa egitea lortu zuen, baina arratsaldeko protagonista nagusiak, Beti Gazteko atezainak, lehen geldiketa egin zuen.
Bigarren aukera ere kolore gorrikoa izan zen. Anaitasunaren zelaian Beti Gaztek falta egin zuen eta motzean hasi zuen jokoa Beitiak, atzean lasaitasunez baloia ukituz. Josu Godoy eskuin hegaleko atzelariak atzelaria bat atzean utzi eta Mikel Arzalluzi egin zon pasea. Aurrelariak atzelariei iskin egin eta baloia area barrura erdiratzea lortu zuen. Atzetik aurrera eginez iritsi zen Mikel Pastrian, baloia kontrolatu eta atera jaurtiketa ona egin zuen, baina berriz ere etxekoen atezainak geldiketa ikusgarri bat egin eta baloia kornerrera bidali zuen.
Beti Gaztek aukera garbi bakarra izan zuen lehen zati osoan. Ezker hegaletik jokoan jarritako kornerrean gola egitea lortu zuten nafarrek, baina bigarren zutoinean egindako errematea eskuarekin egin zuen etxekoen aurrelariak eta epaileak hori ikusi ostean ez zuen zalantzarik izan gola ezerezean utzi eta baloia eskuarekin ukitu zuen aurrelariari txartel horia ateratzeko. Ordurako Anaitasunak hasierako jokotik beherakada txiki bat egin zuen, eta neurketa parekatuagoa izan zen atsedenaldira bitartean. Beti Gaztek orduan metro batzuk aurrera egiteko baliatu zuen unea, nahiz eta inolako arriskurik ez egin Xubanen ate inguruan.
Bigarren zatian ere lehen zatian bezala gogotsu irten ziren gure mutilak eta aukera garbiak eduki zituzten markagailuan aurrea hartzeko. Lehena 60. minutuan izan zuen Mikel Arzalluzek. Lesakarren erasoa Beitia erdiko atzelariak moztu zuen eta hortik aurrera taldeak josi zuen jokaldia ikusteko modukoa izan zen. Ezker hegaletik eskuin aldera bikain eraman zuten baloia gureek, eta Iñigo Arzalluzek egindako pasearekin ate aurrean utzi zuen Mikel Arzalluz. Jaurtiketa, ordea, ez zuen behar bezala bideratu aurrelari gazteak eta baloia zutoinaren ondotik kanpora joan zen zoritxarrez.
Handik minutu gutxira, berriz ere Mikel Arzalluz izan zen protagonista. Oraingoan taldeak sekulako kontraerasoa antolatu zuen, jokoa eskuin aldetik ezkerrera bikain aldatuz. Zulaikak luze atera zuen alboko sakea Anaitasunaren zelaitik Iñigo Arzalluzekin jokatuz. Honek Anderri ukitu zion eta aurrelariak erditik atzetik aurrera egiten ari zen Aramendiri egin zion pasea. Beste aldean Mikel Arzalluz bakar-bakarrik zegoen eta ezker jokalariak ondo ikusi zuen aurrelaria, ate aurrean bakarrik uzteko pasea egin baitzion. Mikel Arzalluzek, ordea, azkar amaitu nahi izan zuen jokaldia eta egin zuen jaurtiketa ahul irten zen lesakarren atezainaren eskuetara.
Anaitasuna ondo ari zen eta gola ere merezi zuen ordurako. Mikel Arzalluzek ezker hegaletik jardun zuen minutu askoan eta erdiratuago ibili zen Mikel Aramendirekin jokaldi onak egin zituen aurrelariak. Bat-biko dotorea egin zuten hurrengo jokaldi batean biek area ertzean, eta Mikel Arzalluz gelditu ahal izateko falta egin behar izan zuten etxekoek. Falta jaurtiketa egin zuena Aramendi izan zen eta ezker jokalariaren jaurtiketa ate barrura sartzetik gertu izan zen. Efektu berezia hartu zuen baloiak, baina berriz ere etxekoen atezainak lan ona egin eta kornerrera urruntzea lortu zuen baloia.
Iñigo Arzalluz ere agertu zen neurketan eta bi aukera eduki zituen. Lehena korner aldaratze batetik iritsi zen Anaitasunarentzat, Izagirrek baloia aldaratzean, jaso atzelarien artetik pasea egin eta Iñigok area barruan jaso zuen baloia. Iñigok jaurtiketa egin zuen, baina berriz ere Lesakako atepeko gizonak baloia urrundu eta atzelariak baloia urruntzea lortu zuten. Bigarren aukera, berriz, hegaleko sake batetik iritsi zen. Zulaikak luze atera zuen baloia eta Iñigo aldaratzetik aurrera egiten ari zela, baloia zetorren moduan errematatu zuen buruz, baina ez zuen behar zuen biderik hartu eta kanpora joan zen zuzenean.
Anaitasunak asko barkatu zuen eta barkatzen duenak ordaindu egiten duela esaten da futbolean. Futboleko "lege" hori betetzear izan ziren etxekoak luzapeneko azken minutuan. Beti Gazteren zelaian Anaitasunak egindako falta atezainak jarri zuen jokoan, eta sinestezina bazirudien arren, etxeko jokalari batek Xubanen ate aurrean gelditzea lortu zuen. Baloia kontrolatu eta jaurtiketa egitea lortu zuen etxeko jokalariak, baina zorionez gehiegi gurutzatu zuen eta kanporako bidea hartu zuen. Epaileak segituan jo zuen amaiera adierazteko txistua.
Batu zuen puntua galtzeko zorian izan ziren beraz Igor Qundosen mutilak Lesakan. Askorako balio ez duen arren, denboraldi amaieran baliagarria izan daiteke Lesakan batutako puntua. Orain bi neurketa, bi final gelditzen dira denboraldia amaitzeko. Etxeko lanak egin eta aurkarien emaitzen zain egotea besterik ez zaie gelditzen gureei. Datorren asteburuan Orioko jasoko dute Txerloian mutilek. Dagoeneko maila galduta dutela iritsiko dira oriotarrak Azkoitira, baina neurketa zaila izango da larunbat arratsaldeko 17:00etan hasiko dena. Etxeko azken neurketa izango da datorren astekoa. Zaleek talde honi dioten maitasuna adierazteko ordua iritsi da.