Ametsa ez da egia bihurtu, oraindik
| Hondarribia | 1 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Beñat Landak buruz egindako golak Hondartza zelaian eta herrian ilusioa sortu zuen arren, lehen zati txar batek zuzeneko igoerarik gabe utzi zuen Anaitasuna
Ez zen ez herriak, ez zaleek, ez klubak, ez jokalariek merezi zutena eman Hondarrabian, baina gertatu egin zen. Bestelako amaiera bat zegoen marraztuta denon buruetan, baina herritik etorritako zaleek gorriz koloreztatu zuten eguna zuri-beltzean amaitu zen. Ez zen aurtengo denboraldiko Anaitasuna izan. Lehen zatian lotuta, urduri, presaka... Gauzak ez zituen ondo egin eta intentsitate handiz jokatu zuen Hondarribiak gureen ezina baliatu zuen atsedenaldira aurretik joateko. Bigarren erdian baloi gehiago izan zuen Igor Quindosen taldeak, nortasun eta izaera handiagoarekin jokatu zuen eta Landak lortutako golarekin Hirugarren Maila ukitzeko zorian izan ziren arren, ez zen hainbeste desiotako gola iritsi.

Ezin da esan historiako handiena izan zenik, ez baitago datu ofizialik, baina Hondarribiakoa izugarria izan zen, soilik talde handietan gertatzen dira horrelakoak. 500 lagun inguru joan ziren herritik, autobusez zein bere kabuz kamiseta gorria soinean harrotasunez jantzi eta gure mutilak animatzera. Taldea ere ez zen atzean gelditu eta neurketa hasi baino minutu batzuk lehenago urte osoan emandako laguntza eskertu zieten Hondarribian batutakoei pankarta batekin. "Onenak zeate. Matte zauzteu. Zuekin eta Zueatik" zioen.

Epaileak neurketa hasteko baimena eman zuen. Hasieratik hortzak estutu zituen Hondarribiak eta estu hartu zituzten gure mutilak. Aukera gutxiko lehen zatia izan zen, baina lehen abisua etxekoek eman zuten. Anaitasuna lehen arriskutik bizirik irten zen, aurrelariak area barruraino sartzea lortu zuen, baina bere jaurtiketa gora joan zen zorionez. Anaitasunak, bestalde, aukera bakarra izan zuen lehen zati osoan, Markelek bigarren zutoinean buruz egindako errematea. Erdiko atzelariaren errematea ere gora joan zen harmailetan batu zirenen urduritasuna areagotzeko.
Hondarrabiatik bost kilometrora, Iruneko emaitzaren jakitun ziren zaleak. Gauzak oker hasi ziren Tolosak gola egin eta gero, baina gure mutilei ere asko okertu zitzaien igoera lortzeko bidea, beste inora begira hasi baino lehen Anaitasunak bere neurketa irabazi beharra baitzuen. Ezker hegaletik erdiraketa ona egin zuten etxekoek, eta aurrelariak penalti puntua eta area txikiaren tartetik buruz bikain gurutzatutako baloiak Xuban gainditzea lortu zuen, markagailuan bat eta hutsekoa ezarriz. Kolpe gogorra izan zen bai jokalari eta bai zaleentzat.
Irundik zetozten albisteak hobetzen ari ziren, Real Unionek neurketa berdintzea lortu zuen, eta minutu gutxira bigarrena egitea lortu zuten, Anaitasunak behar zuen emaitza ari zen ematen Stadium Galen. Hondarrabian, baina, gureak ez ziren maila ona erakusten ari eta itxura txarra hartzen hasi zen neurketa. Berdinketa lortzeko moduko kontraerasoa antolatu zuen Igor Quindosen taldeak. Anaitasunako hiru jokalari Hondarrabiako biren aurka gelditu ziren, baina presaren-presaz borobila izan zitekeen jokaldia asko trakestu zen.
Bat eta hutsekoa emaitza txarra baldin bazen, zer esan bi eta hutsekoa, izan ere, berdez jantzita zeuden jokalariek gertu izan zuten atsedenaldia baino minutu gutxi batzuk lehenago. Kontraeraso zital batean lo harrapatu zituzten gure jokalariak eta etxeko aurrelariak Xuban atezaina gainditzea ere lortu zuen. Jokaldia golean amaituko zela zirudienean, ordea, Jon Izagirre agertu zen Anaitasuna salbatzeko. Arrastan etzan zen atzelaria, eta baloia goleko lerrotik ateratzea lortu zuen, Anaitasuna bizirik mantenduz. Anaitasunak atsedena behar zuen, eta ondo ibili ez zen epaileak aldageletarako bidea adierazi zuen.
Mutilak lasaitu, neurketan sartu eta irabaztera irten ziren atsedenalditik bueltan. Hondarrabiako Anaitasuna aurtengo denboraldiko Anaitasuna izan zen, baloiarekin patxada handiagoz jokatu zuen, hegaletatik min egin zuen eta gorrixen nortasuna erakutsi zuen, azken finean, askeago jokatu zuten.
Helburua ahalik eta azkarren gola egin eta partida irabaztea zen, baina soilik lehen puntua betetzea lortu zuen. Aurrez izan zuen aukera bat taldeak. Aramendik eskuin hegaletik falta areara erdiratu zuen, baina errematatzailea aurkitu beharrean aterako bidea hartu zuen sorpresaz. Baloiak atezainaren eskuineko zutoinean jo zuen harmailetatik gola oihukatzen zen aldi berean.
Esan behar, falta hau penaltia izan zela. Epaileak ere protagonista izatea nahi izan zuen larunbateko egunean eta Anaitasunaren kalterako hala izan zen. Anaitasunak behin eta berriz eskuin hegalean zabalduta zen Iñigo Arzalluz aurkitu zuen eta erasoko jokalariak min egin zuen. Jokaldi batean bere markatzailea atzean utzi eta area barrura sartzea lortu zuen, baina atzelariak lurrera bota zuen Iñigo. Sinestezina bazirudien arren, beltzezko gizonak areatik kanpo egindako falta izan zela adierazi zuen, Iñigo garbi-garbi area barruan, kanpotik metro bat barrurago erori eta penalti garbia izan zela ikusi zenean. Jarraitzaileak eta jokalariak sutan jarri ziren epailearen erabaki honekin.
Ezusteko honekin etxekoek behera egin zuten eta gure mutilak hazi egin ziren. Eskuin hegaletik, Aramendik egindako falta jaurtiketa baino metro batzuk atzeragotik jokoan jarritako beste falta batetik etorri zen Anaitasunaren gola, berdinketaren gola. Aramendi izan zen falta jarri zuena eta Beñat Landa indar handiz sartu zen errematea egitera. Burukada ona eta baloia sareetara. Anaitasunak gol bat gehiago behar zuen txapeldun izateko.
Beste behin, taldeak eskuin hegaletik egindako erdiraketatik egin zuen min eta golaren ondoren izan zuen aukera garbiena korner batean izan zuen taldeak. Area txikian Mikel Pastrianek buruz egindako errematean gertu izan zuen bat eta bikoa. Ukitu soilarekin egin zuen errematea zelairatu berrian zen erdilariak, baina gehiegi gurutzatu zen baloia eta zutoinaren ondotik kanporako bidea hartu zuen.
Azken minutuetan asko bultzatu zuen taldeak eta hegaleko sakeetatik eta geldikako jokaldietan min egiteko gai izan ziren, nahiz eta errematerik edo jaurtiketarik ez egin Hondarrabiako atezainak babesten zuen atera. Epaileak amaierako txistua jo eta tristura eta malkoak izan ziren Hondartzako futbol zelaian. Jokalariak lurrean etzanda ziren, zaleek jokalariei harmailetatik azken doinuak eskaintzen zizkien bitartean. Herritik joandako ehunka jarraitzaileek babesa erakutsi zieten momenturik latzenetan eta malkoak eta besarkadak ez ziren falta izan berdegunera jaitsiak ziren zaleen partetik.

Orain sentimendu handiko malkoak atzean utzi eta igoera faseko neurketak prestatzea gelditzen da soilik. Denboraldia beste hiru astez luzatuko da gure mutilentzat. Arabatik C.D. El Pilar Marianistas taldea izango dute arerio gureek, eta Bizkaiatik, berriz, C.D. Padura. Gaur, astelehena, arratsaldeko 18:00etan Bizkaiako Futbol Federazioaren egoitzan egingo den zozketak erabakiko du Anaitasunari egokituko zaion egutegia. Taldea eta jarraitzaileak bat eginda, Hondarrabian isuritako malko haiei esker, orain itsasoa baikara. Handiak gara.