Anaitasunak ez du etsiko

Anaitasuna CD 2
Elgoibar 0

Elgoibarrek markagailuan aurrea hartzeko aukera izan zuen penalti bidez, baina Xubanen oin luzeek bisitarien gola ekidin zuten. Beste aldean, Mikel Arzalluzen golak abantaila eman zion Anaitasunari atsedenaldiaren aurretik

Erasokor hasi zuen neurketa taldeak, Oñatin galdutako puntuak etxean lortzeko amorru biziz, eta lehen minutuetan aukera asko sortu zituen Igor Quindosen taldeak. Atsedenaldira iritsi aurretik Elgoibarrek penaltia izan zuen alde, baina Xuban atezainaren oin luzeek atearen erdi-erdira egindako jaurtiketa gelditzea lortu zuten. Minutu gutxi barru, berriz, Anaitasunak aurrea hartu zuen. Area ertzeko falta jaurtiketan Aramendik zutoinera bidali zuen baloia, baina aldaratzea Mikel Arzalluzek jaso zuen Anaitasuna aurretik jartzeko. Bigarren zatian, Mendizabal zelairatu zen Mikel Arzalluzen ordez eta 55. minutuan lurretik bi eta hutsekoa egin zuen. Golaren ostean asko erlaxatu zen Anaitasuna, baina ez zuen gehiegi sufritu taldeak, nahiz eta aurkariek zutoina jo zuten jokaldi batean.

Aukerak bata bestearen atzetik egin zituen Anaitasunak lehen zatiko hasierako minutuetan. Lau aukera izan zituen lehen 25 minutuetan, baina gure mutilak ez ziren gai izan aurrea hartzeko. Elgoibar baino hobeto jarri ziren zelaian hasieratik, baina atea zulatzeko zailtasunak aurkitu zituen.

40. minutuan urduritasuna areagotu egin zen Txerloiako harmiletan. Anaitasuna erdiko atzelarien bitartez ari zen baloia ateratzen, baina Elgoibarko aurrelaria argi ibili zen baloia ostu eta Anaitasunaren area barruan sartzeko. Xuban area txikitik irten eta azkar irten zen aurrelariarengana baloia mozteko asmo garbiarekin, baina gure atezainak aurrelaria lurrera bota zuen. Epaileak ez zuen inongo zalantzarik izan, eta Elgoibarren aldeko penaltia adierazi zuen atsedenaldira iritsi baino bost minutu lehenago. Penaltia jaso zuen aurrelaria bera izan zen jaurtiketa egiteko ardura hartu zuena, baina atearen erdi-erdira jaurti zuen baloia. Xuban bere eskuin aldera luzatu baldin bazen ere, oinekin atearen erdira egindako jaurtiketa urruntzea lortu zuen zaleen pozerako.

Elgoibarrek gola lortu izan balu kolpe handia jasoko zuten gureek, baina kolpea bisitariek eurek jaso zuten. 43. minutuan Mikel Aramendik area ertzean falta atera jaurti zuen. Atezainaren eskuin aldeko zutoinean jo zuen baloiak, baina aldaratzea zuzenean mugimendu ona egin zuen Mikel Arzalluzek jaso zuen eta ezkerrez baloia sareetara bidaltzea lortu zuen zuzenean. Gol oso garrantzitsua egin zuen Anaitasunak, eta bigarren zatiari beste modu baten heltzeko balio izan zien Mikel Arzalluzek eginiko golak.

Partida hasi eta segituan Mikel Arzalluzek orkatila bihurritu zuen Elgoibarren atzelari baten sarrera gogor batean, baina zelaian jarraitzeko moduan ikusi zen aurrelaria minutu batzuk Anaitasunako medikuek begiratu ostean eta gola eginda Anaitasuna garaipenaren bidean jarri zuen. Bigarren zatian, baina, mina areagotu egin zitzaion eta Igor Quindos entrenatzaileak Ioritz Mendizabal zelairatu zuen bigarren zatia hasi eta bost minutura. Mendizabal bera izan zen 55. minutuan Anaitasunaren bigarren gola egin zuena. Josu Godoyk hegaleko sakea azkar jarri zuen jokoan Unai Aranbarrirekin jokatzeko. Kapitainak eskuin hegalean bakarrik jaso zuen baloia eta areara erdiratu zuen. Area txiki inguruan zen Mendizabal eta baloia bakarrik jaso, kontrolatu eta lurretik egindako errematean baloia sareetara bidaltzea lortu zuen.

Golaren ostean, ordea, taldea asko jaitsi zen, asko erlaxatu zen. Azken minutuetan Elgoibar bera izan zen ausartena eta gola bilatzen saiatu zen. 61. minutuan neurketa estutzetik gertu izan ziren elgoibartarrak, ezker hegaletik landutako jokaldian buruz errematea zutoinera egin eta gola lortzetik hurbil izan baitziren. Izua sartu zuen abagune honek harmailetan, orain bi aste ere Martutenek aldea murriztu ostean asko landu behar izan baitzuen Anaitasunak hiru puntuak batzeko.

Hala ere, aurkerarik garbiena gure mutilek izan zuten, 77. minutuan Mendizabalek bere oinetan izan baitzuen neurketa itxita uzteko parada. Ezker hegaletik ateratako kornerra motzean jarri zuten jokoan gureek. Iñigo Arzalluz izan zen Aramendiren pasea jaso eta baloia areara erdiratu zuena. Markel Eskurtza bigarren zutoinean zen eta buruz baloia erdialdera jarri zuen. Mendizabalek bakarrik egin zuen errematea area txikian, baina ez zuen gola egiterik lortu, bere errematea langatik gainera joan baitzen.

Handik amaiera bitartean ez zen inongo aukerarik izan bi ateetan, eta lasai amaitu zuen neurketa Anaitasunak. Berriz ere garaipena lortzeko gai izan ziren gure mutilak eta 64 punturekin sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute Igor Quindosen mutilek, Tolosarekin puntuetan berdinduta. Real Unionek galdu egin zuen Andoainera egindako bidaian eta orain bost puntuko aldea dute lehen bi sailkatuek hirugarrenarekiko. Gauzak estu dira Gipuzkoako Ohorezko Mailan.

Datorren asteburuan gureek Lesakan Beti Gazte taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Jaitsiera postuetatik aldentzeko borrokan ari dira nafarrak, eta neurketa benetan zaila izango da igande arratsaldekoa. Borrokan jarraituko dute mutilek amaierara arte. Anaitasunak ez du etsiko.