Bolada onak ez du etenik

Euskalduna 0
Anaitasuna CD 3

Lehen zatia estuagoa izan zen arren, Igor Quindosen taldeak bigarren zatian zazpi minutu nahikoa izan zituen neurketa erabakita uzteko

Urte berria bikain doa Anaitasunarentzat. 2016. urte hasi zenetik taldeak maila ona eman du etxean, baina bereziki etxetik kanpo. Euskaldunaren aurkakoan ere bi taldeen arteko diferentzia garbi gelditu zen bigarren zatian, taldeak erasokorrago jokatu baitzuen lehen zatiarekin alderatuta. Euskalduna sendoago ikusi zen lehen zatian bigarrenean baino, eta gureek abilezia eta kalitatea tarteko zazpi minutu nahikoa izan zituzten bigarren zatian neurketa erabakita uzteko.

Etxekoek egin zuten lehen erasoa eta nolakoa gainera, bigarren minutua betetzerako aurretik jartzeko auker ezinhobea izan baitzuen Andoaingo aurrelariak bere oinetan. Ezker hegaletik eraman zuen jokaldia taldeak eta bigarren zutoinera egindako erdiraketan bakarrik aurkitu zen etxekoen aurrelaria baloia errematatzeko. Zorionez, ordea, baloiak langan jo zuen. 

Etxekoak aurrera eginda ari zirela baliatuta, gure mutilek kontraerasoan min egin zuten. Lehen ukituan abiadura handian irten ziren gureak eta Iñigo Arzalluzek gertu izan zuen Anaitasunaren aldeko gola, baina gehiegi gurutzatu zuen area barruko jaurtiketa eta ondorioz kanpora joan zen zuzenean.

Hurrengo minutuan, berriz ere etxekoena izan zen abagunea, eta garbia gainera. Xubanen aurrean bakarrik gelditu zen Euskaldunako aurrelaria, baina zorionez jaurtiketa makurra egin zuen eta zuzenean gora bota zuen. Azken bi aukera hauek izan ziren etxekoek izan zituzten garbienak, gero Anaitasuna izan baitzen poliki-poliki partidaren ardura hartu zuena.

Bigarren zatian, baina, gauzak zeharo aldatu ziren Ubitarte futbol zelaian. Anaitasunak lehen minututik erakutsi zuen Andoainen garaipenaren bila zelairatu zela eta halaxe erakutsi zuen Mikel Arzalluzek aldageletatik itzuli eta bi minutura. Eskuin hegalean jokaldi aparta egin zuen erasoko jokalari gazteak, eta honek azpitik egin zuen erdiraketa Ander Arabaolazarentzat baldin bazen ere, azken hau ez zen iritsi eta Euskaldunako atezainaren ate aurretik pasatu zen inork ukitu gabe.

Andoainera bertaratu ziren zaleek 63. minutura arte itxaron behar izan zuten neurketako lehen gola ikusteko. Taldea bikain irten zen etxekoen presiotik eta ezker hegalean zen baloia eskuin aldera zabaldu zuen Anderrek, Mikel Aramendi zegoen lekuraino hain zuzen. Ezker hegaleko jokalariak, hegalez aldatuta, atzelariari buruz-burukoa egin zion zelaian barrura eginez, eta area ertzetik egindako jaurtiketa indartsua sareetara bidali zuen Anaitasuna aurretik jartzeko.

Lehen goletik zazpi minutura, berriz, huts eta bikoa etorri zen. Oraingoan Mikel Arzalluz izan zen eskuin hegalean jokaldia egin zuena, Zulaikak oinean jarritako baloia aprobetxatuz. Arzalluze area txikiraino barneratzea lortu eta jaurtiketa egiteko moduan zen arren, Ander Arabaolazari oparitu zion baloia, honek eskuinez huts eta bikoa egin baitzuen.

Neurketa erabakita utzia zuen ordurako jada Anaitasunak, etxekoek ezer gutxi erakutsi baitzuten bigarren zatian. Hein handi batean taldeak egin zuen defentsa lan onak ezereztatu zituen Euskaldunako jokalariak. Fisikoki ere behera egin zuten etxekoek, eta gureak zuten mailari eusteko gai izan ziren. Azken huts eta hirukoa egin aurretik izan zituen taldeak bi jokaldi nabarmen. Lehena Beñat Landaren aukera izan zen, area barruan egindako jaurtiketa gora joan zitzaion, ordea. Bigarrena, berriz, bikoitza izan zen. Lehenbizi Markelek egin zuen burukada eta kanpora zihoan arren aldaratzea Mikel Pastriani iritsi zitzaion, taldekide batek kanpora irtetea ekidin baitzuen. Pastrian anaietan zaharrenak, baina, ez zuen asmatu buruz baloia atera botatzen.

Neurketa luzapenean zela egin zuen Anaitasunak huts eta hirukoa. Euskaldunako atezainak motzean jokatu zuen, eta gure mutilak bizi ibili ziren presionatu eta baloia osteko. Hain zuzen Mikel Pastrian izan zen baloia ostu zuena eta gero Beñat Landak modu argian Mendizabalen mugimendu bikaina ikusi eta pasea egin zion. Aurrelariak area barruan jaso zuen baloia eta ezkerrez ez zuen hutsik egin atezaina gainditzerako orduan.

Modu horretan amaitu zen neurketa. Garaipen garrantzitsua, eta sailkapenean atzetik ziren jarraitzaileei distantzia handitzea lortu du. Batik bat hirugarren sailkatuari, bost puntura handitu baitute aldea. Datorren astean alde hori handitu, mantendu eta txikitu egingo den ikusiko da, Anaitasunak Mutriku jasoko baitu Txerloian. Bigarren postuarengatik borrokan ari diren bi talde nor baino nor gehiago Txerloiako futbol zelaian. Mutrikun neurketa gogorra jokatu zuten, eta Ander Arabaolazaren golak puntu bat batzeko balio izan zuen, banakoaren amaitu baitzen neurketa. Hangoa bezalaxe, gogorra izango da datorren asteburukoa ere.