Aurrerapausoa eman du Anaitasunak Mutrikuri irabazita

Anaitasuna CD 1
Mutriku 0

Aurrean aurkari zuzena eta gogorra izan zuten Quindosen mutilek, baina Unairen golak Tolosaren aurkako borroka berdinduta utzi zuen hamaika jardunaldiren faltan

Espero bezalako neurketa izan zen pasa den larunbatean Txerloian Mutrikuren aurka jokatutakoa, gogorra eta borrokatua. Aukera gutxiko 90 minutu ikusi ziren Txerloian eta ondoen defendatu zuenak neurketa aurrea atera eta Hirugarren Mailarako borrokan jarraitzeko txartela lortu zuen. Mutriku hasieratik bere zelaian sartu zen, eta kontraerasoren bat baliatzeko asmoa garbi ikusi zen. Pare bat aukera izan zituzten modu horretan, nahiz eta min handiegirik egin ez zuten. Gureek, aldiz, partidaren pisua izan zuten neurketako minuturik gehienetan, baina areatik aurrera egitea garesti jarri zieten mutrikuarrek.

36. minutuan izan ordura arte neurketan izandako aukerarik garbiena. Ander Arabaolazak baloia ostu eta eskuin hegalean zen Iñigo Arzalluzi egin zion pasea. Jaurtiketa egin zuen hegaleko jokalariak, baina gehiegi gurutzatu zuen jaurtiketa eta kanpora joan zitzaion zuzenean. Anaitasuna iritsi zen aurrez area ingurura, baina ez zuten atezaina probatzeko aukerarik izan.

Atsedenaldira bitartean ezer gutxi ikusi zen zelaian. Mutriku atzean gogor kontrara irteteko, eta gureak neurketa kontrolatuz, baina aurkariaren atera iritsi ezinda. Aldageletatik bueltan gureak zuzen eta serio neurketaren bila irten ziren eta hasieratik ikusi zen lehen zatiko gidoiak ez zuela aldaketarik jasango.

Ander izan zen lehen jaurtiketa egin zuena, eta hurrengo jokaldian Mikel Arzalluzek borrokatutako baloia kornerrean amaitu zen. 51. minutuan izan zen hori, korner horretan bertan iritsi baitzen neurketako gol bakarra. Iñigo Arzalluzek jarri zuen baloia arean eta Markel mutrikuarrak ezustean harrapatzetik gertu izan zen hasiera batean, buruz bakarrik egin baitzuen errematea penalti puntua baino zentimetro batzuk aurrerago. Atezainaren aurrean zen atzelaria argi ibili zen, ordea, baloia urruntzea lortuz, baina baita Unai Aranbarri kapitaina ere, atezainak utzitako aldaratzera joan eta ezkerrez area txikian aurretik jarri baitzuen Anaitasuna.

Gol garrantzitsua izan zen inolaz ere, Mutrikurentzat kolpe handia izan baitzen. Hurrengo minutuetan ere gertu izan zuten gureek bigarren gola. Bi minutu beranduago, berriz ere Iñigok jarri zuen baloia jokoan eta erdiraketa bikain bat aprobetxatzetik gertu izan zen Oier Beitia. Buruz egindako errematea, baina, atezainak urruntzea lortu zuen, bide batez Mutriku neurketan bizirik mantenduz.

Anaitasunak jarraitzen zuen neurketan agintzen, eta arriskurik handiena geldikako jokaldietan lortu zuen egitea. Mutrikuk, baina, 71. minutuan izan zuen berdintzeko aukera. Baloia luze batean argi ibili zen Mutrikuko aurrelaria Oier Beitia azken atzelariarengana joan eta presioa egiterako orduan. Baloia harrapatzea lortu zuen, eta Xuban pixka bat aurreratuta zegoela ikusita baloia gainetik jaurtitzen ausartu zen. Gutxigatik ez zuen berdinketaren gola egin, langaren gainetik gora joan baitzen baloia.

Amaitzeko hamaika minutu falta zirela, berriz, area ertzeko jokaldi nahasi batean Xubanen aurrean gelditzea lortu zuten mutrikuarrek. Marrazainak, ordea, jokoz kanpoko posizioan zegoela ikusirik banderatxoa altxatu zuen. Hala ere, Xubanek partidan sartuta zegoela erakutsi zuen jokaldi horretan, aurrez-aurrekoan, baloia aldentzea lortu baitzuen.

Amaierarako hamar minutu baino gutxiago falta zirela, Anaitasuna izan zen Mutrikuk ordura arte izan zuen papera hartu zuena. Aurrera eginda ziren nabarmen bisitariak eta kontraeraso batean neurketa erabakita uztetik gertu izan ziren gure mutilak. Ander bizi irten zen aurrera, baina ez zuen saririk aurkitu.

Bost minuturen falta, ezker hegalean falta izan zuen alde Anaitasunak, eta zelairatu berria zen Xabi Soraluce izan zen baloia jokoan jartzeko ardura hartu zuena. Falta-erdiraketa bikain jarri zuen, eta bigarren zutoinean atzetik aurrera eginez berriz ere Unai agertu zen. Oraingo honetan buruz egin zuen errematea kapitainak, eta zutoinaren ondotik gutxigatik kanpora baloia.

Azken minutuetan Mutrikuren bultzadaz Anaitasuna atzean sartuta izan zen eta falta ugari izan zituzten alde baloia arean jartzeko. Gureak sendo agertu ziren goitik eta baloi guztiak urrundu zituzten, zegoen arrisku guztia uxatuz. Gure mutilak Mutrikuren zelaian jasotako baloietatik zerbait ateratzen saiatu ziren, denbora lortu eta partida ahalik eta gehien lokartzeko. Neurketa, hala ere, Anaitasunaren zelaian amaitu zuen Mutrikuk, baina zorionez ez zuen ezer batzerik lortu.

Hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu zituen, beraz, Igor Quindosek zuzentzen duen taldeak. Mutriku lehen bi postuetatik erabat aldenduta utzi dute, orain zortzi puntu eta golen aldea ere Anaitasunaren aldekoak direlako. Garaipenak, gainera, lehen postuarekin berdintuta jartzeko ere balio izan zuen, Tolosak Hondarribiara egindako bidaian bat eta huts galdu baitzuen. Orain 48 punturekin berdintuta dira bi taldeak sailkapenean.

Datorren jardunaldian, berriz, beste zelai zail batean arituko beharko dute gureek. Orioko Mendibeltz futbol zelaian Getariako KETAren aurka neurtuko dituzte indarrak. Azken postuetatik urruntzeko borrokan dira getariarrak, eta Errenterian Touring taldeari irabaztetik iritsiko dira gureen aurkako partidara. Getariarrek bat eta hiru irabazi zuten Fanderia futbol zelaia konplikatuan eta orain 20 punturekin 16. postuan dira. Denboraldi honetan sei garaipen batu dituzte denera, horietatik lau etxean. Gogor lan egin beharko dute gure mutilek lan aste honetan zehar aurrean duten beste aurkari zail bat menderatu ahal izateko.