Borrokan jarraitzeko beste hiru puntu

Anaitasuna CD 3
Ordizia 1

Hirurogei minutuz bat gutxiagorekin jokatu arren, taldeak ez zuen arazorik izan Ordizia menperatzeko

Iritsi da hainbeste desiatutako garaipena, aspaldiko partez Anaitasunak hiru puntuak batu baitzituen larunbatean Txerloian. Bolada onean dira gure mutilak, Hernanin eta Lasarten lau puntu batu ostean, Ordiziari ere jokoan zeuden hiru puntuak kentzea lortu baitzuen. Jokoz nagusi izan zen taldea lehen zatian, baina atsedenaldira iritsi aurretik epaileak Oier Beitia kaleratu zuenean gehiago kostatu zitzaion aurrera egitea. Bigarren erdian, irten eta berehala egindako golak arnasa eta patxada gehiagorekin jokatzeko aukera eman zien gure mutilei.

Taldea markagailuan aurretik jartzeko asmo garbiarekin irten zen berdegunera. Azken aldian Txerloian jokatutako neurketak markagailuan atzetik dela jokatu ditu eta horrek eragin handia izan du emaitzetan, aurkariek defentsarako lana egiten baitzuten behin gola egin eta gero. Ordiziaren aurka, ordea, Quindosen mutilak izan ziren markagailuan aurrea hartu zutenak. 21. minutuan egin zuen taldeak lehen gola, baina aurrez izan zituen aukera batzuk, erraztasun handiarekin iristen baitzen ordiziarren areara. Lehen abagunea neurketako protagonistetako batek izan zuen. Aramendik ezker hegaletik egindako erdiraketa gutxigatik ez baitzuen Mikel Arzalluz aurrelariak kanpora.

Lehena barkatu zuen, baina bigarrenean ez. Hain zuzen, 21. minutuan, berriz ere Mikel Aramendik egindako erdiraketa baliatu zuen lurretik eta arrastan Anaitasuna aurretik jartzeko. Golak, ordea, ez zuen asko iraun, hiru minutura Ordiziak neurketa berdintzea lortu baitzuen. Eskuin hegaletik egin zuten erdiraketa eta atzean egindako akats bat tarteko, Xuban gainditzea lortu zuten.

Harmailetan urduritasuna eta mamuak agertu ziren, baina Mikel Arzalluzek berriz ere aurretik jarriko zuen gola egin zuen orduerdia bete aurretik. 28. minutuan, zelai erdian harrapatutako baloi batetik etorri zen bi eta batekoa. Anderrek eta Mikel Arzalluzek bizi egin zuten jokaldia, eta Anderren pasea area barruan jaso eta atezainaren aurrean baloia loratu zuen Mikel Arzalluzek.

Golak berebiziko garrantzia izan zuen amaieran, 31. minutuan Oier Beitiak, azken atzelariak izanik Ordiziako aurrelaria zangotrabatu baitzuen Xubanen aurrean gelditzera zihoanean. Epaileak eta gainerako denek argi zuten txartela behar bazuen gorria izango zela, eta halaxe izan zen. Atsedenaldira iritsi aurretik gizon bat gutxiagorekin gelditu zen taldea.

Ordizia, bat gehiago zirelarik, baloiarekin jokatzen hasi ziren orduan eta lortu zuten hori. Gureek esfortzu fisiko handia egin zuten neurketa guztian zehar eta bigarren zatian baloi gabe igaro zituzten minutu asko. Aldageletatik bueltan Ander izan zen hirugarren golegilea. Zelai erdian egindako lan onari esker baloia berreskuratu eta Unaik egindako azken pasearekin atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen Ander, eta honek, taldeko golegile nagusiaren papera bikain bete zuen, eskuinez eta jaurtiketa gurutzatuz, markagailuan hiru eta batekoa jartzeko.

Bat gutxiagorekin zen taldea, baina ez zen asko nabaritu. Aukerarik ere ez zen falta hirugarren golaren ostean. Unai Aranbarrik eta BeƱat Landak area kanpotik egindako jaurtiketak gola bihurtzetik gertu egon ziren, baina atezainak ez zuen nahi izan. Azken minutuetan Ordiziak baloia hartu zuen eta berak gidatu zuen baloia neurketa amaitu bitartean.

Lanean itxaropenarekin jarraitzeko beste hiru puntu gehitu zituen taldeak sailkapenean Ordiziaren aurka. San Andres bezperetatik taldea Txeloian irabazi gabe zen eta pasa den larunbatekoarekin etxean zuten presioa galdu eta konfidantza irabazi dituzte. Datorren asteburuan Euskaldunaren aurka neurtuko dituzte indarrak gure mutilek. Denboraldia ondo hasi baldin bazuen ere, behera egin du Andoaingo taldeak. Gureak etxetik kanpo lortu duten jokoa erakusten saiatuko dira beste behin.