Indarberrituta irten da Anaitasuna Michelindik

Ostadar 0
Anaitasuna CD 5

Goitik behera nagusitu zen Quindosen taldea Lasarten eta neurketa ona burutu ostean bigarren postuari lotuta jarraitzen du

Atsedenaldian aldageletarako bidea hartu aurretik erabakita utzi zuen Anaitasunak neurketa Michelingo Futbol Zelaian. Huts eta hiruko emaitzarekin eta itxura benetan bikaina emanez agertu ziren gure mutilak Lasarten eta Ostadar ezereztatu zuten. Lehen zatian Markelek birritan eta Iñigo Arzalluzek penalti bidez egindako golek lasaitasun handia eman zien gureei bigarren zatira begira eta baloiarekin jokatzerako orduan.

Anaitasunak eman zuen lehen ezustekoa. Zortzigarren minutuan Unai Aranbarrik area kanpotik egindako jaurtiketak historia handiegirik ez zuela ematen zuenean, atezainari baloiak eskuetatik ihes egin zion, baina zutoinak libratu zuen. Baloia kanpora irten zen, gure mutilen aldeko kornerra bihurtuz eta korner horretan bertan gola egiteko gutxi falta izan zitzaion Ander Arabaolazari. Landutako jokaldia bikain irten zitzaien gureei eta jaurtiketa atera zihoan arren, etxeko atzelari baten gorputzean jo eta urruntzea lortu zuten.

Nagusi izan zen Anaitasuna eta nagusitasun hori Xuban atezainak egin beharreko lanean ikusi zen isladatuta. Luzapeneko minutuetara arte apenas iritsi zen Ostadar Xubanen atera. Hori bai, lehen gola etxekoena izan zen, nahiz eta gero epaileak ezerezean utzi zuen. Ezker hegaleko jokalariaren eta aurrelariaren artean egindako bat-bikoen ondorioz area barruraino sartu eta bakarrik jaurtiketa egiteko gai izan ziren lasartearrak. Michelinera hurbildutako zaleen zalantzarako, jokoz kanpoko posizioan egindako gola izan zen marrazainaren iritziz, eta banderatxoa altxatu zuen.

Anaitasuna zen ordura arte Michelinen jokoa proposatzen zuen taldea, baina Ostadar ere pixkanaka gora etortzen hasia zen. Orduan iritsi zen, baina, Markel Eskurtzaren gola. Area ertzean Anaitasunaren aldeko falta adierazi zuen epaileak eta gureek landutako jokaldi bat praktikan jartzeko baliatu zuten. Markeli bigarren zutoinera iritsi zitzaion baloia, eta buruz errematea gurutzatuz baloia sareetara bidali zuen Anaitasuna aurretik jartzeko.

Golaren ostean ere azkoitiarrak izan ziren jokoaren gidariak eta eskuin hegaletik egindako jokaldi batean, 35. minutuan, Ostadarreko atzelari baten eskuan jo zuen baloiak eta Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Penalti garbia inondik inora ere. Pasa den asteburuan txartel horien zikloa bete zuen Iñigo Arzalluz izan zen jaurtiketa egiteko arduraduna eta ez zuen hutsik egin jaurtiketa atezainaren eskuin aldera jaurtita.

Gol honek askorako balio izan zuen, etxekoen mahai gainean kolpe handia eman baitzuten minutu gutxian. Hori gutxi ez eta hiru minutu beranduago, 38. minutuan, area barruko jokaldi nahasi batean berriz ere Markel agertu zen argi eta bizi ezkerrez baloia gurutzatu eta huts eta hirukoa markagailuan jartzeko. Elgoibarren eta beste zelairen batean egin bezala, neurketa erdi-erabakita utzi zuten gure mutilek atsedenaldira iristerako.

Bigarren zatian ez zen ezer aldatu. Lehen zatian erakutsitako jarrera berdinarekin zelairatu ziren jokalariak, baloi guztiak borrokatuz. Atsedenaldirako erabakita utzi gabe zuena, bigarren zatiko hirugarren minuturako etorri zen Michelingo neurketaren sententzia. Iñigo Arzalluzek jokaldi dotorea burutu zuen eta area barruraino iritsi zen, gero Mikel Arzalluzi atzeranzko pasea egin eta azken honek lasaitasun handiz huts eta laukoa egiteko.

Beste gol bat ere egin zuten gureek, Oier Beitiak egindakoa, baina epaileak ezerezean utzi zuen gol hori itxuraz atzelaria jokoz kanpoko posizioan zegoelako. Ostadarrek egindako golak zalantza handia sortu baldin bazuen, Oier Beitiaren golean ere izan zen zalantzarik. Minutu gutxira etxekoen erantzuna etorri zen, ordea. Etxeko jokalari batek jada Xuban gainditua zuela gola egingo zuela zirudien, baina han agertu zen Aitor Zulaika arrastan baloia atepetik atera eta etxekoek oihukatzen zuten gola isilarazteko.

Aldaketekin ere modu berean jarraitu zuen taldeak, eta Mikel Pastrian izan zen lehena zelairatzen. Gertu izan zuen Pastrian anaietako zaharrenak bere gola, area kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan baitzen kanpora. Anaia gaztea ere zelairatu zuen Quindosek eta azken minutuetako protagonista nagusia izan zen zalantzarik gabe. Gose handiarekin irten zen Michelingo berdegunera eta bere oinetan eduki zuen Anaitasunaren bosgarren gola.

Ander Pastrian berak egindako jaurtiketa baten aldaratzetik etorri zen azken huts eta bostekoa. Eskuin hegaletik landu zuten gureek jokaldia eta Ander Pastrian berriz ere atearen aurrean bakarrik gelditu zen. Oraingo honetan atezainak gelditu zion baloia, baina beste aldean aldaratzea jasotzeko bakarrik zen Ioritz Mendizabal aurrelaria eta ate hutsean ez zuen barkatu bosgarrena egiteko.

Ostadarrek ere bere gola nahi zuen, eta saiakeran murgilduta amaitu zuten neurketa etxekoek. Ezker hegaletik egindako jaurtiketa bat lehenik eta korner erremate batean inork espero ez zen eskua ateraz bigarren batean, Xubanek Ostadarren gola ekiditea lortu zuen bi akzio handi burutuz.

Amaieran huts eta bost Michelinen. Behar zuen garaipena eta arnasa lortu zituen Anaitasunak Lasartera egindako bisitan. Azken hiru jardunaldietan hiru berdinketa lortu ostean, atzoko garaipenak garrantzia handia zuen, alde batetik taldeak behar zuelako, eta bestetik, atzetik zetozen talde gehienei aldea handitzea lortu dutelako. Datorren jardunaldian beheko postuetan den Ordizia jasoko dute Txerloian gureek. Bolada txarrean dira ordiziarrak, azaroan Zarautzen aurka jokatutako neurketatik ez baitute neurketarik irabazterik lortu. Garaipen honi jarraipena ematea izango da gureen lana.