Garaipen erosoa Elgoibarren
| Elgoibar | 1 |
| Anaitasuna CD | 4 |
Lehen zatian erabakita utzi zuten neurketa Igor Quindosen mutilek, eta bigarrena hasi bezain laster laugarren gola egin eta patxada handiz jokatu zuten
Garaipen bikaina lortu zuen Ohorezko Mailako taldeak Mintxetako Futbol zelaian. Partida espero baino erosoagoa izan zen taldearentzat, 33. minuturako huts eta hiru baitziren aurretik Igor Quindosen mutilak. Aurkariaren areara iristeko erraztasun handia aurkitu zuten gureek eta behin area barruraino iritsita eraginkortasun handiarekin amaitu zituzten jokaldiak.
Lehen minutuetan ez zen bi taldeetako inor nagusitu, jokoa nahasia izan zen eta aukera nabarmenik ere ez zen izan. 19. minutuan iritsi zen Anaitasuna lehen aldiz ate ingurura. Orain arte Igor Quindosek erabili dituen aurreko gizonak lekuz aldatzea erabaki zuen Elgoibarren eta bete-betean asmatu zuen. Anderren mugimenduek aire ematen zioten taldeari eta horrelako jokaldi batetik iritsi zen lehen abisua, aurrelariak kornerra lortu baitzuen taldearentzat. Kornerra atera zuen Anaitasunak, baina asmatu ez eta area ertzean aldaratzea jaso zuten, oraingoan arrisku handiagoarekin. Iñigo Arzalluzek jaso zuen baloia area barruan eta jaurtiketa indartsua kornerrera bideratu zuen etxekoen atezainak. Eta oraingoan bai, Oier Beitiak errematea egitea lortu zuen eta bigarren baloia Anderren oinetara iritsi zen atezainak gelditu ostean, eta aurrelariak oinaren punta sartu eta Anaitasuna aurretik jartzeko gola egin zuen. Baloiak sarerik ukitu ez zuen arren, epaileak goleko lerroa gainditu zuela erabaki zuen.
Golaren ostean presa handiarekin jardun nahi edo behar zuen Elgoibar ikusi zen Mintxetako berdegunean eta presaren-presaz hurrengo minutuan berdinketa lortzeko gertu izan ziren. Anaitasunaren alboko sakea zena area ertzean ostu zuten eta jokoa hegal batetik besteraino eramanez Astiren aurrean bakarrik gelditu zen Elgoibarko jokalari bat. Zorionez astik oinak atera eta baloia urruntzea lortu zuen.
21. minutuan iritsi zen huts eta bikoa. Elgoibarren aldeko kornerra aldaratzean urrundu eta jokalari askorekin azkar irten ziren kontraerasora gureak. Anderrek urrundu zuen baloia, Mikel Arzalluzek baloia babestu eta Mikel Aramendiri egin zion ukitua, honek atzelarien artetik Anderri pasea luze botaz. Anderrek maisuki loratu zuen baloia atezainaren aurrean bere bigarren gola egin eta bolada onari eusteko.
Hirugarren golera bitartean gure mutilak izan ziren neurketaren pisua eraman zutena eta Elgoibar gelditzeko ez zuen inolako arazorik aurkitu. 33. minutuan erabakita utzi zuen neurketa Anaitasunak. Zelai erdian Unai Aranbarrik ostutako baloia Mikel Aramendik jaso zuen areatik metro gutxira eta honek kontrol bikaina egin eta atzelarien arteko beste pase zoragarri bat egin zion mugimendu ona egin zuen Mikel Arzalluzi. Honek atezainari iskin egin zion eta eskuinez huts eta hirukoa egin zuen. Jada erabakita ez bazegoen neurketa, ez zuen asko falta horretarako, Elgoibar ez baitzen agertzen erasoan.
Taldeak konbinazio dotoreak egiten jarraitu zuen ondorengo minutuetan, Elgoibarren lerroak erraz hausten baitzituzten gureek. Ondorengo jokaldi honek laburbildu zuen: ezker hegaletik jokaldi bikaina burutu zuen taldeak, Markelek jokaldia atzetik hasi eta Ander aurrelariak gola egitea ere lortu zuelako, baina marrazainak jokoz kanpoko posizioan zegoela eta banderatxoa altxatu zuen. Azken hau, ordea, ez zen izan Anaitasunak lehen zatian eduki zuen azken aukera, Iñigo Arzalluzek ere izan baitzuen berea. Area ertzean baloia errekuperatu zuen eta abiadura balituz arearaino sartu eta jaurtiketa egitea lortu zuen. Ozta-ozta kanpora joan zitzaion baloia, nahiz eta Anderri pasea egiteko aukera ere bazuen bere oinetan.
Atsedenaldira partida nahi zuen lekuan zutela iritsi ziren gureak eta bigarren zatiak historia gutxi izan zuen. Gainera seigarren minuturako laugarrena egitea lortu zuten gureek. Zulaikak alboko sakea atera zion Iñigori bi zelaiak banatzen dituen lerroa baino metro batzuk aurrerago, honek berriz Zulaikarekin jokatu zuen, baloia atzera eramanez. Oier Beitiak jaso zuen baloia eta etxeko jokalari batek zailtasunak jarri zizkion arren, pase dotorea egin zion Mikel Arzalluzi. Honek atezaina aurreratuta zegoela ikusi eta baloia gainetik bota zuen, Anaitasunaren aldeko laugarren gola egiteko.
Ordutik aurrera patxadaz eta gehiegi arriskatzeko asmo handirik gabe jardun zuten gure mutilek. Elgoibar izan zen pisua eraman zuena eta amaitzeko 20 minuturen faltan hegaleko sake bat baliatu zuten bat eta laukoa egiteko. Atzelarien aurrean baloia kontrolatu eta bikain gurutzatu zuen baloia aurrelariak. Gureen area inguruan arrisku gehiago sortzera iritsi ziren, baina zorionez ez zen besterik iritsi.
Aurreko astean Aloña Mendiren aurka etxean jaso zuen puntua ondu zuten gureek Elgoibarren, eta gainera beste taldeek egindako estropezuak baliatu dituzte, liderrak Hernaniren aurka berdindu baitzuen etxean, eta Mutrikuk Oiartzunen galdu egin zuen. Lehen postua bi puntutara dago orain, eta hirugarrena laura uztea lortu dute.
Gureek datorren jardunaldian Lesakako Beti Gazte taldea jasoko dute Txerloian, sailkapenean 13 punturekin azken hirugarren postuan dagoen taldea hain justu. Nafarrek etxetik kanpo bi puntu lortu dituzte orain arte, gainerako denetan porrot egin baitute. Pausoak ematen jarraitzeko, etxean sendotu beharko dute gure mutilek.