Historia errepikatu da Txerloian

Anaitasuna CD 1
Beti Gazte 3

Defentsa lanean mugatu ziren lesakarrak eta horrek beste behin zailtasun handiak sortu zizkion Anaitasunari

Nagusi izan zen Igor Quindosen taldea jokoari dagokionean, baina ez zen gai izan Beti Gazte menderatzeko. Defentsara mugatutako jokoa egin zuten bisitariek Txerloian eta kontraerasoan harrapatu zituzten gureak, hiru gol egin eta jokoan zeuden hiru puntuak Lesakara eramateko.

Beste behin kale egin zuten gureek etxean. Txerloiara etorri diren azken aurkariek bezala jokatu zuten atzo ere nafarrek Txerloian. Nahiz eta jokoaren norabidea gureek eramana izan zen, ez zuten asmatu ate aurrean eta lesakarrek kontraeraso zitalak antolatu zituzten.

15. minutuan, ordea, hankaz gora jarri zitzaion Anaitasunari neurketa. Zelai erditik ateratako falta batetik egin zuten nafarrek neurketako lehen gola. Gureek atzean egindako oker batetik oparia jaso zuten Beti Gazteko jokalariek, ukitu batekin nahikoa izan baitzuten atepean aurrelaria bakarrik uzteko. Aurrelariak ez zuen hutsik egin eta maldan gora jarri zion partida Anaitasunari, azken aldian etxean askotan gertatu zaion moduan.

Ondoren ere Anaitasuna izan zen golaren bila saiatu zen bakarra eta izan zituen horretarako aukerak. Garbiena Mikel Aramendirena izan zen. Mikel Pastrianek ezker hegalean zen Ander Arabaolazara zabaldu zion jokoa, eta honek eskuinez egin zuen erdiraketa Mikel Aramendi aurkitu nahian. Aurkitu zuen, baina Aramendik ez zuen baloia nahi bezala gurutzatzerik izan eta atezainak eskuetan jaso zuen.

Aukera gehiago egin zituzten gureek berdinketa lortzeko, eta merezi ere merezi izan zuten, baina aurrean defentsa lanean gogor aritu zen Beti Gazte aurkitu zuen taldeak. Bigarren zatian aldaketa bat egin zuen Igor Quindosek. Mendizabal zelairatu zuen Mikel Arzalluzen ordez, honek sarrera gogorra jaso baitzuen lehen zatiaren erdialdean eta eskuin oineko orkatilean min hartuta aldaketa eskatu behar izan zuen.

Ahalik eta azkarren berdinketa lortzeko asmo garbiarekin zelairatu ziren gure mutilak bigarren zatian eta izan zituzten aukera batzuk helburua lortzeko, baina 53. minutuan Beti Gaztek bigarren gola egin zuen. Ezer gutxi eginda lortu zuen bigarren gola ere, baina honek gure mutilak susperrarazi zituen, golaren ostean berdin jarraitu baitzuten lanean. Zelai erdian ostutako baloia atzelarien bizkarrera jaurti zuten azpitik eta atepeko lerroraino iritsiz bigarrena egin zuten. Asti atezaina gainditzea ere lortu zuen aurrelariak eta atepean lurrera bota ostean huts eta bikoa egin zuten. Minutu gutxi barru Markel Eskurtza izan zen gola gertu izan zuena, baina bere burukada zoritxarrez kanpora joan zen.

Kolpe gogor honen ostean Quindos entrenatzaileak hiru atzelari jarri zituen, Zulaikaren ordez Oier Elorza zelairatu baitzuen. Lehengo lepotik jarraitu zuen neurketak, kontrola eta nagusitasuna Anaitasunarenak izaten jarraitu baitzuen. Sei minutu beranduago aldea murriztea lortu zuten gure mutilek. Oier Beitiak erasoko jokalari bat balitz bezala erdiraketa egin zuen ezker hegaletik eta lehen aukera batean Ander Arabaolazak baloia langara bidali baldin bazuen ere, aldaratzean Beñat Landa izan zen atzetik aurrera eginez buruz bat eta bikoa egin zuena.

Aukera oso garbiak eduki zituzten gure mutilek ondorengo minutuetan, baina gauzak irteten ez diren egun horietako bat izan zen larunbatekoa eta ez zen nahita ere baloia ate barrura sartu. Lehena Joritz Mendizabalentzat izan zen. Eskuin hegalean Iñigok jokaldia egin eta pase ona egin zion area barrura Mendizabali, baina bere jaurtiketa gora joan zen. Ondoren Mikel Aramendirentzat izan zen beste aukera. Anderrek egin zuen oraingo honetan erdiraketa eta Mikel Aramendiren errematea atezainak atepetik ateratzea lortu zuen jada Txerloian berdinketaren gola oihukatzen zen bitartean.

66. minutuan lesakarrek atea hutsik zutela huts egin zuten eta hutsegite horrek bizirik jarraitzeko baimena eman zieten Anaitasunako mutilei. Lanean gogor jardun zuten eta Ander Pastrianek izan zuen Anaitasunaren partetik neurketako azken aukera garbia. Bere jaurtiketa, zoritxarrez, oinekin urrundu zuen Beti Gazteko atezainak.

Beti Gaztek, emaitza alde zuela, denbora galtzen eta Anaitasunaren jokoa ahalik eta azkarren gelditzen hasi zen eta neurketa erabat lokartzea lortu zuten Lesakako jokalariek. Hori gutxi ez eta neurketa luzapenean zela jaurtiketa gurutzatu batetik hirugarrena egin zuten neurketa erabakita utzitz.

Porrot mingarria jaso zuten gure mutilek beste behin etxean eta Txerloian galdutako puntuak etxetik kanpo batzen jarraitu beharko dute sailkapeneko puntan jarraitu nahi badute. 2015. urteari dagokionez egin dituzte etxeko lanak, eta orain Urte Zahar egunean Orion jokatuko dute Orioko taldearen aurka urteko azken neurketa. Egoera txarrean den beste aurkari batekin neurtuko dituzte indarrak gureek urteko azken egunean.