Anaitasuna ez zen berdinketatik pasatu Aloña Mendiren aurka
| Anaitasuna CD | 0 |
| Aloña Mendi | 0 |
Gureek irabazteko merituak egin zituzten arren, husnako berdinketarekin konformatu behar izan zuten Aloña Mendi langile eta borrokalari baten aurrean
Hasiera ona eman zion Quindosen taldeak neurketari, baina minutuek aurrera egin ahala, lo-zorroan zegoen Aloña Mendik aurpegia eman zuen Txerloian. Gauzak zail jarri zizkien gureei eta ezustekoa emateko gai ere izan ziren lehen zatian. Bigarren zatian ere Anaitasuna izan zen jokoaren norabidea aurrera eraman zuena, eta aukera garbiak ere izan zituzten aurretik jartzeko, baina oñatiarren atezainarekin egin zuten topo.
Gogor zelairatu zen taldea eta lehenbiziko minutuan jokaldi polita borobildu zuen Anaitasunak. Aitor Zulaikak atzelarien bizkarra bilatu nahian pasea egin zion Mikel Arzalluzi, eta honek baloia kontrolatu eta erdiraketa egitea lortu zuen. M. Arzalluzen erdiraketa, ordea, atearen aurretik pasa zen, ez baitzen bere taldekiderik agertu errematea egitera. Horrela izan ziren lehen zatiko lehen 25 minutuak, Anaitasuna oñatiarren zelaian aritu baitzen minutu gehienetan. Areara iristea asko kostatu zitzaien, ondo kokatutako talde bat aurkitu baitzuten gureek.
Azken metroetako sormena falta izan zitzaion taldeari lehen minutu horietan, gero pauso bat aurrera egingo zuen Aloña Mendi agertu baitzen Txerloiako Udal Futbol zelaian. Ondo lotutako jokaldi batean aurrea hartzeko aukera bikaina galdu zuten alferrik bisitariek, atearen aurrean gelditu baitzen Asier, Anaitasunako jokalari ohia, eta berak egindako jaurtiketa Xuban atezainak kornerrera bidali zuen. Geldiketa garrantzitsua egin zuen atezain gazteak.
Asier izan zen, dudarik gabe, oñatiarren gizonik garrantzitsuena eta arriskutsuena. Zelai erdi ingurutik egindako jaurtiketa ere gutxigatik bidali zuen aurrelariak kanpora. Xuban aurreratuta ikusi zuen, baina zorionez bere jaurtiketa kanpora joan zen zuzenean.
Anaitasunak hasiera txukuna eman zion beraz lehen zatiari, baina amaierako minutuetan oñatiarrak nagusitu ziren aukerei dagokienez bada ere. Bigarrenean, Anaitasunak bere lanarekin jarraitu zuen eta oñatiarren saiakerak murriztu zituen. Hasiera hotza izan zen Txerloian, jokoa askotan gelditu baitzen minutu gutxian eta horrek lehen minutuak aukerarik gabeak izatera eraman zuen partida. Gero, ordea, Anaitasuna izan zen neurketa kontrolatu zuena, baina gola egitea falta izan zitzaion soilik taldeari. Atezainaren aurrean bi aukera garbi eduki zituzten, lehena Ander Arabaolazak eta bigarrena Mikel Arzalluzek. Aloña Mendiko atezainarekin egin zuten topo bi aurrelariek.
Anderren aukera baloi-harrapatze baten ostean etorri zen. Aloña Mendiko atezainak egin zuen sakea, baina Anaitasuna baloia osteko gai izan zen, taldea ondo elkartuta baitzegoen zelai erdian. Iñigok baloia harrapatu, metro batzuk aurrera egin eta Ander Arabaolaza atezainaren aurrean utzi zuen atzelarien artetik pasea eginda. Aurrelariaren jaurtiketak, ordea, Oñatiko atzelari baten oinean jo zuen eta kornerrera joan zen ozta-ozta.
Minutu batzuk geroago, talde-jokaldi aparta josi zuten gure mutilek. Izagirrek atera zuen alboko sakea, Aramendik espazioa aurkitu zuen aurrera egiteko eta halaxe egin zuen, baina arean sartu beharrean kalitate handiko pasea egin zion Mikel Arzalluzi, honek ere atzelarien artetik. Arzalluz behartuta iritsi zen baloira, baina lurretik jaurtiketa egiteko gai izan zen aurrelaria, nahiz eta gero atezainak urruntzea lortu zuen.
Anaitasunarena ari zen izaten bigarren zatia zalantzarik gabe, baina azken minutuetan zalantzarako jokaldiak iritsi ziren bi areetan. Lehen oñatiarrek eskatutako penaltia izan zen, Anaitasunak egindako baloi galtze batean penaltia egitetik gertu egon zen Oier Beitia. Atzelariak egindako bultzakada ez zuen faltatzat hartu epaileak bisitarien haserrerako.
Minutu gutxi barru beste aldeko arean izan zen polemika. Jokaldi borobila egin zuen taldeak eskuin hegaletik eta Oier Elorzak Ander Pastriani egin zion azken pasea, zelairatu berria zen aurrelaria area barrura sartzeko. Oñatiko jokalari batek eskuarekin garbi ukitu zuen baloia area barruan eta epailearen marrazainak banderatxoa altxatu baldin bazuen ere, epaileak ez zion jaramonik egin nahi izan bere laguntzaileari eta ez zuen penaltirik adierazi. Txerloia berotu egin zen une horretan, zaleek ez baitzuten ulertzen epaileak nola ez zuen penaltirik adierazi marrazainak banderatxoa altxatu baldin bazuen.
Kontuak-kontu, neurketak aurrera jarraitu zuen eta azken minutuetan estu hartu zuten gureek Aloña Mendi. Azken aukera korner batean izan zuen Anaitasunak, baina Oier Beitiak egindako burukada zentimetro gutxi batzuengatik kanpoa joan zen zutoinaren ondotik. Baloia kanpora joan bezain laster eman zion amaiera neurketari epaileak.
Gehiago merezi izan zuen taldeak, bereziki bigarren zatian egindako lanagatik, baina aurrean lanerako prestutasun handia erakutsi zuen aurkari bat izan zen Txerloian. Puntu banaketa eta lanean jarraitu behar, datorren jardunaldian Elgoibarrera irteera zaila baitute gureek. Etxean sei puntu galdu dituzte soilik, hain zuzen sailkapeneko goiko postuetan dauden Mutriku eta Tolosaren aurka. Gainerako neurketa guztietan jokoan zeuden hiru puntuak Mintxetan bertan mantentzea lortu du Elgoibarrek.