Bakarra ona, hiru ezin direnean

Bizkerre B FT 1
Anaitasuna CD 1

Bi taldeek neurketa bere aldera eramateko aukerak izan arren, puntuak banatu zituzten Bizkerrek eta Anaitasunak

Joan den zapatuan, Euskal Ligako neskek Getxoko Bizkerre taldea bisitatu zuten. Lehen zatia hutsean amaitu zen, baina bigarrenean iritsi ziren golak. Anaitasunak hartu zuen aurrea zelairatu berria zen Leire Ucinen eskutik, baina etxeko taldeak berdinketaren gola egitea lortu zuen. Azken minutuetan balantza bi aldeetara erortzeko aukerak izan ziren, baina puntua urratu zuten bi taldeek.

Anai Bizkerre

Baloiaren jabetza izatea gustatzen zaion talde sendo batekin egin zuen topo Anaitasunak, eta lehen erdian etxekoek lortu zuten asmoari eustea. Joko zuzenik egin gabe, atzeko lerroetatik baloia aurrera ondo ateratzen zuten bizkaitarrek, eta gorrixek baloiaren atzetik ibiltzera behartu zituzten. Lan eta esfortzu handia egin behar izan zuten gure neskek, baina presioa egokia izan zen, eta Miren Odriozolaren ate ingurura iristea garesti jarri zuten gureek.

Presio onaren adibide, zelai erditik aurrera baloi batzuk ere harrapatu zituzten gorrixek, eta horrek gola egiteko aukera politak ere eman zizkien. 23. minutuan, Irantzu Albizurik egindako jaurtiketan gelditu ona egin zuen Bizkerreko atezainak. Anaitasunaren lehen abagunea izan zen, baina etxekoen atepeko neskak emandako erantzuna aproposa izan zen zinez.

Atsedenetik bueltan, ausardia handiagoko Anaitasuna ikusi zen Bolue zelaian. Etxekoei baloia kendu eta baloiaren jabe egin ziren gureak eta bigarren zatiko lehen 25 minutuetan gol aukera asko egiten zituen. Baita horietako bat sartu ere. Intza Zendoia hegaleko jokalariak baloia atzetik jokatu zuen, Maria Juaristiri pasatuz, eta aurrelariak banakako jokaldi eder bat eginda Leire Ucini erdiratu zion. Atsedenaldian sartu zen Ucin zelaira, eta arrisku handia egin zuen hegalean. Ucinek sareetara bidali zuen baloia, Maria Juaristik egindako paseari etekin ezin hobea ateraz.

Gustura ziren huts eta batekoarekin gure neskak, baina izandako aukera guztietatik gol bakarra egiteak ez zuen ziurtasun handirik ematen. Gauzak horrela, Bizkerrek korner bat baliatu zuen berdinketaren gola egiteko. Bigarren zutoinera erdiratu, etxeko jokalari batek ukitu eta lehen zutoinean zen jokalariak barrura. Amaierara bidean, berriro ere bi taldeen arteko lehia orekatu egin zen. Aukerak izan ziren, baina ez batak eta ez besteak ez zuen gol gehiago egiterik lortu. Bietako inork galtzerik merezi ez zuenez, puntua banatu zuten Bizkerrek eta Anaitasunak. Asteburuan Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka jokatuko dute Euskal Ligako neskek. Igandean, 17:15ean hasiko da Erandioko nesken aurkako partida, San Juanen.