Mugarik gabe

Mutriku FT 0
Anaitasuna CD 3

Neurketa ona egin zuen taldeak Mutrikun eta beste garaipen bat lortu zuen, laugarrena jarraian

Mutilek ez diote mugarik jarri nahi egiten ari diren lanari. Denboraldiko hemeretzigarren garaipena lortu zuten joan den zapatuan, Mutrikuko San Miguel zelaian. Ordu erdia bete aurretik hartu zuten aurrea mutilek Axiren eskutik, eta atsedenalditik bueltan bideratu Letak bigarrena eginda. Azken minutuetan neurketa borobiltzeko hirugarren gola egin zuen Mikel Pastrianek. Laugarrena garaipena lotu dute mutilek jarraian.

MutrikuAnai

Landa, Mutrikuren aurka Txerloian jokatutako partidan. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Lehen minutuetan borroka handia izan zen zelaian; inor ez zen nagusitzen. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Anaitasuna ondo jarri zen zelaian, eta zelai erdia irabazita min egiten hasi zen Mutrikuri. Baloia hartzeko lekua izan zuen zelai erdian, eta aurrera egitea lortutakoan etxekoen defentsari min egiten hasi zen. Axik ordu erdia bete aurretik lortu zuen huts eta batekoaren gola egitea. Bere falta jaurtiketa ate barrura bidali zuen, Anaitasunari abantaila garrantzitsua emanez. Golaren ondoren, taldea ondo ibili zen nahiz eta mutrikuarrek zutoinera botatako jaurtiketa batean banakoa gertu izan zuten. Bestela minik ez zuten egin etxekoek; Anaitasuna eroso sentitu zen berdegunean.

Atsedenalditik bueltan indar handiz sartu zen zelaira taldea, bigarren golaren bila, bai baitzekiten bigarrena eginda asko eginda izango zutela garaipena lortzeko. Eta horrela izan zen. Bigarren zatiko hamabigarren minutuan Mikel Arzalluzek hegalean egindako jokaldiari amaiera ezin hobea eman zion Letak. Erdiraketa ona egin zuen Arzalluzek eta erremate hobea Letak, buruz. Bigarren zatian erraztasunak eman zizkion Mutrikuk Anaitasunari, eta hegaletatik eta erditik min egin zuen Artetxeren taldeak. Bigarren gola eginda neurketa erabakita ikusi zuen taldeak, Mutrikuri asko kostatzen baitzitzaion gureei min egitea. Etxekoek, gainera, jokalari bat galdu zuten, bigarren txartel horia erakutsi baitzion epaileak.

Anaitasuna eroso izan zen, Mutrikuri ez zion aukerak egiteko lekurik eman. Korner batean izan zuten etxekoek gol aukera, baina bestela aukera gutxi izan zituzten mutrikuarrek. Huts eta bikoarekin presioa gorago egin zuten mutrikuarrek, baina Anaitasunak ondo asmatu zuen baloia bere zelaitik ateratzen. Zelai zail batean nagusi izan zen partida guztian zehar eta hiru puntu oso on atera zituzten gorrixek lehen postuari eusteko. Datorren asteburuan, Real Union jasoko dute mutilek, Txerloian. Zapatuan 17:00etan hasiko da irundarren aurkako partida.