Kolpea San Juanen

Anaitasuna CD 0
Erandioko Betiko Neskak FKE 4

Gure neskak ezeztatuta izan dituzte denbora guztian, eta zati bakoitzean bina gol eginda, Anaitasunaren bolada ona eten du Erandioko Betiko Neskak taldeak

Neskek kolpe handia jaso dute arratsaldean Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka. Huts eta lau galdu dute sailkapenean gertu zituzten bizkaitarren aurka. Zazpi aste on atzean utzi dituzte gureek; urtarrilaren 4tik ikusi gabe ziren porrota jaso dute gorrixek. Zati bakoitzean bi gol egin dituzte bizkaitarrek, eta gehiagorako abaguneak ere izan dituzte.

Anai Erandio

Gure neskek zelairatu duten taldea. (Argazkia: Liga Vasca Femenina)

Ez da azken asteetako Anaitasuna izan gaurkoa. Hirugarren minuturako gola jaso dute Gorka Zubizarretaren neskek. Hegaleko falta bat ez dute ondo urruntzen asmatu, eta aldaratze bat area barruan jasota barrura bidali du gaurko egunean hiru gol egin dituen bisitarien aurrelariak. 

Bizkaitarrek oso joko zuzena erakutsi dute, eta borroka eta lehia guztiak bisitariek irabazi dituzte. Gureak ez dira ondo moldatu jokamolde horretara, eta ez dira aurkariaren area zapaltzeko gai izan. Esperientzia handiko taldea dela erakutsi du Erandioko nesken taldeak. Atsedenaldira iritsi aurretik, gainera, kanpokoek huts eta bikoa egin dute. Jokoz kanpoko posizio argian hartu du baloiak bisitarien aurrelariak, baina epailea ez horretaz jabetu eta Mirenen gainetik jaurtita, baloiak ate barrurako bidea hartu du. Huts eta batekoarekin neurketa irekita zegoen, baina bigarren gola jasota ate asko itxi zaizkie gorrixei

Atsedenaldian bi aldaketa egin ditu Anaitasunak eta jokamoldea ere aldatu dute, baina ez da onerako izan. Bisitariek erraztasun handiz lortu dute Miren Odriozola atezainaren areara hurbiltzea, eta Anaitasunari ikaragarri kostatu zaio aurkariarena zapaltzea. 50. minutura iritsi aurretik lortu dute bisitariek neurketa erabakitzea. Gure nesken bizkarrera baloia sartu eta urrundik jaurtita, ate barrura bidali dute baloia. Ilusio guztiak zapuztu dizkio Anaitasunari hirugarren golak, eta etsita jardun du amaierara bitartean. Laugarren gola, berriz, 60. minutuan egin dute Erandioko neskek. Area ertzetik jaurti du Mirenen atera kanpokoen aurrelarriak, eta gol ona egin du.

Arauzko denbora iritsi arte, gainera, hamar jokalarirekin aritu behar izan dute neskek. Ziharak min hartuta zelaia utzi behar izan du, eta ordurako aldaketa guztiak eginda zituen taldeak. Gehiagorako parada ere izan da San Juanen. Kanpotarrek langara bidali dute jaurtiketa bat 76. minutuan, eta Irantzu Albizuri Anaitasunako jokalariaren gola ere langak ekidin du, 90. minutuan. Bere erdiraketa ikaragarri gaiztotu da, baina azkenean langaren kontra jo du baloiak. 

Azken zazpi asteetan sei garaipen eta berdinketa bat batuta mailari eustea lortu dute neskek, baina gaur ezin izan dute esperientzia handiko talde baten aurka. Datorren asteburuan Arratia sailkapeneko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko dute Euskal Ligako gure neskek, Igorren.