Euskal Ligan jarraitzeko hiru puntu
| Anaitasuna CD | 3 |
| Hernani CD | 2 |
Hernaniren aurka hiru eta bi irabazita, Emakumezkoen Euskal Ligan jarraitzeko beharrezko puntuak lortu dituzte gorrixek
Urte hasieran taldeak jarri zuen helburua 22. jardunaldian bete dute neskek. Hernaniren aurka sufritutako garaipena lortu zuten gureek, eta ondorioz datorren denboraldian Euskal Ligan jarraitzeko txartela lortu dute. Aurtengo urterako zuten helburuetako bat bete dute gureek, beraz, eta, orain denbordiko zatirik malkartsuenean ahalik eta puntu gehien batzen ahaleginduko dira. Hernaniren aurka irabazten hasi ziren gorrixek, baina hiru puntuak eskuratzeko neurketa irauli beharra izan zuten. Azken minutuetan iritsi ziren Hernani garaitzeko golak.
Irantzu Albizuri eta Eneritz Jauregi Hernaniko jokalari bati baloia kendu nahian. (Argazkia: Joakin Sudupe)
Neurketa makala jokatu zuten Anaitasunak eta Hernanik. Anaitasunak jokamolde berria probatu zuen, baina ez zitzaizkion gauzak nahi bezala irten. Atzetik jokatzeko asmoa izan arren, Hernanik goian egin zuen presioa, eta neskek zuzenegi jokatu zuten, askotan aukera txarrak eskainiz. Bi taldeek izan zuten aukera bana lehen minutuetan, baina markagailuan aurrea Anaitasunak hartu zuen. 10. minutuan, Irantzu Albizurik eskuin hegaletik erdiratutako falta bikain errematatu zuen buruz Maria Juaristik, eta zutoinaren ondotik sareetara bidali zuen aurrelariak.
Golaren ondoren Hernanik hartu zuen baloia; Anaitasunak ez zuen nahi zuen jokoa egiterik lortu. Zelai erdiko lerroan baloirik ukitu gabe atzetik aurrera jokatzen saiatu ziren behin eta berriz gorrixek. Bisitariek, berriz, aukera ona izan zuten ordu erdia bete aurretik, baina Oihanak geldiketa aparta egin zuen berdinketa ekiditeko. Ezin izan zuen ezer egin, ordea, 30. minutuan. Area ertzetik eskuadrara bidali zuen bisitarien aurrelariak baloia, eta banakoa egin zuten. Atsedenaldira iritsi aurretik, 36. minutuan, eskuin hegaleko falta bat arriskutsu erdiratu zuten hernaniarrek. Anaitasunako inor ez zen agertu baloia urruntzera, eta baloiak area osoa zeharkatu zuen inork ukitu gabe; zuzenean barrura joan zen. Hernanik minutu gutxian irauli zuen markagailua, eta Anaitasunan ezina zen nagusi.
Bigarren zatia moteletik hasi zen. Hernanik nahi zuen lekuan zuen neurketa, eta jokoa eta denbora gelditzen saiatu ziren behin eta berriz. Ez zen aukera eta joko onik ikusi San Juanen azken hamar minutuetara arte. 81. minutuan, ordea, Anaitsunaren zorionerako jokaldia iritsi zen. Hernaniko atezaina bere taldekide batek pasatutako baloia urruntzen hasi zen oinarekin, baina jokaldia bikain borrokatu zuen Ane Juaristiren bizkarrean jo zuen baloiak eta ate barrurako bidea hartu zuen. Ez zen golik ederrena izan beharbada, baina bai garrantzitsua. Partidan bete-betean sartu zen Anaitasuna. Binakoa lortu aurretik neskek hobera egin zuten zelaian. Joko hobea egin zuten, eta Hernaniren zelaian ondo jokatzeko gai zirela erakutsi zuten. Halere, 85. minutuan, Hernanik bi eta hirukoa gertu izan zuen korner jokaldi batean. Gureek hala moduz urrundu zuten baloia areatik.
Joan den astean Oiartzunen aurka egin bezala, Hernaniren aurka ere protagonismo berezia hartu zuen Ainhoa Galarragak. Urruneko beste falta jaurtiketa batetik Anaitasunari garaipena emateko gola lortu zuen. Areatik bost metro ingurura egin zuen jaurtiketa erdilariak, eta langaren azpiko aldeak lagunduta, baloia sareetara bidali zuen Galarragak. Eromena nagusitu zen zelaian, gertu ikusten baitzuten jarraian lortuko zuten seigarren garaipena. Eta horrela izan zen. Bost minutu baino gehiago luzatu zituen epaileak, baina Hernanik ez zuen abagune arriskutsurik sortu Oihanaren atean.
Seigarren garaipena lortu dute, beraz, Euskal Ligako neskek jarraian. Olatu gainean dira gorrixek, bolada ikaragarrian. 30 puntuko langara iritsi dira neskak, eta ondorioz, mailari eusteko nahikoa puntu batu dituzte. 2019/2020 denboraldian Anaitasunak Emakumezkoen Euskal Ligan jarraituko du. Halere, denboraldia amaitzeko zortzi neurketa falta dituzte gureek, eta ahalik eta puntu gehien batzen saiatuko dira. Datorren asteburuan, hiru puntu atzetik dagoen Bizkerre taldearen aurka jokatuko dute Getxoko Bolue zelaian (zapatua, 16:00).