Garaipen erosoa lider jarraitzeko
| Anaitasuna CD | 3 |
| Hernani CD | 0 |
Lehen zatian erabaki dute partida gorrixek, eta garaipen garrantzitsua lortu dute lehen postuari eusteko
Xabier Artetxeren mutilek garaipen erosoa lortu dute Txerloian, Hernaniren aurka. Ordu erdia betetzerako hiru eta huts ziren gorrixek, eta atsedenaldiaren aurretik erabakita utzi dute neurketa. Bigarren zatian baloi gutxi izan dute gure mutilek, baina aukera onak izan dituzte gol gehiago egiteko. Liderraren postuan jarraituko dute beste aste batez gorrixek.
Mikel Arzalluz Hernaniko jokalari bati ihes egin nahian.
Hernanik oso goian hasi du presioa, baina Anaitasunak hernaniarren presio lerroak gainditzeko erraztasun handia erakutsi du. Behin eta berriz irten dira gure mutilak euren zelaitik bisitarienera, eta espazio handiak aurkitu dituzte korrika egiteko. 10. minutuan iritsi da Anaitasunaren lehen gola. Gureak ondo jokatuz iritsi dira kanpokoen area ertzera. Mikel Aramendik Mikel Arzalluzekin jokatu du ezker hegalera, eta area zapaldu duenean hernaniarrek baloia urruntzea lortu dute. Mikel Pastrianek jaso du, ordea, aldaratzea, eta jaurtiketa ona egin du. Atezainak urrundu egin du gureen lehen saiakera, baina Mikel Aramendik argi jarraitu du jokaldia eta hernaniarren atepeko mutilak egindako aldaratzea baliatu du bat eta hutsekoa egiteko.
Minutu gutxira izan dute bisitariek banakoa egiteko aukera. Gorrixek ez dute baloi irteera ona egin eta bisitarien presio estuak baloia galtzea ekarri du. Eskuin hegaletik iritsi dira hernaniarrak eta erdiraketa azpitik eginda Remenen atera jaurti dute. Hamaikakora itzuli den atezain eibartarra, ordea, azkar ibili da eta geldiketa ona egin du berdinketa ekiditeko.
Ordutik aurrera, festa. Anaitasuna nahi bezala aritu da, eta minutu gutxian bi gol egin ditu. 21. minutuan iritsi da bi eta hutsekoa; Mikel Arzalluzek egin du gola. Kanpokoen atezainak gaizki urrundu du bere taldekide batek egindako pasea, eta Mikel Arzalluzek bikain aprobetxatu du aukera. Area ertzeraino joan eta eskuinez jaurtiketa indartsua egin du zutoinaren ondotik. Taldea minutu onak ari zen eskaintzen, eta 25. minutuan Axiri egindako penaltia adierazi du epaileak. Bere zelaitik ondo jokatuta atera du baloia beste behin Anaitasunak, eta Axik areara sartzea lortu du. Hernaniko jokalari batek, ordea, zangotrabatu egin du oñatiarra, eta epaileak ez du zalantzarik egin penaltia adierazterakoan. Ander Arabaolazak egin du penalti jaurtiketa, eta atezaina ondo engainatuta lortu du hirugarren gola taldearentzat. Markagailuak hiru eta erakusten zuen Txerloian.
Aldageletatik buelta eginda, neurketa aldatu egin da. Hernanik baloi gehiago izan du, eta Anaitasuna oso atzean izan da, atzeragi eta bere zelaian une askotan. Halere, abagunerik onenak eta garbienak gorrixenak izan dira. Laugarrena egiteko lehen gol aukera Aramendik izan du. Anderrek bere zelaitik pase ona egin dio sakonean Axiri eskuin hegaletik. Ondo sartu da area barruan Oñatiko aurrelaria eta Mikel Arzalluzi egin dio pasea. Arzalluzek Aramendiri egin dio pasea, baina hernaniarrek azken unean kornerrera urruntzea lortu dute.
Laugarrena lortzeko bigarren gol aukera garbia Ander Arabaolazak izan du, 67. minutuan. Ezker hegaletik luze jokatu dute gureek. Aramendik buruz atzera ukitu eta Axik jaso du baloia. Ondo irabazi du Hernaniko atzelari batekin izandako borroka eta Aramendiri egin dio pasea. Eskuinerago Ander bakarrik zela ikusita, Aramendik Anderri egin dio pasea. Anderrek, ordea, ez du bere bigarren gola egitea lortu; jaurtiketa Hernaniko atezainak gelditu du. Zelairatu berriak ziren Letak —kontraeraso batean— eta Ander Pastrianek —korner jokaldi bat buruz errematatuta— ere izan dituzte gol aukerak. Hernanik baloia izan du, baina arrisku gutxi sortu du Txerloian.
Hiru puntu berri batu dituzte Xabi Artetxeren mutilek etxean. Lider jarraituko dute gorrixek beste aste bat. Datorren asteburuan, Mutrikuko San Miguel zelaira egingo dute bidaia Ohorezko Mailako mutilek. Beste zelai zail bat zapalduko dute gorrixek, baina orain arteko go berdinarekin saiatuko dira Azkoitira hiru puntu ekartzen. Mutrikuarren aurkakoa zapatuan jokatuko da, 16:30ean.