Jipoi handiegia Basaurin
| Basconia | 3 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Lehen zatian partidan sartzeko aukerak izan dituzte gorrixek, baina bigarren zatian goitik behera nagusitu da etxeko taldea
Anaitasunak merezitakoa baino belarrondoko handiagoa jaso du Basauriko Artunduaga zelaian. Laster hartu dute aurrea etxekoek eguneko protagonistaren bitartez. Amorrortu jokalariak hiru gol egin dizkie gaurkoan gure mutilei. Lehen zatian berdinketa lortzeko abaguneak egin dituzte gureek, eta etxekoek ere izan dituzte abantaila handitzeko aukerak. Hiru puntuak bigarren zatian sartutako bi golen bitartez ziurtatu ditu talde bizkaitarrak.

Partidaren kontrola etxekoena izan da hasieratik, eta Anaitasunak bere zelaian itxaron dio Basconiari, gero kontraerasoan irteteko. Lehen gola, baina, goizo jaso dute gureek, geldikako jokaldi baten ondoren. Basauriarrak erasoan ziren eskuin hegaletik korner erdiraketa luze egin dute, baina aldaratzea jaso, berriz areara erdiratu, eta bigarren zutoinean zen eguneko protagonistak, Amorrortuk, buruz bat eta hutsekoaren gola lortu du.
Golak ez dio mesederik egin taldeari markagailuan, baina bai jokoan. Basconiak metro batzuk atzera egin du, eta gureek kontrol handiagoa izan dute zelaian. Modu horretan iritsi dira gorrixen lehen abaguneak. Lehen abisua Unai kapitainak izan du. Iñigoren falta erdiaketa bat buruz gutxigatik bidali du kanpora, nahiz eta lehenagotik marrazainak banderatxoa altxatuta zuen.
Aukerarik garbiena 27. minutuan izan dute Xabier Artetxe entrenatzailearen mutilek. Unai Aranbarrik goitik Iñigorekin jokatu du atzelarien bizkarrera, eta hegaleko jokalariak egindako erdiraketa Anderrek buruz errematatu du. Atezainak geldiketa ona egin du, eta bere taldeari arnasa handia eman dio, banako emaitzarekin bestelakoa izango baitzen ziurrenik ondoren ikusiko zena.
Handik segundo gutxira, ordea, etxekoena izan da aukera. Zelai erdian baloia modu arriskutsuan galdu dute gureek, eta kontraerasoan bizi irten dira bizkaitarrak. Hiru jokalari hori-beltz bi gorri-urdinen aurka gelditu dira, baina atera jaurtiketa egindakoan Markel agertu da goleko lerrotik baloia atera eta Anaitasuna bizirik mantentzeko. Segituan, 33. minutuan, beste arriskualdi batetik pasatu behar izan dute gorrixek.
Anaitasunak egin duen hurrengo abagunea Arruti oriotarraren bere areatik gertu egin duen falta sake batetik iritsi da. Lurretik egin du sakea atezainak eta baloia aurkarien arean sartuta Iñigo aurkitu nahi izan du. Lortu ere lortu du, etxekoen atezainak irteera txarra egin baitu. Iñigok etxekoen atepeko gizonari aurrea hartu dio, baina burukada zutoinaren ondotik kanpora joan da. Horiek izan dira gorrixen abagunerik garbienak.
Bigarren zatia desberdina izan da, eta gureei sufritzea tokatu zaie. Etxeko taldea indartsu zelairatu da bi aukera garbi egin dituzte bi minutuan. Lehen aldiz iritsi direnean, Arrutik ondo urrundu du bizkaitarren jaurtiketa gurutzatua, eta bigarren saiakeran oriotarrak ondo heldu dio Basconiako aurrelari indartsuak orpoarekin egin duen erremateari.
57. minutuan izan du Anaitasunak partidan bete-betean sartzeko aukera. Ander Arabaolazak zutoinaren ondotik gutxigatik bidali du kanpora area barrutik egindako jaurtiketa. Segituan, beste aldean, Moyak atepetik atera du etxekoen bi eta hutsekoa litzatekeena. Joan-etorri txiki batzuk izan dira lehen minutuetan.
64. minutuan, ordea, ezin izan dute ezer egin gorrixek markagailuari eusteko. Eskuin hegaletik egin dute erdiraketa bizkaitarrek, eta area barruan bakarrik zen jokalarik, buruz, Arruti azpitik gainditzea lortu du. Anaitasunarentzat kolpe handia izan da bi eta hutsekoa, eta nabarmen behera egin du etxekoen bigarren golarekin.
Basconia erraz iritsi da ondoren gureen atera. Aukera garbi bat Arrutik eten du, baina 80. minutuan, hirugarren aldiz buruz, hiru eta hutsekoaren gola egin dute etxekoek. Ezker hegaletik jokoan jarri duten faltan bigarren zutoinera iritsi da, eta han, bakarrik, hirugarrenaren gola egin du Basauriko Amorrortu jokalariak, hat-trick-a lortzeko.
Anaitasuna nahi eta ezinean ibili da azken minutuetan, eta hiru puntu garrantzitsuk ihes egin dietela ikusi dute Artunduaga zelaian. Datorren asteburuan Beasain jasoko dute Txerloia zaharberrituan. Borrokan jarraitzeko beharrezkoa izango dute gorrixek beasaindarren aurka garaipena eskuratzea. Denon artean lortuko dugu.
🎥 Basconia 3-0 Anaitasuna, bideoan
Fitxa teknikoa:
Basconia: Iru, Sukia, Kortazar, Murua, Bernaola, Celador, Gandiaga (Rudi, 52. min), Amorrortu, Thaylor, San Bartolomé (Garai, 58. min) eta Tascón (Morcillo, 75. min).
Anaitasuna: Arruti, Izagirre, Sergio, Markel Moya, Unai, Landa (Iriarte, 64. min), Iñaki (Beitia, 76. min), Iñigo Arzalluz, Mikel Arzalluz (Diez, 83.min), Ander.
Golak: 1-0 (Amorrortu, 11. min), 2-0 (Amorrortu, 64. min) eta 3-0 (Amorrortu, 80. min)
Epailea: Salguero Castillero, Perez Bilbao eta Calleja Romero marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi dute, Basconiatik, Gandiagak, San Bartolomék eta Thaylorrek. Anaitasunatik, Markelek Sergiok eta Iñakik ikusi dute.