Borrokan barneratzeko indarra

Anaitasuna CD 1
Aurrera Vitoria 0

Gorrixek garaipen handia eskuratu zuten joan den zapatuan Aurrera Vitoriaren aurka, eta jaitsiera postuetatik irteteko borrokan sartu da bete betean

Gorrixek hiru puntu handi eskuratu zituzten zapatuan Gasteizko Aurrera Vitoria taldearen aurka. Ez zen partida disdiratsua izan, baina jokoa baino gehiago behar zituen taldeak hiru puntuak, eta hori lortzeko moduan izan zen sailkapeneko azkenaren aurka. Kanpoko taldea gogotsu zelairatu zen, baina gureek neurria ondo hartu zieten arabarrei. Atsedenaldira aurretik iritsi ziren mutilak, eta bigarren zatian sufritzea egokitu baizitzaien ere, garaipenak ez zien ihes egin.

AAV3

Gasteiztarrak arriskutsu zelairatu ziren, eta area ertzera iristeko moduan izan ziren. Azken paseetan kamuts aritu ziren kanpotarrak, eta ondorioz, Arrutik ez zuen lan gehiegi egin behar izan. Gorrixek zelaian lekua ondo hartu zuten, eta pixkanaka lehen aukerak iristen hasi ziren. Joko motela eta astuna ikusi zen Txerloian. Bi taldeek ez zuten gehiegi arriskatu bere burua.

Halere, ordu erdira iristear zenean neurketa, Anaitasunaren gola iritsi zen. Ezker hegaletik Mikel Arzalluzek jokaldia egin, atzelariak atzean utzi eta erdiraketa egin zuen. Iriartek errematatuko zuela zirudienean, baina, ez zen baloira ondo iritsi, eta egin zuen ukitu arina Iñigo Arzalluzek baliatu zuen gola egiteko. Bigarren zutoinaren parera bakarrik iritsi zen hegaleko jokalaria, eta ezkerrez, atezaina gainditu zuen gureak aurretik jartzeko. Atsedenaldira iritsi aurretik, gainera, aldea handitzeko tartea ere izan zuen Anaitasunak. Aktiboena izan zen Aramendik erdiraketa aparta egin zuen eskuin hegaleko falta batean, eta Markelek, area txikian, atezainaren parean, buruz gora bota zuen. Pena bakar horrekin joan ziren gureak aldageletara.

Bigarren erdian, gutxitan bada ere, Anaitasuna iritsi zen aurkariaren atera. Jokamoldea aldatu zuten kanpokoek, atzean arrisku gehiago hartuz, baina Anaitasuna ez zen espazio horiek aprobetxatzera gehiegitan iritsi. Atzean jarrita, eroso izan zen taldea. Aramendik eta Anderrek izan zituen aukerak bigarren zatian, ez oso argiak. Aramendiren ezkerkada gora joan zen eskuin hegaletik erdiraketa errematatuta, eta Anderrek, Iñakiren pasea eta gero, burukada Aramendiren leku berera egin zuen, gora.

Aurrera Vitoria Anaitasunaren zelaian sartu zen minutuek aurrera egin ahala. Ez zuten beldur gehiegi sortu, ez baitziren atera jaurtiketa asko egitera iritsi. Anaitasunak defentsa lan ona egin zuen, erabat batuta jokatu zuten azken minutuetan, eta lortu zuten desio zuten garaipena. Amaitu aurretik, baina, Aramendik denbora galtzeko baloiari ostikoa eman zion, eta epaileak ikusi egin zuen. Bigarren txartel horia ikusi zuen ezker jokalariak, eta hamar jokalarirekin jokatu behar izan zituzten mutilek azken segundoak.

Garaipen handia lortu zuten mutilek, sufrituta, eta orain borrokan bete betean sartu dira gorrixek. Basconia, Getxo eta Anaitasuna 21 punturekin dira sailkapenean. Guztia berdinduta dago. Datorren asteburuan beste neurketa garrantzitsu bat jokatuko dute, Basconiaren aurka hain zuzen, Artunduaga zelaian. Partida igandean 11:30ean izango da.


Fitxa teknikoa:

Anaitasuna (1): Arruti, Izagirre, Sergio, Markel, Moya, Unai, Iñaki, Iñigo Arzalluz, Aramendi, Mikel Arzalluz (Beitia, 75. min), Iriarte (Ander, 54. min).

Aurrera Vitoria (0): Aritz, Durana, Julen, Mikel, Alzola, Aizpuru (Abel, 65. min), Samu, Gorka (Itu, 29. min), Ulzurrun (Darko, 62. min), Estefano, Abde.

Golak: 1-0 (Iñigo Arzalluz, 29. min)

Epailea: Aitor Gonzalez epailea. Sergio Fontecha eta Aymand Mahnane marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi dute, Anaitasunatik, Julen Iriartek, Unaik, Iñigo Arzalluzek, Arrutik, Aramendik eta Sergiok. Aurrera Vitoriatik, Estefanok. Amaieran, bigarren txartel horia ikusi du Aramendik, eta hamarrekin amaitu du Anaitasunak neurketa.