Kolpe latza azken hatsean
| Anaitasuna CD | 2 |
| Beasain | 2 |
Gure mutilek bi goleko abantaila izan zuten 83. minutura arte, baina azken minutuetan beasaindarrek puntua batzeko bi gol egin zituzten
Anaitasunak esku-eskura izan zuen garaipena, baina ez zuen lortu. Beasainek azken segundoan egindako gol batek Txerloia izoztuta utzi zuen. Gureek goizo hartu zuten aurrea, neurketa ordubetera iritsi zenean handitu egin zuen abantaila, baina azken minutuetan ez zuen neurketa ixten jakin, eta puntu banaketa behartu zuten beasaindarrek.

Iñigok erdiratutako korner jokaldi batean, Markel Eskurtzak lortu zuen bat eta hutsekoaren gola. Anaitasuna goizo jarri zen aurretik Txerloian. Erdiko ezker atzelariak bakarrik aurkitu zuen bigarren zutoinean gola lortzeko bidea, eta buruz, lasai, Anaitasuna aurretik jarri zuen zaleen pozerako.
Partida ondo hasi zen Anaitasunarentzat, eta atsedenaldira arte zati ona eta osoa egin zuen. Zelai erdiko jokoa nagusitu zen Txerloiako berdegunean, eta ondorioz aukera gutxi izan ziren. Bi taldeak zelaian ondo kokatu ziren hasieratik, baina gureak gehiago nabarmendu ziren beasaindarren aurrean, ezinean ibili baitziren. Gorrixen aukerak, Iñigo Arzalluzek eta Mikel Aramendik sortu zituzten, eta Beasainek hegaletik egindako iritsiera bat kenduta, area aurreko faltak izan zituen bakarrik.
Bigarren zatia ere lehenaren antzerako moduan hasi zen. Aukera gutxi izan ziren, neurketak zelai erdian jarraitu baitzuen. Anaitasuna ondo kokatu zen bigarren zatian ere, eta emaitza alde zuela ikusita, kontraerasoan gehiago irten ziren gureak. Mikel Arzalluzek Anderri hegalera egindako pase baten ostean iritsi zen Anaitasunak gola lortuko zuen penaltiaren jokaldia. Ander area barruan sartu zen, eta atzelaria atzean uzten hasi zenean, oina sartu zion aurrelariari Beasaingo defentsak. Ander lurrera erori zen, eta jokalditik gertu zen epaileak ez zuen zalantzarik izan penaltia adierazteko. Ander Arabaolaza izan zen penaltia jaurtitzeko arduraduna, eta bere eskuin aldera, atezainaren ezker aldera jaurtita, gola lortu zuen.
Anaitasuna bi eta huts zen aurretik. Nahiz eta jarraitzaile gutxik espero zuten horrelakorik, egoerarik beltzena iristeko zegoen artean Txerloira. Emaitza horrekin, Anaitasunak metro batzuk atzera egin zuen, eta Beasainek joko zuzena egin behar izan zuen. Hasiera batean arriskurik sortu ez bazuen ere, amaieran jokamolde horrekin lortu zuen binakoa lortzea.
Ordurako epailea protagonista bihurtzen hasia zen. Zalantzako jokaldi guztiak kanpokoen alde adierazi zituen, eta lehia guztiak gureen aurkako falta adierazi zituen. 83. minutuan lortu zuen Beasainek bi eta batekoaren gola. Hegaletik egindako erdiraketa batean lortu zuten kanpokoek aldea murriztea. Julen Iriarte, gainera, egotzi egin zuen zelaitik epaileak merezi gabeko bigarren txartel horia ikusita, eta hamar jokalarirekin amaitu behar izan zuen neurketa.
Sei minutuko luzapena eman zuen epaileak, luzeegia Anaitasunarentzat. 95. minutuan lortu zuten beasaindarrek berdinketaren gola. Area barruan solte gelditu zen baloia, eta Beasaingo aurrelariak, langak lagunduta, binakoa egin zuen. Azken minutuetan gureek ez zuten jakin baloiarekin defenditzen, baloirik ez zuen eduki taldeak. Hala eta guztiz ere neurketa ona eta oso serioa burutu zuten gorrixek epaile kaskar baten aurrean.
Datorren asteburuan play off postuetan den beste aurkari bat izango dute gureek. Portugaleteren aurka jokatuko dute La Florida zelaian, igandean, 11:30ean. Portugalete Anaitasunaren aurtengo biktimetako bat da, eta etxean egin bezala, Portugaleten ere garaipena lortzeko aukera izango dute.
Fitxa teknikoa:
Anaitasuna: Xuban, Diez (Izagirre, 52. min), Beitia, Markel, Moya, Unai, Iñaki, Aramendi, Iñigo Arzalluz (Iriarte, 63. min), Mikel Arzalluz, Ander (Mikel Pastrian,71. min).
Beasain: Iturbe, Balerdi, Jon Manuel, Imaz, Izagirre, Etxeberria, Fernandez (Aiert, 79. min), Iglesias (Claver, 51. min), Auzmendi (Artola, 65. min), Orue, Otamendi.
Golak: 1-0 (Markel, 3.min), 2-0 (Ander 60. min), 2-1 (Artola, 83. min), 2-2 (Otamendi, 95. min).
Epailea: Mosqueira Anton, Etulain Rivas eta Andres Arrillaga marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi zuten, Anaitasunatik, Diezek, Anderrek, Markelek eta Xubanek. Bi txartel horirekin egotzi zuen Iriarte. Beasaindik txartel horia ikusi zuen Auzmendik.