Putzutik irten ezinda

Bermeo 2
Anaitasuna CD 1

Bermeon jasotako porrotaren ostean, aurkari zuzen batek zortzi puntura ihes egin dio taldeari

Anaitasunak eta Bermeok neurketa parekatua jokatu zuten goitik beheraino ureztatuta eta lokaztuta zegoen Itsas-gane zelaian. Bi taldeek ezin izan zuten beraiek nahi zuten jokoa egin, eta ondorioz, espazioetara baloi asko luze jo behar izan zituzten bi taldeek. 15. minutuan egin zuten bat eta hutsekoa etxekoek. Anaitasunarena izan zen jokoaren ekimena hasieratik, eta Iriartek banakoa gertu izan bazuen ere, Bermeok kontraerasoan Anaitasunari min egin zion. Bigarren zatiaren hasieran gorrixek lo eta etxekoak indartsu zelairatu ziren. Bi eta hutsekoa egin zuten bizkaitarrek, baina gehiago egiteko abaguneak ere izan zituzten. Amaierarako ordu laurdenaren faltan, Iriarteren gol dotore batek Anaitasunari bizia eman zion, baina ezin izan zuen etxeko taldea estutu.

BermeoAnai1

Anaitasuna gogor zelairatu zen Bermeon, eta gure mutilena izan ziren neurketako lehen erasoaldiak. Hegaletatik egin zuten min azkoitiarrek, baina bat eta hutsekoaren gola bizkaitarrek lortu zuten. Zelai erdia baino atzeragotik zuten faltan, areara erdiratu zuten baloia etxekoek, eta aldaratze batzuen ondoren, eskuin hegalera erori zen baloia, area ertzera. Baloia hartu zuenak gehiago zabaldu zuen hegalera, eta handik erdiratzen hasi zen jokalariak gola lortu zuen. Erdiratzen hasi bazen ere, baloia gaiztotu egin zen gero. Arrutiren ukitua ez zen nahikoa izan baloia gelditzeko, bere gainetik ate barrurako bidea hartu baitzuen.

Kolpe horren ondoren, Anaitasuna izan zen aurkaria gehien estutu zuena, eta area ertzera iristea lortu zuen behin baino gehiagotan. 20. minutuan, esaterako, Julen Iriartek gertu izan zuen banako berdinketa. Markelek pase ona egin zion atzelarien bizkarrera mugimendu aparta egin zuen Iriarteri. Aurrelariak abiadura eta indar guztia jarri zituen jokaldi horretan atzelaria atzean uzteko, baina ez zuen jokaldia ondo amaitzen asmatu. Anaitasunak espazio gehiegi utzi zion etxeko taldeari, eta kontraeraso batean bi eta hutsekoa gertu izan zuten bermeotarrek. Bi taldeen iritsierak izan ziren atsedenaldira bitartean, baina ez zen arrisku larririk izan.

Aldageletatik bueltan, Bermeok aldea handitu egin zuen. Anaitasuna ez zen behar bezala zelairatu, eta huts egiteak garesti ordaindu zituzten gorrixek. 48. minutuan, area barruan izandako aldaratze mordo baten ondoren, atzetik aurrera egin zuen jokalariak Arruti behetik gainditu zuen jaurtiketa ezekerrez eginda. Golaren ondoren, erditik ateratzen hasi zirenean, gureek baloia galdu zuen, eta etxekoek gure atzelarien bizkarrera luze jo zuten gureei min egiteko. Lortu zuten helburua, eta Arrutiren aurrean aurrelariak ondo amaitu baldin bazuen ere, lokatzak eta urak hirugarren gola ekidin zuten. Baloia zutoinaren ondoan bertan gelditu zen.

Ondoren, Aramendiren jaurtiketarekin zur eta lur gelditu ziren Itsas-ganen batutakoak. Unai kapitainak luze jotako baloiaren bila Iriarte joan zen, baina area ertzean etxekoen atezainarekin egin zuen topo. Bermeoko atepeko gizonak ez zuen asmatu baloia behar bezala urruntzen eta ezker hegalean utzi zuen. Aramendi agertu zen bertara, eta baloiari sekulako efektua emanda, zutoinera bidali zuen.

Hurrengo jokaldian, baina, Bermeok neurketa erabakita uzteko gol aukera paregabea alferrik galdu zuen. Zelai erdia baino atzeragotik area ertzera luze jotako falta batean, baloia lurrera jaistea lortu zuten etxekoek, eta ondoren jokaldia hastea lortu zuten. Gure atzelariak atzean utzita, eskuin hegaletik areara erdiraketa gaiztoa egin zuten. Lehen unean Arrutik ukitu zuen, baina baloia Bermeoko jokalari baten oinetara erori zen. Lehen jaurtiketa oriotarrak oinekin gelditu zuen, baina bigarrena atzelarien artetik pasatu zen, eta atearen aurrean bakarrik zegoen etxeko jokalariari iritsi zitzaion. Hark lehen ukituan hirugarren gola egingo zuela zirudienean, ez zion gola lortzeko adinako indarrik eman baloiari, eta atepeko lerrotik Izagirrek urrundu zuen.

Aukera olde horren ostean esnatu ziren gorrixek. Jokoa moteldu egin zen, eta aukerak ere ez ziren asko izan, baina 75. minutuan Iriartek bi eta batekoaren gola egitea lortu zuen. Mikel Arzalluzek ezker hegalean Iñaki Barandiaranen baloia jaso zuen, eta lehen ukituan hegaletik barrura sartuta, atzelarien bizkarrera luze egin zion pasea Iriarteri. Aurrelariak baloia lurrera erori aurretik kontrol bikaina egin zuen atearen aldera, eta atezaina aurreratuta zegoela igarrita, baloia loratu eta gol ikusgarria egin zuen.

Anaitasuna bizirik izan zen azken ordu laurdenean, baina ez zuen Bermeori min egiten asmatu azken jokaldietan. Kornerrak eta hegaleko faltak izan zituzten gureek, baina ez zen puntua emango zien golik iritsi. Beste aste batez jaitsiera postuetan, putzuan jarraituko dute mutilek. Datorren asteburuan, Txerloian, sailkapenean azkena den Aurrera Vitoria hartuko dute. Gasteiztarren aurkako partida, zapatuan 16:30ean izango da. Irabazte beste aukerarik ez zute gorrixek.

🎥 Bermeo-Anaitasuna, bideoan

📷 Bermeo-Anaitasuna, iruditan


 

Fitxa teknikoa:

Bermeo: Erleaga, Andoni (Carlos, 80. min), Ibon Diez, Borja, Altamira, Ioritz, Korta, Rementeria, Zulueta, Sergio Martin (Markel, 69. min) eta Mario (Azkuenaga, 90. min).

Anaitasuna: Arruti, Izagirre (Landa, 78. min), Sergio, Markel, Moya, Unai, Beitia (Barandiaran, 54. min), Iñigo Arzalluz, Aramendi (Ander, 67. min), Mikel Arzalluz, Iriarte.

Golak: 1-0 (Sergio Martin, 15. min), 2-0 (Rementeria, 48. min) eta 2-1 (Iriarte, 75. min)

Epailea: Goitia Martinez epailea, Fernandez Martin eta Panfilo Elechiguerra marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi zuten, Bermeotik, Andonik, Borjak, Ioritzek eta Mariok. Anaitasunatik, berriz, Mikel Arzalluzek eta Iriartek ikusi zuten.