Puntua bide berri bati ekiteko
| Anaitasuna CD | 1 |
| Deportivo Alaves B | 1 |
Anaitasunak eta Alavesek puntua banatu dute Xabier Artetxeren estreinako neurketan
Xabier Artetxe estreinakoz eseri zen atzo Txerloiako aulkian entrenatzaile bezala, eta lehen puntua eskuratu zuen bere taldeak Alaves gogor baten aurka. Lehen zatian gol aukerarik ez zen izan Txerloian, baina bigarren zatian denetarik ikusi zen berdegunean. Markel Eskurtzaren burukadak aurretik jarri zuen Anaitasuna, baina minutu gutxian markagailua iraultzetik gertu izan zen talde arabarra. Azken minutuetan, zaleen bultzadarekin, garaipena eskuratzear izan ziren gorrixek.
Lehen 45 minutuetan aukera gutxi izan ziren Txerloian. Bi taldeek errespetuz hartu zuten aurkaria, eta bakoitzak bere jokoa atzetik hasteko bidea aurkitu zuen. Orduerdia bete baino lehenago, zerbait gehiago lortzeko pentsakerarekin, Anaitasunak gorago eta gogorrago egin zion Alavesi presioa, eta baloi-lapurtze batzuetatik eta azkar jokatatuta, kontraerasoan aurkariaren areara iristeko espazioak aurkitu zituzten. Aukera garbirik ez zen izan, baina, bi ateetan.
Bigarren zatirako utzi zituzten, beraz, bi taldeek aukerak eta golak. Gorrixek ondo sartu ziren bigarren zatira, eta Mikel Aramendiren bitartez izan zuten aukerarekin eman zuten lehen abisua mutilek. Alavesek ere, bere abagunea izan zuen. Gure atzelarien bizkarrera pase luzea egin zuten aurrelaria aurkitu nahian, eta lortu ere lortu zuten. Markel gelditu zen aurrelariarekin lehian, eta indartsuagoa izan zen gure erdiko atzelaria Alaveseko aurrelaria baino, jaurtiketa ixtea lortu baitzuen Markelek.
Aukerarik gabeko minutu batzuen ostean, 59. minutuan iritsi zen Anaitasuna aurretik jarri zuen gola. Alavesen area eta zelai erdiko lerroaren artean gureen aldeko falta adierazi zuen epaileak. Aramendik erdiraketa bikaina egin zuen bigarren zutoinaren parera, eta atzetik aurrera eginez, Markel Eskurtzak buruz gureen aldeko gola lortu zuen. Harmailak eta jokalariek pozarren ospatu zuten gola, bai baitzekiten gol garrantzitsua lortu zutela.
Ondoren, baina, haizeak gorrixen aurka jo zuen. Minutu gutxian neurketa iraultzear izan ziren arabarrak. 64.a izan zen Alavesek banakoa egitea lortu zuen minutua. Zelai erditik aurrera zeramaten jokoa, eskuin aldera irauli zuten kanpokoek, eta zelairatu berria zen jokalari batek, ezkerrez, bigarren zutoinera erdiraketa perfektua egin zuen. Buruz egindako errematean ezer gutxi egin ahal izan zuen Arrutik arabarren gola ekiditeko.
67. minutuan, berriz, penaltia ere izan zuten alde gasteiztarrek. Aldaratze bat eta gero, bakarrik zen Alaveseko jokalari bati iritsi zitzaion baloia, eta Moya atzetik baloia kentzera sartu zenean, epaileak penaltia adierazi zuen. Harmailetan zalantza sortu zuen epailearen erabakiak, bereziki Alaveseko jokalaria lurrera nola bota zen nabarmen ikusi zutenean. Kontuak kontu, gasteiztarrek ez zuten lortu gola egiterik, Arruti handi bat agertu baitzen atepean. Hiru gelditu egin zituen segundo gutxian; penalti jaurtiketan egin zuen lehena zutoinak lagunduta, eta ondoren gainerako biak.
Arabarren hutsegite horrek Anaitasuna berpiztu egin zuen. Azken minutuetan erasokor eta ausart agertu zen, eta Alaves txiki egin zuten. Mikel Arzalluzi egindako penalti argi bat ere ez zuen ikusi epaileak. 83. minutuan Anaitasunak gertu izan zuen gola. Moyak egin zuen Anaitasunaren aulkiaren paretik erdiraketa. Area kanpoan zen Aramendik jaurtiketa ona egin zuen boteprontoan, eta atezainak utzitako aldaratzean Markelek ez zuen asmatu izan zituen bi jaurtiketetan.
Amaierara iritsi aurretik, neurketa zeharo berotu zen Ander Moya ezker hegaleko atzelariari egindako sarrera gogor bat eta gero. Bi taldeetako jokalariak oldartu egin ziren, eta Beitiak odola ere ikusi zuen, Alaveseko jokalariak ukalondoarekin aurpegian jota. Iñaki Barandiaran liskarrean murgildu zen, eta lazkaoarrak, eta Beitiari ukalondoarekin jotako Alaveseko jokalariak txartel gorria ikusi zuten.
Aurkariaren zelaian amaitu zuen neurketa taldeak. Zaleek berotasuna eman zioten atzokoan Anaitasunari, eta mutilek neurketa on batekin erantzun zieten jarraitzaileei. Itxura ona eman zuten gorrixek, ausart eta oldarkor,nAlaves garaitzetik gertu izan ziren. Jaitsiera postuetan jarraituko du beste aste batez taldeak, baina aurrekoek huts eginda puntu bat jatea lortu du taldeak. Datorren astean bolada kaskarrean den Santutxu hartuko dute gureek. Garaipena lortzeko aukera eta beharra dute gureek.
🎥 Anaitasuna 1-1 Alaves B, bideoan
Fitxa teknikoa:
Anaitasuna: Arruti, Izagirre, Sergio, Markel, Moya, Unai, Landa (70. min, Barandiaran), Iñigo Arzalluz (75. min, Beitia), Aramendi, Ander, Mikel Arzalluz.
Alaves: Landeta, Nacho, Lluis (59. min, De la Fuente), Antunez, Erik, Einar, Victor, Perera (62. min, Salvador), Andrei, Valero, Alejandro.
Golak: 1-0 (Markel, 59. min), 1-1 (Nacho, 64. min)
Epailea: Escalero. Txusko eta Uribe-Etxeberria marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi dute, Anaitasunatik, Sergiok, Moyak eta Arrutik. Alavestik txartel horia ikusi dute, Lluisek, Antunezek eta Salvadorrek. Txartel gorria ikusi du Anaitasunatik Iñaki Barandiaranek eta Alavestik De la Fuentek.