Bidea itxita

Deusto 1
Anaitasuna CD 1

Anaitasunak neurketa serioa egin du Deustuko Etxezuri zelaian, baina eskuan izan dituen hiru puntuek ihes egin diote neurketa amaitzeko 9 minuturen faltan

Gorrixek partida ona burutu dute Deustuko Etxezurin; maila ona eman du Etxezuriko zelai konplikatuan. Lehen zatian abagune ugari sortu dituzte mutilek, baina atezain aurkariak bidea itxi die gureei behin baino gehiagotan; neurketako protagonista nagusia izan da atezaina. Anaitasunak jokoan sortu ditu abaguneak, eta Deustok geldikako jokaldietan, baina hutsean iritsi da partida atsedenaldira. Aldageletatik bueltan ere lehen zatiko joko zuzenak jarraitu du, baina Anaitasunak geldikako jokaldi baten aldaratzea aprobetxatu du huts eta batekoa egiteko. Amaitzeko minutu gutxi falta zirela, baina, etxekoek banakoaren gola egin dute korner jokaldi bat azkar jokoan jarrita.

Deusto1 1Anai

Oier Beitia gaur hamaikakoan zelairatu du Igor Quindos entrenatzaileak, eta bereak izan dira Anaitasunak izan dituen lehen bi aukerak. Etxekoen atezainaren aurrean birritan gelditu da erdilaria, baina, bietan bere jaurtiketa gurutzatua etetea lortu du etxekoen atepeko mutilak. Bitxia izan bada ere, Anaitasunak egindako aukera bakoitzaren ostean, gehienetan Deustok bere golaukera izan du; erantzun azkarra izan dute.

Neurketa ordu erdia betetzera iritsi aurretik sufritu dute gehien gorrixek. 25 eta 28. minutuetan bi aukera garbi izan dituzte bizkaitarrek. Lehena, eskuin hegaletik erdiraketa egin eta Izagirreren bizkarretik errematea egin da. Bigarren abagunea, aldiz, ezker hegaletik erdiratutako baloitik egin dute. Area ertzera erdiratu dute etxekoek, eta Arrutiren eskuin zutoinaren albo-albotik pasatu da baloia. Hori izan da neurketako aukerarik garbiena. Atsedenaldira bitartean ez da ezer aipagarririk gertatu Etxezurin, eta aldageletarako bidea hutsean hartu dute Deustok eta Anaitasunak.

Bigarren zatian ez da aldaketarik izan. Anaitasunak bere presio lerroa zelai erdia baino zerbait aurrerago jarri du, gehiegi luzatu gabe. Etxekoen atzelariak baloi luzeen bidez hegaleko atzelariak bilatzen saiatu dira, ondoren solte gelditutako baloietatik Anaitasunari min egiteko. Ez da abagunerik izan, ordea, Etxezurin, harik eta 67. minutuan Ander Arabaolazak gola egin duen arte.

Zelai erdia baino zerbait aurrerago, Anaitasunaren aldeko falta adierazi du epaileak. Mikel Arzalluzek erdiraketa ona egin du areara, eta baloiaren bila lurrera etzan den Ion Izagirrek baloia ukitu ostean, Ander Arabaolazak bakar-bakarrik errematea egitea lortu du. Zutoinaren ondotik egin du jaurtiketa aurrelariak, eta gureak huts eta bat jarri ditu aurretik. Golaren ostean, minutura, etxekoek aukera paregabea izan dute banakoa egiteko. Jokaldia behar zuena baino gehiago nahastu zaie gureei, eta area barruan egindako jaurtiketa langara bidali dute.

Etxekoak, hainbat aldaketa eginda, erasora irauli dira, eta azken hamar minutuetara arte gehiegi bultzatu ez duten arren, 81. minutuan banakoa egitea lortu dute. Kornerrean argi ibili dira bizkaitarrak, eta azkar jarri dute jokoan baloia, Anaitasunako jokalariak behar zuten lekuan jarri aurretik. Ezker hegaletik eskuinez egin dute erdiraketa itxia, eta atzetik aurrera eginez errematera sartu den Deustoko kapitainak, buruz, banakoa egitea lortu du.

Anaitasuna ez da erori, ordea, golaren ondoren. Baloia oinetan izan duenean zital aritu dira, eta 84. minutuan Mikel Arzalluzek lehenengo, eta Unaik faltaz bigarrenez, gertu izan dute bat eta bikoa. Mikel Arzalluzen jaurtiketa zutoinaren ondotik desbideratu du etxekoen atezainak esku aparta aterata, eta Unairen falta jaurtiketan ere antzeko luzaketa egin du.

Penaz, baina, puntua eman du gaurko neurketako markagailuak. Egin duen lanagatik taldeak hiru puntuak merezi zituen, baina bi taldeek erakutsitako jokoagatik puntua justua izan da. Datorren astean Anaitasunak Alaves B hartuko du Txerloian. 'Marea Urdina' egitasmoa babesteko partida izango da neurketa. Marea gorrixek Txerloia bete behar du.


 

Fitxa teknikoa:

Deusto: Azpillaga, Ruiz, Fernandez, Gomez (Garikoitz, 85. min), Barrado, Exposito, Tejada, Andikoetxea (Jon Martin, 67. min), Bengoetxea, Pison (Madariaga, 85. min), Intxausti

Anaitasuna: Arruti, Izagirre, Sergio, Markel, Moya, Unai, Barandiaran, Beitia (Mikel Pastrian, 77. min), IƱigo Arzalluz (Diez, 85. min), Mikel Arzalluz (Aramendi, 88. min), Ander

Epailea: Txartel horia ikusi dute, Deustotik, Expositok eta Andikoetxeak. Anaitasunatik, Moyak, Anderrek eta Mikel Pastrianek.

Golak: 0-1 (Arabaolaza, 67. min), 1-1 (Exposito, 81. min)