Gero eta estuago
| Getxo | 1 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Anaitasunak ez du lortu atzeko postuetatik irteteko borrokan, bete-betean sartzeko garaipenik
Partida parekatua jokatu zuten jaitsiera postuetatik urruntzeko desioa dute bi taldek, Getxok eta Anaitasunak. Aukera garbirik sortu gabe joan zen neurketa, ez gureek eta ez getxoztarrek. Gola lehena lortzen zuenak asko irabazita izango zuela ikusi zen hasiera hasieratik, eta ondoren, horrela izan zen.
Zelai astuna batekin egin zuten topo gureek Getxon, eta ondorioz joko zuzena nabarmendu zen Fadura zelaian etxekoen zein Anaitasunaren partetik. Hutsean amaitu beharreko neurketa izan zen, bietako inork ez baitzuen hiru puntuak lortzeko merezimendurik egin. Lehen aukerak bizkaitarrenak izan ziren. Lehen 45 minutuetan pare bat aldiz hurbildu zen Arrutiren atera, baina ez ziren Anaitasuna estuasunetan jartzeko modukoak izan.
Atsedenalditik bueltan, taldea urre usaina eta kolorea izango zuen golaren bila atera zen, baina hogei minutu betetzerako etxekoek bat eta hutsekoaren gola egin zuten; etxekoek areaz kanpotik egindako golak punturik gabe gelditzera kondenatu zuen, beste behin, Anaitasuna. Baloia luze jokatu zuten bizkaitarrek, eta botezka ari zen baloia ederki harrapatu zuen Lopo Getxoko jokalariak, eta Arrutik defendatzen zuen atea zeharkatu zuen, bat eta hutsekoa egiteko. Atera zuzen joan zen jaurtiketa bakarra izan zen.
Gola sartzetik amaierara bitartean 25 minutu inguru falta ziren, baina gure mutilak ez ziren gai izan Getxok jarri zuen defentsa lerroa gainditzeko. Aukera garbirik ez zuten sortu gorrixek. Anderrek eta aulkitik irten zen Mikel Arzalluzek aukera bana izan zuten, baina gola urrun izan zen Anaitasunarentzat. Korner bat edo beste lortu zuen taldeak, berdinketa lortzeko, baina ez zituzten aprobetxatu geldikako jokaldi horiek.
Bi hilabete daramatza taldeak garaipenik ikusi ezinda, eta datorren asteburuko Santurtziren aurka jokatu beharrekoa hil ala bizikoa izango da. Santurtzi sailkapeneko goikaldean da, play-offetan, eta beste neurketa zail bat aurreikusten da. Anaitasunako zaleek paper garrantzitsua izango dute zapatuan, 16:30ean, eta aurrerantzean. Neurketa hasieratik giroa berotu, partidan bete-betean sartu eta soka beretik tiraka, santurtziarrak punturik gabe uzteko helburuz jardun beharrean dira taldeak eta zaleak. Hitzordua eginda dago.
Fitxa teknikoa:
Getxo: Karlos, Eriz, Ander, Orma, Cubero, Degre, Julen (Jarein, 90. min), Erice, Luis, Tuto (Endemaño, 86. min) eta Lopo.
Anaitasuna: Arruti, Godoy (Diez, 76. min), Sergio, Susaeta, Izagirre (Mikel Arzalluz, 72. min), Unai, M. Pastrian (Beitia, 83. min), Iñigo Arzalluz, Moya, Aramendi, Ander
Golak: 1-0 (Lopo, 64. min)
Epailea: Ojeda Beaumont, Tejadas eta Santos marrazainek lagunduta. Getxotik txartel horia ikusi zuten Cuberok eta Ericek. Anaitasunatik txartel horia ikusi dute, Godoyk eta Sergiok.