Egonkortasuna lortu ezinik

Anaitasuna CD 1
Somorrostro 2

Anaitasunak ez du lortu egonkortasunera eramango duen garaipenik, eta Somorrostroren aurka galduta, jaitsiera postuetara erori da

Arazo larrietan sartzen ari dira gorrixek. Zortzi neurketa daramatza taldeak garaipenik batu ezinik, eta neurketarik galdu gabeko Anaitasuna sendo hartatik urrun da gaur-gaurkoz. Bolada txar honek jaitsiera postuetara eraman du taldea, eta abenduaren 17an Getxoren aurka jokatu beharreko partida hil ala bizikoa izango da, ondorioz.

AnaiSomo

Lehen zati oso txarra jokatu zuen Anaitaasunak. Hasi eta bost minutura, gureek egindako huts batetik, Somorrostrok aurrea hartzeko gola egin zuen. Azkeen asteetako bide bera eraman zuen Somorrostroren aurkako neurketak ere. Gola goizo jaso zuen taldeak atzokoan ere, eta ondorengo minutuak nahia eta ezina izan ziren Anaitasunarentzat; markagailua iraulezina bihurtu zen.

Aukera gutxi egin zituzten gorrixek. Hegaletatik baloia areara erdiratuta saiatu ziren behin baino gehiagotan bisitariei min egiten, baina inoiz ez zuten saririk lortu. Anaitasunak lortu nahi zuena, berriz, bisitariek lortu dute. Taldea baloia atzetik ukitzen atera zen, baina zelai erdian baloia galdu eta gero, Somorrostrok, kontraerasoan, huts eta bikoa egitea lortu zuen.

41. minutuan, Anaitasuna partidan sartuko zuen jokaldia iritsi zen. Aitor Diezi bizkitarren ate-eremu barruan falta eginda, epaile nagusiak penaltia adierazi zuen. Mikel Arzalluz izan zen hamaika metrotako jaurtiketa librea egiteko arduraduna, eta Arzalluzek ez zuen hutsik egin. Atsedenaldira iritsi aurretik Anaitasuna bizirik zen, partida barruan.

Bigarren zatian, baina, ezin izan zuen Somorrostrok ezarri zuen horma gainditzerik izan. Hasieratik atzean sartu zen Muskizko taldea, bigarren gola lortu zuen modu berean, kontraerasoan, min egiteko asmo guztiak agerian utziz. Halere, 46. minutuan, kanpoko taldea bat eta hirukoa egitetik gertu izan zen. Neurketaren epaia emango zuen gola litzatekena ez zuten lortu muskiztarrek, eta Anaitasunari neurketagatik borrokatzen jarraitzeko bidea eman zion.

Anaitasunak gogotik bultzatu zuen puntua lortzeko, baina oso abagune gutxi egin zituzten. Kontraeraso batean eta Ander Pastrian zelairatu berriaren jaurtiketa batean estutu zituzten gureek Somorrostroko jokalariak, baina inoiz ezer lortzera iritsi gabe. Neurketa luzapenean sartu zenean bai, orduan izan zuten gorrixek binakoa egiteko aukera. Markel Eskurtzak Anaitasunari puntua ematea bere eskuetan izan zuen, baina, zoritxarrez, ez zuen asmatu hiru zutoinen artean baloia sartzerik.

Punturik batu gabe, Anaitasunak aurrera egin ezinik jarraitzen du. Jaitsiera postuetan dira Igor Quindosen mutilak, salbatzetik hiru puntura. Datorren asteburuan ez da jardunaldirik izango Hirugarren Mailan, eta abenduaren 17an, Getxon, partida zinez garrantzitsua jokatuko dute mutilek. Getxo, hiru puntu gutxiagorekin, Anaitasunaren atzetik da.


Fitxa teknikoa:

Anaitasuna: Arruti, Izagirre, Sergio, Markel, Moya, Unai, Landa (77. min, Beitia), Mikel Pastrian (51. min, Ander), Aramendi, Diez (67. min, Ander Pastrian), Mikel Arzalluz

Somorrostro: Fernandez, Requejo, Arnaiz, Santamaria, Valin, Cruces, Cortezon (70. min, Salcedo), Isuskiza, Belmonte, Olondo (61. min, Lugones), Alvarez (79. min, Alkegi)

Golak: 0-1 (5. min, Cruces), 0-2 (35. min, Alvarez), 1-2 (41. min, Mikel Arzalluz)

Epailea: Pardo Saavedra epailea, Urizar eta Zarraga marrazainek lagunduta. Anaitasunatik txartel horia ikusi zuten, Diezek, Markelek eta Ander Pastrianek. Somorrostrotik, Cruces, Arnaiz, Requejo, Santamaria, Fernandez izan ziren txartel horia ikusi zutenak.