Mailari eusteko borrokak bizirik dirau
| Sodupe | 0 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Julen Iriartek neurketa amaitu baino zazpi minutu lehenago egindako golak, garaipena eman dio Anaitasunari Sodupeko Hurtado de Saratxo zelaian
Anaitasunak merezitako garaipena lortu du Sodupen. Lehen zatia estua eta borrokatua izan bada ere, bigarren zatian neurketa erabat ireki da, eta Anaitasunak ondo baliatu ditu bere armak hamaika bider Soduperen area zapaldu eta arriskua sortzeko. Aukera ugari izan dituzte gorrixek, eta 83. minutuan merezitako gola lortu du Julen Iriartek Anaitasunarentzat. Hurtado de Saratxo zelaian lortutako garaipenari esker, Anaitasunak 26 puntu ditu, eta mailari eusteko borrokan bete-betean sartu da.
Hiru puntu baliotsu eskuratu dituzte Hirugarren Mailako mutilek Bizkaian. Lehen zatia estua izan da, eta etxeko taldeak izan du jokoaren ekimena. Baloia atzetik aurrera jokatzeko intentzioz zelairatu dira sodupearrak; gorrixek euren zelaian itxaron diote aurkariari, baina lehen zatian ez dute aurkariaren lerrorik hausterik lortu.
Aukera gutxi izan dira lehen aldian, baina garbiena etxekoena izan da. Gureek huts larria egin dute baloia atzetik ateratzerakoan. Sodupeko aurrelariak baloia harrapatzea lortu du, eta Xuban atezainaren aurrean jaurtiketa egin duen arren, gehiegi gurutzatu du aurkako zutoinera, eta zuzenean kanpora joan da. Anaitasunak, bere aldetik, atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian izan du aukerarik garbiena. Moya durangarrak ezker hegaletik erdiratu du baloia, eta etxekoen atezainak ez du ondo urrundu. Iñigo Arzalluz atezainak utzitako aldaratzera gerturatu da, baina ez du lortu jaurtiketa egiterik. Horrela, hutsean hartu dute Sodupek eta Anaitasunak aldagaletarako bidea.
Atsedenalditik bueltan, neurketak beste kolore bat izan du. Erabat ireki da partida, eta horrek mesede handiena Anaitasunari egin dio. Lehen zatian bezala bere zelaian itxaron diote gehienetan Xabier Artetxeren mutilek Soduperi, baina hamaika bider lapurtu diete baloia bizkaitarrei. Lapurtu eta gero, gainera, etekina atera diete baloi lapurtze horiei. Aukera asko sortu dituzte gorrixek bigarren zatian. Lehena kontraeraso horietako batean egin dute gureek. Mikel Arzalluzek bikain eman du baloia oinetan Soduperen area ertzera, eta Iñigo Arzalluzek atzelariaren bizkarrera egindako mugimendua ikusita, pasea egin dio Mikelek Iñigori. Hegaleko jokalariari ihes egin dio baloiak kontrolean, baina jaurtiketa egitea lortu du. Atezainak kornerrera urrundu du.
54. minutuan, bestalde, korner aldaratze batean bi aukera izan dituzte mutilek. Mikel Aramendi izan da protagonista jokaldi horietan, bi jaurtiketak area barrutik egin baitutu; lehen jaurtiketa atezainak oinarekin urrundu du, eta bigarrena, Aitor Diezen erdiraketa eta gero, atzelariek kornerrera bidali dute. Etxekoek, bost minutu beranduago, aukera izan dute. Jaurtiketa ahula egin dute bueltaerdian egindako jaurtiketan, eta Xubanek ez du arazorik izan egoera kontrolatzeko.
Ander Arabaolazak ere izan du aukerarik. Aitor Diezek bere zelaian lapurtu dio baloia Sodupeko jokalari bati, eta 50 metro baino gehiagoko korrikaldia eginda, Anderri egin dio pasea. Anderrek behar baino gehiago iraun du baloia oinetan zuela, eta azkenean ez du lortu baloia atera bideratzerik. Atzelari batek oina sartuta, kornerrera bidali du baloia. 72. minutuan, berriz, Ander Moyarne erdiraketa zitala errematatu du atzetik aurrerako mugimendua eginda; saririk ez du lortu aurrelariak.
75. minututik 80. minutura arte Anaitasunari sufritzea egokitu zaio. Ez da izan jokoagatik, baizik eta bi jokaldi puntualetan mina egin dutelako etxekoek. Lehen abagunea etxekoen aldeko korner aldaratze batetik egin dute bizkaitarrek. Gureak kontraerasoan irteten saiatu dira, baina bidean baloia moztu eta ate aurrean gelditu dira, Xubanen aurka. Gorrixen atezainak, baina, bere lan onari jarraipena eman dio gaur ere, eta oina bikain luzatuta bat eta hutsekoa ekidin du. Ondoren jaurtiketa egin dute etxekoek, eta jaurtiketa hori Sergio erdiko atzelariak urrundu du goleko lerrotik.
Jokaldi horien ostean etorri da barealdia Anaitasunarentzat, eta ekaitzak Sodupe busti du. Taldeak pazientzia handiz jokatu duen jokaldi batean, Markelek Iriarteri pasea egiteko bidea aurkitu du. Iriartek baloiarekin bueltaerdia eman du, bera zaintzen zuen atzelaria atzean utziz, eta eskuinez Sodupeko atezaina gainditu du. Modu horretan iritsi da huts eta batekoa. Emozio handiz ospatu dute gola zelaian, aulkian eta harmailetan, taldeak ordura arteko lanaren saria jaso baitu une horretan. Neurketa luzapenera iritsi aurretik, beste kontraeraso batean, Iriartek partida erabakita uzteko abagune garbia izan du, baina ez du nahi bezala amaitu jokaldia.
Amaierara bitartean gorrixek azken segundora arte sufritu behar izan dute Hurtado de Saratxon. Etxekoen korner jokaldi bat eta gero, area txikian atera jaurtiketa egitea lortu dute, baina Aitor Diez agertu da jaurtiketa hori eten eta baloia kornerrera bidaltzeko. Ondo sufritu dute jokaldi horretan mutilek, baina azkenean Sodupe garaitzeko gai izan dira.
Mailari eusteko ametsak bizirik dirau, eta inoiz baino biziago dago gainera. Anaitasuna 26 punturekin da sailkapenean, oraindik jaitsiera postuetan, baina bere lana bikain egin du Sodupen. Datorren astean, zapatuan 16:30ean, aurkari zuzen bat jasoko du Txerloian, Amurrio. Gaur-gaurkoz, biharko partidaren faltan, Anaitasunatik hiru puntura dira arabarrak, eta garrantzia handia izango dute datorren asteko puntuek. Anaitasunak asteroko lanari eutsi behar dio, gaur bezalako garaipenak gehiagotan iris daitezen. Gaurkoa, Epi Zubizarretarentzat doa.
🎥 Sodupe 0-1 Anaitasuna, bideoan. Ikusi, hemen.
Fitxa teknikoa:
Sodupe (0): Ibai, Zuluaga, Marcos, Gualda, Mateo, Remen, Otxoa, Julen, Valiño, Molledo (Jaba, 67. min) eta Garcia (Ibon, 58. min).
Anaitasuna (1): Xuban, Diez, Sergio, Markel, Moya, Unai, Landa (Iñaki, 76. min), Iñigo Arzalluz (Beitia, 67. min), Aramendi (Iriarte, 79. min), Mikel Arzalluz eta Ander.
Golak: 0-1 (Iriarte, 83. min).
Epailea: Gomez Perez epailea, Cristobal eta Alonso marrazainek lagunduta. Txartel horia ikusi dute, Sodupetik, Mateok eta Valiñok. Anaitasunatik, berriz, Beitiak ikusi du txartel horia.