Puntu banaketa derbian

Anaitasuna CD 0
Lagun Onak 0

Bi taldeek izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko aukerak, baina Anaitasunak eta Lagun Onakek puntu bana banatu zuten partida estu batean

Ez Anaitasunak eta ez Lagun Onakek ez zuten lortu aurkariaren atea zulatzerik, eta ondorioz gorrixek eta azpeitiarrek ez zuten lortu asetzerik euren jarraitzaileek sortutako itxaropena. Lagun Onakek agindu zuen lehen minutuetan, baina Anaitasunak aurkariari neurria hartu bezain pronto orekatu zuen partida. Bigarren zatian gure mutilak indartsu zelairatu ziren, eta Lagun Onak bere zelaian estu eta larri izan bazen ere, azpeitiarrek partida parekatu egin zuten neurketaren amaiera aldera.

Anai-Lagun

Txerloiaren historia osoan izan zen jendetzarik handiena elkartu zen Txerloian Anaitasuna eta Lagun Onaken arteko partida jarraitzeko. Bi taldeetako jarraitzaileek golak ikusteko asmoz zapaldu zuten Anaitasunaren lurraldea, baina ez zen golik ospatzeko aukerarik izan. Lehen abaguneak, hori bai, azpeitiarrek sortutakoak izan ziren. 11. minutuan izan zuten kanpokoek neurketako lehen aukera. Eskuin hegaletik erdiratutako falta bat buruz errematatu zuten, baina, Xuban Badiola atezaina adi egon zen erremateari erantzun bikaina emateko. Jauziarekin batera eskua ondo luzatuta, baloia langa gainetik kornerrera bidali zuen. Minutu batera, beste abisu bat eman zuten bisitariek. Gorrixek ondo urruntzen asmatu ez zuten baloi bati probetxua ateratzen saiatu zen Lagun Onak, baina berriz ere Xubanekin egin zuten topo, orduan oinekin gelditu baitzuen baloia.

Bisitariek arriskua sortu zuten lehen 25 minututan zelai erdian berreskuratutako baloietatik, baina gerora Anaitasuna berpiztu egin zen eta gorrixen abagunerik onenak hasi ziren iristen. 29 minutu behar izan zituen taldeak lehen arriskualdia sortzeko; Mikel Arzalluzena izan zen jaurtiketa. 36. minutuan, berriz, gertu izan zuen Anaitasunak bat eta hutsekoa. Korner erdiraketa bat bikain errematatu zuen Sergiok, baina Lagun Onakeko atezaina bikain luzatu zen baloia eskuetan hartzeko. Halere, atsedenaldira iritsi aurretik Lagun Onakek izan zuen aurretik jartzeko parada. Aitor Diezek traba egin zion aurrelariari, eta ondorioz, Azpeitiko aurrelariak ez zion eman baloiari behar adinako indarra, Diezek itxi baitzion bidea. Baloia, ordea, jaurti egin zuen, eta beste behin Xubanek eten zuen arriskua, lurrera ondo etzanda.

Bigarren zatia ere gogor hasi zen, baina Anaitasunak denbora gehiagoan eduki zuen baloia Lagun Onaken aldean. 62. minutuan, falta erdiraketa itxi bat jarraitzaileek nahi bezala gaiztotu zuen Aramendik, eta Unai kapitaina baloiarengana lurrera botata iristen saiatu zen arren, azken unean ihes egin zion. Azken hogei minutuetan Anaitasunari erregaia falta izan zitzaion Lagun Onaki min egiteko, eta azpeitiarrek hori baliatu zuten metro batzuk aurrerago aritzeko. Burukada bat egin zuten area barruan, eta hurrengo jokaldian Aitor Diez ere bikain gurutzatu zen ahoko zulotik jaurtiketa egitera zihoaztenean. 85. minutuan ere egin zuten jaurtiketa gurutzatu bat, baina ordura arte bezala, Xubanek ez zuen hutsik egin baloia urruntzeko. Berriz ere oinekin bidali zuen baloia areatik kanpora atezainak.

Gutxik egin ohi dute berdinketaren aldeko apostua derbi batean, baina Txerloiakoa puntu banaketarekin itxi zuten Anaitasunak eta Lagun Onakek. Datorren asteburuan gorrixek Soduperen aurka jokatuko dute, zapatuan 17:15ean. Gureei dagoeneko aukerak murrizten ari zaizkie, baina umoretsu eta adoretsu dira egoera iraultzeko. Gauza jakina da, orain arte lortutakoa elkarrekin lortu bada, etorkizunean lortuko dena ere elkarrekin eskuratuko dutela taldeak eta zaleek.


Fitxa teknikoa:

Anaitasuna (0): Xuban, Diez, Sergio, Beitia, Moya, Unai (Mikel Pastrian, 85. min), Landa (Iñaki, 61. min), Iñigo Arzalluz (Iriarte, 75. min), Aramendi, Mikel Arzalluz, Ander.

Lagun Onak (0): Aitzol, Elustondo, Tena, Aimar, Castillo, Ander, Ugaitz, Aramburu, Arteaga (Egaña, 69. min), Gorka (Ariño, 76. min), Arufe.

Epailea: Anduaga, Moreno eta Luzarraga marrazainek lagunduta. Anaitasunarik txartel horia ikusi dute, Landak, Anderrek eta Iriartek. Lagun Onaketik, Tenak eta Aramburuk.

Bestelakoak: 2.000 jarraitzaile inguru Txerloian. Historiako sarrerarik eta girorik onenetakoa bizitzeko aukera izan zuten zelaira bertaratutako futbol zaleek.