Puntua baino gehiago merezi zuen Anaitasunak

Anaitasuna CD 1
Santutxu 1

Lehen zatia ez da ona izan, baina bigarren zatian taldeak bizkaitarrak ezeztatu ditu eta hiru puntuak batzeko merezimenduak egin ditu

Anaitasuna zuzenegi aritu da lehen zatian, baina bigarren zatian pausaz jokatu ondoren Santutxu bere zelaian sartu eta neurketa berdintzea lortu dute gurek amaierarako 17 minuturen faltan. Anaitasunak berdinketa baino zerbait gehiago merezi zuen arren, gehitzen jarraitzen dute Igor Quindosen mutilek. Oraindik ez du porrotik jaso taldeak.

SantutxuGola

Taldeak Markelen gola ospatu duen unea. (Argazkiak: Maialen Arzalluz)

Ez du ondo hasi neurketa Anaitasunak, bosgarren minutuan aurrea hartu baitu markagailuan Santutxuk. Atzelarien bizkarrera, azpitik, pase ona egin dute bizkaitarrek, eta Arruti gainditu ostean, huts eta batekoaren gola lortu du Santutxuko taldeak. Sergio baloia atera sar ez zedin lurrera bota den arren, ez du kanpora ateratzea lortu.

Anaitasunak erreakzio azkarra behar zuen inolaz ere, eta zazpigarren minutuan Unai kapitainak gertu izan du berdinketa. Korner erdiraketa bakar-bakarrik errematatu du erdilariak, baina bere burukada erdira atera da, eta atezainak eskuetan lotzea lortu du.

Anaitasuna izan da neurketako protagonista nagusia, eta asko izan ez badira ere, aukerak gorrixenak izan dira. 25. minutuan, esaterako, Gaizka San Miguelen burukada gutxigatik ez da sartu atera. Santutxuko atezainak kornerrera bidali du baloia. Nahiz eta protagonista izan, ez du baliatu Anaitasunak bizkaitarrek emandako aukera. Lehen 45 minutuak kaskarrak izan dira.

Bigarren zatian, aurpegia guztiz aldatu du taldeak, eta baloiari etekin handiagoa atera dio. Lehen hamar minutuak zalantzazkoak izan dira, baina 55. minututik aurrera, jarraitzaileen bultzadarekin, aurrera egin du Anaitasunak. Ez du aukera garbirik sortu, baina area sarritan zapaldu dute mutilek, eta arriskua sortu dute aurrelariek hegaletara erorita.

Gola, baina, 73. minutuan iritsi da. Korner baten aldaratzea jaso du Mikel Arzalluzek, eta Aramendirekin jokatu du ezker aldera. Azken horrek, lehen ukituan bigarren zutoinera erdiratu du baloia, eta Markelek, buruz ondo borrokatuta, baloia oinetan jaso du puntarekin ukitu eta ate barrura bidaltzeko. Pozarren ospatu dute harmailetan batutako jarraitzaileek ezker atzelariaren gola.

Amaierara bitartean gogotik saiatu dira Quindosen mutilak, baina ez dute aukerarik egin, eta neurketa banako berdinketarekin amaitu da. Hiru jardunaldietan jokoan zeuden bederatzi puntutatik bost batu dituzte gureek, eta oraindik porrotik ikusi gabe jarraitzen du taldeak. Datorren asteburuan Real Sociedad C taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak gure mutilek igandean, 12:00etan. Gaurko puntua hobetzeko aukera paregabea izango dute gorrixek.


 
Fitxa teknikoa:
 
Anaitasuna: Arruti, Izagirre, Sergio, Markel, Moya, Unai, Landa, San Miguel, Mikel Arzalluz (Diez, 80. min), Aramendi, Iriarte (Ander, 60. min).
 
Santutxu: Lozano, Josuan, Valero, Lander, Munilla, Andoni, Ibon, Erre, Varela (Pedernales, 87. min), Bengoa (Ekain, 68. min), Eleder (Txaka, 80. min)
 
Golak: 0-1 (Ibon, 5. min), 1-1 (Markel, 73. min).
 
Epailea: Haro. Manzano eta Iguaran marrazainek lagunduta. Anaitasunatik Moyari erakutsi zion txartel horia. Santutxutik, Lozanori eta Landerri.
 

Bestelako informazioa: 550 lagun inguru Txerloiako zelaian. Giro ona, bereziki bigarren zatian.